Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pavese, Cesare

Italiar idazlea (San Stefano Belbo, Piemonte, 1908 - Turin, 1950). Itzulpengintzan egin zen, batez ere, ezagun. Estatu Batuetako (Melville, Faulkner, Steinbeck) eta Ingalaterrako (Dickens, De Foe) idazleen obrak italierara itzuli zituen. Turingo argitaletxe ospetsu bateko zuzendaria izan zen 1936tik aurrera. 1930. urtean poesia lantzen hasi zen, eta 1936an Laborare stanca (Lanak nekatzen du), lehen poema bilduma argitaratu zuen. Handik aurrera kontakizuna eta eleberria landu zituen: Paesi tuoi (1941, Zure herria), La spiaggia (1942, Hondartza), Il carcere (Kartzela, 1938an idatzia eta 1949an argitaratua): faxismoaren ondorioz erbestean eman zuen denborako gorabeherak islatzen ditu azken obra horretan. La bella estate (Uda ederra) eleberria idatzi zuen 1939an, baina handik hamar urtera argitaratu zen Tra donne sole (Emakumeak bakarrik) eta Il diavolo sulle colline (Deabrua muinoetan) obrekin batera. La luna e i falo (Ilargia eta suak) obra argitaratu zuen, orobat, 1949an. Verrà la morte e avrà i tuoi occhi (Heriotza etorriko da eta zure begiak izango ditu) izan zen Paveseren azken poema bilduma, hil ondoren argitaratu zena (1951). Kontakizunez gainera, beste lan batzuk idatzi zituen, bere garaiko idazleen arazoak eta, bereziki, bakardadea gaitzat harturik: Feria d´agosto (1946, Abuztuko feria), Dialoghi con Leucò (1947, Leucorekin elkarrizketak) eta bere egunkaria, Il mestiere di vivere (Bizitzeko lanbidea) . Bere buruaz beste egin zuen.