Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rousseau, Jean-Jacques

Suitzar filosofoa eta idazlea, frantsesez idazten zuena (Geneva, 1712 - Ermenonville, Frantzia, 1778). Frantses jatorriko familia protestante batean sortu zen. Ama galdu zuen bera jaio eta berehala eta, aitaren izaera fantasiatsuaren eraginez, eleberriak eta Plutarco-ren obrak irakurri zituen gaztetan. Turin aldera joan zen 1728an ikastera eta katoliko bihurtu zen. 1733-1740 bitartean Warens-ko andrearen babespean bizi izan zen Frantziako Chambery-n eta, musikako ikasketak egiteaz batera, idazten hasi zen. Parisa joan zen 1742an, ospe eta diru bila, baina ez zuen arrakastarik izan, musika alorrean saiatu zen arren. 1743an Veneziara joan zen Frantziako enbaxadorearen idazkari, eta hiri hartan urtebete eman ondoren itzuli zen Parisa. 1745aren hasieran Thérèse Levasseur bizi zen ostatuko zerbitzari batekin lotu zen; bost seme-alaba izan zituen harekin, eta Thérèse Levasseur-i bizitza guztian mantenua eman zion arren, umezurtzen erruki etxera bidali zituen bost haurrak, garai hartan askok egiten zuten bezala. Badirudi jokabide hartaz damututa bizi izan zela Rousseau aurrerantzean. Urte haietan ezagutu zuen Denis Diderot, eta lan batzuk egin zituen haren Encyclopédie obrarentzat. Diderot-ek eragin handia izan zuen beragan eta hark bultzatuta aurkeztu zuen bere lehen obra, Discours sur les sciences et les arts (1750, Zientzia eta arteari buruzko gogoeta), Dijon-go Akademiaren lehiaketa batera, eta lehen saria jaso zuen, bere garaiko kultura moldeei eginiko kritika guztiengatik ere. Bestalde, musika idazten jarraitu zuen eta arrakasta handia lortu zuen 1752an Le Devin du village (Herriko aztia) operaz. Rousseau-k italiar musikaren nagusitasuna aldarrikatu zuen beti, Rameau eta beste zenbait frantses musikarien aurrean. 1754. urtean hasi zen entziklopedistengandik aldentzen eta 1755ean Discours sur l’origine et les fondements de l’inégalité parmi les hommes (Gizakien arteko desberdintasunaren jatorriari buruzko gogoeta) liburua idatzi zuen; Rousseau-k giza izaerari hondatzailetzat eta gizakien arteko desberdintasunen sorburutzat jo zituen historia eta zibilizazioa liburu hartan, eta kritika biziak eragin zituen horrenbestez entziklopedisten artean, aurreramenduaren eta arrazoiaren etsaitzat hartu baitzuten Rousseau. Parisen onik ez zuela Montmorency aldera joan zen eta han egon zen 1762 arte. 1761ean Julie ou La Nouvelle Héloïse (Julie edo Heloïse berria) eleberria idatzi zuen, izadiaren araberako bizimoduaren alde, eta 1762an argitaratu zituen bere bi obra nagusiak, L’émile (Emilio) eleberri pedagogikoa eta Du Contrat social (Gizarte hitzarmena) politika saiakera. Elkarren osagarri aurkeztu zituen Rousseau-k bi obra horiek. L´émile obran, kulturak gizakiaren berezko ontasuna hondatu duela azpimarratu zuen ondoren, erlijio eta heziketa molde naturaletara jo behar dela. Entziklopedistek atzerakoitzat salatu zuten bere ikuspegi idiliko horiengatik. Hala ere, aurreramendua ezinbestekoa dela ohartuta, gizartea berritu beharra aldarrikatu zuen Du Contrat social liburuan, eta gobernua hiritarren borondatearen araberako hitzarmen batez eratu behar dela aldarrikatu zuen, monarkia hitzarmen horretatik kanpo ezarri zuela. Frantziako gobernuak berehala kondenatu zituen bi liburu haiek eta Suitzara jo behar izan zuen ihesi. 1766an Britainia Handira joan zen, David Hume filosofo ingelesak deituta, eta hurrengo urtean itzuli zen Frantziara, beste izen batekin. Bi autobiografia lan idatzi zituen azken urteetan; Confessions (Aitorkizunak, 1782an argitaratua) eta Les Rêveries du promeneur solitaire (Ibiltari bakarti baten ametsak, 1782an argitaratua). Jean-Jacques Rousseau-ren ideia politikoek eragin handia izan zuten Frantziako iraultzan, iraultzako buruzagiak, hein handi batean haren obretan inspiratu baitziren; orobat, erromantizismoak hari zor dizkio oinarrizko ideia asko. Euskal Herriari dagokionez, zuzeneko harremanak izan zituen Azkoitiko Zalduntxoekin, adiskide min izan zuen Ignacio Manuel Altuna-rekin batez ere.