Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Roussel, Raymond

Frantses idazlea (Paris, 1877 - Palermo, 1933). Familia burges aberats batean sortu zen eta goi mailako musika ikasketak egin zituen. Hamazazpi urte zituela ekin zion obra handi bati, La Doublure (Ordezko antzezlea), Nizako inauterien oroitzapena hamabi silabako bertsoetan; biziki hunkitu zuen obra hartan eginiko ahalegin handiek irakurleengan oihartzunik ez izanak. Hamabiko bertsotan jarraitu zuen ondoren, eta Impressions d’Afrique (1910, Afrikako inpresioak), errege beltz baten gatibu hartutako itsasoan galdutako europar bidaiari batzuen bitartez, Afrikako munduaren alegiazko deskripzio bitxia eskaintzen zuen obrari ekin zion gero. Iseka gaitzean hartu zioten liburua, baina gai bitxiak lantzen jarraitu zuen hurrengo lanetan: Locus solus (1914, antzerki obra bihurtua 1922an), beirazko kaioletan itxitako hilotzak heriotzako unea kontatzen, L’Étoile au front (1924, Izarra aurrean) eta La poussière de soleils (1926, Eguzkien hautsa) antzerki lanak, eta Nouvelles Impressions d’Afrique (1910, Afrikako inpresio berriak) poema bilduma. Bere idazkerari buruzko oharrak bildu zituen 1935ean, Comment j’ai écrit certains des mes livres (Nola idatzi ditudan nire liburuetako batzuk) bilduman. Raymond Roussel Palermo-ko jauregi batean hil zen barbiturikoz pozoituta. Surrealismoaren aitzindaritzat jo dute idazle eta aditu askok, irudimenaren automatismoari eman zion garrantziarengatik.