Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pavlov, Valentin

Errusiar politikaria eta ekonomista (Mosku, 1937 - Mosku, 2003). Moskuko Ekonomia Institutuan egin zituen ikasketak. Ekonomiari buruzko lan zientifikoak idatzi zituen, eta 1986an Sobiet Errepublika Sozialisten Batasuneko (SESB) Finantzetako ministrorde izan zen. 1989an Finantza ministerioaren ardura bere gain hartu zuen, Nicolai Rizhkoven gobernupean. Oposizioak herrialdean zegoen finantza kaos handiaren erantzule zuzena izatea leporatu zion. 1991ko urtarrilean SESBko sobiet gorenak Lehen Ministro hautatu zuen, Mikhail Gorbatxovek hala proposatuta. Pavlov erabat lehendakariaren mendean zegoen gobernu bateko buru izan zen, eta ahalmen handiak eman zizkion Gorbatxovi. Handik gutxira Legebiltzarrak ontzat hartu zuen krisiari aurre egiteko prestatu zuen plangintza: zerga gastuak gutxitzea, jabegoaren pribatizazio prozesua laguntzea, industria txiki eta denden sorrera sustatzea. Halaber, atzerritar enpresen inbertsioen alde egin zuen. Lehendakariari esan gabe, baina Defentsa ministroaren, Barne ministroaren eta KGBko lehendakariaren babesa zuela, bere ahalak handitzeko eskaria egin zion Legebiltzarrari. Larrialdi Egoerarako Estatu Batzordean parte hartu zuen, 1991ko abuztuan, Gorbatxoven aurkako estatu kolpean. Kolpeak huts egin zuen, eta Gorbatxovek kargutik kendu zuen bera. Saldukeriaz akusatu zuten eta kartzelan sartu. 1994ko otsailean atera zen kartzelatik, 1991ko kolpeagatik edota 1993ko matxinadengatik kartzelan zeuden guztiak bezala, Duma-k (Legebiltzarreko Behe Ganberak) emandako amnistiari esker.