Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Rous, Francis Peyton

Estatubatuar medikuntza ikertzailea (Baltimore, 1870 - 1970). Johns Hopkins Unibertsitatean eskuratu zuen sendagile titulua, 1905ean; 1909an Ikerketa Medikuetako Rockefeller Institutuan (gaur egun Rockefeller Unibertsitatea) sartu zen, eta 60 urtetik gora egin zituen bertako ikertzaile gisa. 1915-1916 urteetan, Lehen Mundu Gerraren garaian, odol transfusioak egin ahal izateko odola gordetzeko metodo bat asmatu zuen, eta teknika hari esker antolatu ahal izan ziren odol bankuak. Dena dela, minbizi mota batzuen ikerketan nabarmendu zen Rous bereziki; horrela, 1910ean oilasko batean tumor minbizidunak hazi zituen eta birus moduko likido bat atera zuen haren gorputzetik, minbizia eragiten zuena beste oilasko batzuen gorputzean txertatuz gero. Zientzialariek ez zuten Rousen teoria ontzat eman, ez baitzuten uste minbizia eragin zeezakeenik tumor batek, ez delako eritasun kutsakorra. Dena dela, 1966an Medikuntzako Nobel saria eman zioten bere ikerketengatik.