Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Pavlov, Ivan Petrovitx

Errusiar fisiologoa eta medikua (Riazan, 1849 - Mosku, 1936). Fisiologiako katedraren ardura izan zuen San Petersburgoko unibertsitatean eta fisiologia ikerketak egin zituen hango Medikuntza Institutuan (1891-1936). Erreflexu ikasiaren edo erantzunaren gaia aztertu zuelako da ezaguna batez ere. Hain zuzen ere, zakur gosetu batekin egin zituen saioek eman zioten ospea. Animaliak janaria ikusi eta txirrina entzuten zuen, eta horren ondorioz, listua jariatzen zuen. Ariketa bera askotan errepikatu ondoren, zakurrak txirrina entzutean listua isurtzen zuen, baita janaririk ez zuenean ere. Hortik abiatuta giza jokaeraren eta nerbio sistemaren arteko harremanak aztertu zituen. Fisiologiazko lehenengo azterketak 1888tik 1890era arte egin zituen; odol presioa eta bihotzaren fisiologia aztertu zituen batez ere. 1898tik 1930era arte digestio sistema (listu guruinaren jarioa) aztertu zuen, eta baldintzapeko erantzunaren eta bizkar hezurraren erantzunaren arteko harremanak finkatu zituen.  v  1904an Medikuntza Nobel saria eman zioten, digestio guruinei buruz egin zituen azterketengatik.