Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Lana eta familia bateragarriak egiteko laguntzei buruzko ohiko galderak.

 

Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ohiko galderak

1. Noiz aurkeztu behar dut eskaera?

2. Aita edo ama diren adin txikikoek familia eta lana bateragarriak egitera bideratutako laguntza ekonomikoak eska al ditzakete?

3. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak PFEZan deklaratu behar dira edo salbuetsita daude?

4. Nola lor daiteke Gizarte Segurantzari buruz eskatutako informazioa?

5. Zenbat denboraz jaso dezaket bateragarritasunagatiko diru-laguntza?

6. Nire ezkontidea edo haurraren aita edo ama eszedentzian badago, nik ere balia al ditzaket eszedentziagatiko edo murrizketagatiko diru-laguntzak?

7. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak arautzen dituen Dekretuan aipatzen diren muga-adinetan seme edo alaba bat baino gehiago izateagatik diru-laguntza handiagoa eskuratzeko eskubidea al daukat?

8. Erditze multiplean seme edo alaba bat baino gehiago izateagatik diru-laguntza handiagoa eskuratzeko eskubidea al daukat?

9. Bi kontratu partzial edo gehiago dauzkat. Nola aurkeztu behar dut dokumentazioa?

10. Hiruhileko berean murrizketaren ehunekoa aldatu dut. Murrizketa mota bakoitzeko eskaera bat egin behar al dut?

11. Zer gertatzen da lanaldi partzialean lanean izanik diru-laguntza eskatzen bada?

 

Mendetasun-egoeran edo egoera oso larrian dagoen familiartekoen zainketari buruzko galdera espezifikoak

1. Nola egiazta daiteke mendetasuna?

2. Nola egiazta daiteke osasun-egoera oso larria?

3. Zer datatik aurrera eskuratzen da laguntza jasotzeko eskubidea?

4. Mendetasun-egoeran edo egoera oso larrian dagoen pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta bertan erroldatuta egon behar al du?

5. Mendetasun arina duen familiarteko bat zaintzeko eska al dezaket eszedentzia?

 

FAMILIA ETA LANA BATERAGARRI EGITEKO LAGUNTZEI BURUZKO OHIKO GALDERAK

1. Noiz aurkeztu behar dut eskaera?

Diruz laguntzeko moduko jardunean nahitaezko segidako 59 eguneko aldia burututakoan hasiko da zenbatzen laguntzaren lehenengo eskaera aurkezteko epea.

Hurrengo eskabideak –laguntzaren jarraipenera¬ko eskaerak– aurkezteko, emandako aurreko diru-laguntzaren eskaera egin zenetik gutxienez lau hilabe¬te igaro beharko dira. Gutxieneko aldi hori ez da be¬te beharko diruz laguntzeko moduko jarduna amaitu den kasuetan.

Diruz laguntzeko moduko jardunean emandako egun bakoitzari dagokion laguntza eskatzeko, beti egun hori baliatu denetik urtebete igaro baino lehen egin beharko da eskaera.

2.  Aita edo ama diren adin txikikoek familia eta lana bateragarriak egitera bideratutako laguntza ekonomikoak eska al ditzakete?

BAI. Herri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeko 3. artikuluaren b) idatz-zataiari jarraikiz, «adingabekoak ere herri-administrazioekin jarduteko gai izango dira, guraso-agintea, tutoretza edo kuradoretza duenak esku hartzea beharrezkoa ez denean, administrazioaren ordenamendu juridikoaren arabera, beren eskubideez baliatu eta interesen alde egiteko. Adingabeko ezinduak arau horretatik kanpo geratzen dira, beren eskubideez baliatu edo interesen alde egiteko eragozpen bada beren ezintasuna».

Aurrekoa ikusita, eta kontuan hartura Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuak (Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko Dekretua aldatzen duen martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak xedatutako testuarekin) bere arauetan ez diela inolako mugarik ezartzen onuradunei, eskaerak aurkeztearen inguruan, beraz, adingabekoak gure arauek gai horri dagokionez mugarik zehazten ez dutenez, diru-laguntzen onuradunak izateko baldintza guztiak betetzen dituzten adingabeek gaitasun osoa dute laguntza horiek eskatzeko.

3. Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzak PFEZan deklaratu behar dira edo salbuetsita daude?

Hiru Lurralde Historikoetan (Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian) orain arte onartutako Foru Arauetan seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak nahiz familia eta lana bateragarri egitetiko diru-laguntzak berariaz zerga horretatik salbuetsitako errenta gisa azaltzen dira eta, beraz, ez dira PFEZaren errentaren aitorpenean sartu behar.

Nolanahi ere, arau horiek urte batetik bestera alda daitezkeenez, diru-laguntza jasotzen den ekitaldiari dagokion Foru Arauan ezarritakoari jarraituko zaio; izan ere, Foru Aldundien eskumena baita salbuespen hori ezartzea.

4.  Nola lor daiteke Gizarte Segurantzari buruz eskatutako informazioa?

Gizarte Segurantzari buruzko beharrezko informazioa gehienetan enpresaren bitartez lor daiteke edota gai horien kargu egiten diren gestorien bidez. Enpresak eta gestoriak dira Gizarte Segurantzaren egoeran gertatzen diren aldaketak jakinarazi eta egiaztatzen dituztenak eta, beraz, horiek dira interesdunei dokumentazio hori emateko gai direnak. Nolanahi ere, interesdun bakoitzak, Gizarte Segurantzako datuen titular gisa, datu horiei buruzko informazioa eta egiaztapena eska dezake nahi duenean.

5. Zenbat denboraz jaso dezaket bateragarritasunagatiko diru-laguntza?

Diruz lagundutako eszedentzia edo lanaldi-murrizketa baliatzeko aldi baterako gehienezko epe batzuk ezarri dira, bai bikote bakoitzeko, bai eskatzaile bakoitzeko, baita familia-bizitza oso¬rako ere, eta etapa bakoitzeko; horri dagokionez, seme edo alaba bat jaiotzeak esan nahi du etapa bat amaitu egiten dela eta beste berri bat hasi. Aipatutako mugak honako hauek dira:

a) Lan- eszedentziarako (seme edo alabak 3 urte bete arte):

  • Egutegiko 900 gozamen-egun etapa bakoitzeko bikotearentzat, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 548 eguneko epea gainditu.
  • Egutegiko 2.190 gozamen-egun familia-bizitza osorako bikote bakoitzeko, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 1.460 eguneko epea gainditu.

b) Lanaldiaren murrizketarako (seme edo alabak 12 urte bete arte):

  • Egutegiko 2.556 gozamen-egun etapa bakoitzeko bikotearentzat, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 1.278 eguneko epea gainditu.
  • Egutegiko 7.668 gozamen-egun familia-bizitza osorako bikote bakoitzeko, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 3.834 eguneko epea gainditu.

c) Eszedentziak eta lanaldi-murrizketak, biak hartzen badira: baliatutako epeak zenbatzeko eta gehienezko mugak kontrolatzeko, eszedentzia-egun bat lanaldi-murrizketako bi egunen parekoa izango da.

SALBUESPENAK:

a) Erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anitzaren kasuetan: etapa bakoitzean, bikotearentzat zein familia-bizitza osoarentzat diruz lagundu daitezkeen gehienezko mugak 320 egunetan zabaldu ahal izango dira, adingabeko bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

  • Zabaldutako aldia bakarra de bikotearentzat, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 160 eguneko epea gainditu.
  • Nolanahi ere, seme edo alaba berri batek itxi egingo du erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anizkoitzarekin irekitako etapa, bai eta horri dagokion gehienezko muga diruz lagungarriaren luza¬pena ere; aldi berean, etapa berri bat irekiko da.

b) Ebazpen judizialaren edo bereizketaren, dibortzioaren edo deuseztasunaren ondoriozko hitzarmenaren ondoko partekatutako zaintzaren kasuetan: zaintza duen pertsona bakoitzak diruz lagundutako 548 egun naturalez gozatzeko eskubidea izango du eszedentzian, eta 1.278 egun natural lanaldi-murrizketan, bikoteari dagozkion aldi baterako gozamen-mugak aplikatu gabe.

c) Guraso bakarreko familien kasuan (familia gurasobakartzat jotzen da eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu duen aitak edo amak eta horrekin bizi diren seme-alabek osatzen dutena, horiek ekonomikoki pertsona bakar horren mende daudenean): dekretu honetako 4.1 artikuluan ezarritako semearen edo alabaren adin-mugaren barnean baliatzen den lan-eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren aldi osoa diruz laguntzeko modukoa izango da.

  • Eszedentziarako, mugarik gabe semeak edo alabak 3 urte bete arte.
  • Lanaldi-murrizketarako, mugarik gabe semeak edo alabak 12 urte bete arte.

OHARRA: Ez dira inola ere familia gurasobakartzat joko ebazpen judizialaren edo bereizketaren, dibortzioaren edo deuseztasunaren ondoriozko hitzarmenaren ondoko partekatutako zaintza ezarrita dutenak, eta aurreko paragrafoan xedatutakoa aplikatzen dutenak.

d) Semeak edo alabak % 33ko edo gehiagoko desgaitasuna duen kasuan: itortuta, dekretu honetako 4.1 artikuluan ezarritako semearen edo alabaren adin-mugaren barnean baliatzen den eszedentziaren edo lanaldi-murrizketaren aldi osoa diruz laguntzeko modukoa izango da.

  • Eszedentziarako, mugarik gabe semeak edo alabak 3 urte bete arte.
  • Lanaldi-murrizketarako, mugarik gabe semeak edo alabak 18 urte bete arte.

6. Nire ezkontidea edo haurraren aita edo ama eszedentzian badago, nik ere balia al ditzaket eszedentziagatiko edo murrizketagatiko diru-laguntzak?

Bai aitek bai amek elkarren segidan baliatu ahal izango dituzte eszedentziak eta lanaldi-murrizketak, betiere bakoitzak gutxienez egutegiko segidako 59 eguneko aldiak hartzen baliatzen baditu.

Aitak eta amak laguntzak aldi berean baliatu ahal izateko kasu bakarra dago: lanaldi-murrizketa.

7. Dekretuan aipatzen diren muga-adinetan seme edo alaba bat baino gehiago izateagatik diru-laguntza handiagoa eskuratzeko eskubidea al daukat?

EZ. Familia-unitateko seme edo alaba gazteenaren jaioteguna soilik hartuko da kontuan eskatutako diru-laguntza ematerakoan eta data horretatik aurrera beste aldi bati emango zaio hasiera.

8. Erditze multiplean seme edo alaba bat baino gehiago izateagatik diru-laguntza handiagoa eskuratzeko eskubidea al daukat?

Erditze, adopzio, harrera edo tutoretza bakoitzean seme edo alaba bat baino gehiago izateagatik EZ da diru-laguntzaren zenbatekoa gehietzen.

Alabaina, erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anitzaren kasuek diruz lagundutako eszedentzia edo lanaldi-murrizketa baliatzeko aldi baterako gehienezko epeak luza ditzakete. Zehazki, aipatutako kasuetan, etapa bakoitzean, bikotearentzat zein familia-bizitza osoarentzat diruz lagundu daitezkeen gehienezko mugak 320 egunetan zabaldu ahal izango dira, adingabeko bakoitzeko, bigarrenetik aurrera.

Zabaldutako aldia bakarra de bikotearentzat, eta ez aitak ez amak ezin izango dute egutegiko 160 eguneko epea gainditu.

Nolanahi ere, seme edo alaba berri batek itxi egingo du erditze, adopzio, harrera edo tutoretza anizkoitzarekin irekitako etapa, bai eta horri dagokion gehienezko muga diruz lagungarriaren luza¬pena ere; aldi berean, etapa berri bat irekiko da.

9. Bi kontratu partzial edo gehiago dauzkat. Nola aurkeztu behar dut dokumentazioa?

Aurkeztu beharko dira kontratu partzial bakoitzagatik (behar den moduan eta ezarritako epean) bai hasierako laguntza-eskaerak bai hurrengo eskabideak –laguntzaren jarraipenerako eskaerak.

Nolanahi ere, inolaz ere ez da diruz lagunduko lanaldi oso baten gaindikina, baldin eta langileak lan-kontratu bat baino gehiago izanik, guztiak batuta dagokion sektore-eremuko lanaldi osoa gainditzen badu.

10. Hiruhileko berean murrizketaren ehunekoa aldatu dut. Murrizketa mota bakoitzeko eskaera bat egin behar al dut?

EZ. Nolanahi ere, egoera horiei buruzko informazioa (hain zuzen ere, aldaketei buruzko informazioa) behar bezala egiaztatu beharko da honako agiri hauetan: enpresa-ziurtagirian eta Gizarte Segurantzako dokumentazioaren bidez, hain zuzen ere, lanaldi-murrizketa dela eta Gizarte Segurantzan datuak aldatu izanaren agirian bidez («IDC» izeneko agiria).

11. Zer gertatzen da lanaldi partzialean lanean izanik diru-laguntza eskatzen bada?

Kontratu partzialaren kasuan, kontratu horien ehunekoak egoera bakoitzerako ezarritako zenbatekoei aplikatuko zaizkie. Horiek horrela, eszedentzia edo lanaldi-murrizketa eskatu duenak iraupen laburragoko lanaldiko kontratua badu, edo diruz laguntzeko moduko jarduna egutegiko 365 egu¬nekoak ez diren bestelako aldietan gauzatzen badu, laguntzen zenbatekoa proportzioan kalkulatuko da.

 

MENDETASUN-EGOERAN EDO EGOERA OSO LARRIAN DAGOEN FAMILIARTEKOEN ZAINKETARI BURUZKO GALDERA ESPEZIFIKOAK.

1. Nola egiazta daiteke mendetasuna?

Foru Aldundiek emandako mendetasun-ziurtagiriaren bidez, beti ere, mendetasun-egoeran dagoen senitartekoa Euskal Autonomia Erkidegoan bizi bada. Mendetasun-ziurtagiria Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean oinarrituta ematen da.

2. Nola egiazta daiteke osasun-egoera oso larria?

Mediku-txostenaren bidez. Txostenak adierazi behar du senitartekoa –betiere senitarteko hori zaintzeko hartu bada eszedentzia edo murriztu bada lanaldia– osasun-egoera oso larrian egon dagoela, hau da, autonomia fisiko, psikiko edo intelektuala galdu duelako, eguneroko bizitzako oinarrizko ekintzak (eta, bereziki, zainketa pertsonalari dagozkionak) egiteko laguntza handia behar duela.

3. Zer datatik aurrera eskuratzen da laguntza jasotzeko eskubidea?

Eszedentziako edo lanaldi-murrizketako egoeran eskatzen den 59 egun segidako gutxieneko epea kontatzen hasiko da mendetasuna balioesteko eskaera dagokion Foru Aldundian egiten den unetik aurrera, betiere eskaera hori Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko ekainaren 29ko 177/2010 Dekretuan (Familia eta lana bateragarri egiteko laguntzei buruzko Dekretua aldatzen duen martxoaren 17ko 31/2015 Dekretuak xedatutako testuarekin) ezarritako baldintzei jarraiki behar den mailan onartzen bada. Une horretatik aurrera eta beti ere gutxienez egutegiko 59 eguneko segidako aldia baliatu izan badu eszedentzialdia edo lanaldi-murrizketa, aurkez daiteke diru-laguntzarako eskaera. Nolanahi ere, laguntzarako espediente horiek ez dira ebatziko mendetasun-balioespenaren ziurtagiria aurkeztu arte.

4. Mendetasun-egoeran edo egoera oso larrian dagoen pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoan bizi eta bertan erroldatuta egon behar al du?

EZ, baina laguntza eskatzen duenak, aldiz, bai. Mendetasun-egoeran edo egoera oso larrian dagoen pertsona bat zaintzeko eszedentziaz edo lanaldi-murrizketaz baliatzen den pertsona da Euskal Autonomia Erkidegoan bizi dela eta bertan erroldatuta dagoela ziurtatu behar du, modu honetan:

Eskaera aurkezteko garaian eta diruz laguntzeko moduko jardunak irauten duen bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizitzea eta erroldatuta egotea.

Horretaz gain, eskaera aurkeztu aurreko urtean etenik gabe bizi behar izango du, edo gutxieneko epe hori betetzen ez bada, aurreko hamar urteetatik segidako bost urtetan.

5. Mendetasun arina duen familiarteko bat zaintzeko eska al dezaket eszedentzia?

EZ, egoera horretan lanaldi-murrizketa eska daiteke baina ezin da eszedentziarik eskatu. Zehazki, ondoko egoera hauetako edozeinetan dauden langileei emango zaie diru-laguntza:

  • Mendetasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia, mendetasun ertaina (II. mailakoa) edo handia (III. mailakoa) aitortuta badute, edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko eszedentzia.
  • Mendetasun-egoeran dauden senitartekoak zaintzeko, aitortuta duten mendetasun-maila edozein delarik ere, edo osasun-egoera oso larrian dauden senitartekoak zaintzeko lanaldia murriztea, gutxienez, heren bat.