Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Izakinen kalkulua

Kontaktua: forestal.seas@nasdap.net

 

Landa-lurzati bakoitza geruza bati esleitzen zaio, baso-maparen informazioari jarraiki. Geruzak baso-espeziearen, zuhaiztiaren dentsitatearen eta masa-egoeraren edo adin-mailaren arabera xedatzen dira. Geruzak mugatzean, hura osatzen duten teseletan homogeneotasuna lortu nahi da inbentarioan aintzat hartu beharreko aldagai nagusiari dagokionez: egur-bolumena. Geruzak gutxieneko azalera dutela finkatzen dira, landa-lurzatiek behar adinako presentzia izatea bermatzeko eta horrela laginketa-akatsak handiegiak izatea ekiditeko; gutxieneko azalera hori lortu nahian, zenbaitetan geruza batean espezie ezberdinetako teselak biltzen dira.

Araban 18 geruza xedatu dira, Bizkaian 12 eta Gipuzkoan 14.

Lurzati bakoitzaren dentsitatea –hektareako oin-kopuruan– lagindutako oin bakoitzari dagokion dentsitatea batuz lortzen da. Lurzati bakoitzaren azalera basimetrikoa hektareako (m2/biz), berriz, lagindutako zuhaitz bakoitzari dagokion ebakidura arrunta batuz lortzen da, kontuan izanez zuhaitz bakoitzak, haren diametroaren arabera, hektareako oin-kopuru jakin bat ordezkatzen duela.

Landa-lurzati ezberdinetan lagindutako zuhaitz bakoitzari kubikazio-ekuazioak aplikatzen zaizkio zuhaitz bakoitzaren eta, hedaduraz, lurzati bakoitzaren bolumena eta urteko hazkundea lortzeko (m3/biz-tan), zuhaitz bakoitzaren bolumena aurrez aipatu dentsitate-faktoreaz biderkatuz.

Datuak Lurralde Historikoaren mailara aldatzeko, geruza bereko lurzati guztiak hartu eta horiekin parametro guztien batez besteko balioak hektareako kalkulatzen dira; balio horiek parametro dasometrikoak moldatzen dituzte. Batez besteko balio horiek geruzaren azaleraz biderkatuta, geruzaren balio absolutuak lortzen dira. Geruza guztien balio absolutuak gehituta, oin-kopuruen, bolumenen eta hazkundeen datuak, Lurralde Historikoan espezieen arabera banakatuak, lortzen ditugu; izakinen atalean ageri diren taulak dira.

 

Azken eguneratzea: 2007/04/20