Pavia
Italiako iparraldeko hiria (Lonbardia), izen bereko herrialdeko (2.965 km2 eta 496.753 biztanle, 1990) hiriburua, Milanen hegoaldean, Ticino ibaiaren ertzean. 84.644 biztanle. Apezpiku egoitza. Unibertsitatea (1361n egina). Aipagarriak dira , besteak beste, katedrala (XV. mendea), San Pietro in Ciel d´Oro eta San Michele elizak eta Visconti familiaren gaztelua (XIV. mendea). Merkataritza eta industria (ehungintza, mekanika industria) dira ekonomia jarduera nagusiak. v Historia. Galiarren Ticinum hiria izan zen, eta indar handia izan zuen Erromatar Inperioaren garaian. 476an Odoakrok suntsitu zuen baina lonbardiarrek berriro eraiki eta beren hiriburu egin zuten (572). Lonbardiarren eta frankoen hiriburu izan ondoren XII. mendean burujabetasuna lortu zuen. 1359an Milango Visconti familiak hartu zuen; 1515ean espainiarren mende eta 1706an austriarren mende geratu zen. Frantziaren esku egon ondoren Austriakoen agindupean egon zen berriro (1814-1859 bitartean), 1860an Italiako erresumaren lurralde bihurtu zen arte. v Paviako gudua (1525). Espainiaren eta Frantziaren arteko lehen gerrari (1521-1524) amaiera eman zion gudua. 1524ko urrian, Milan mende hartu nahi zuela, Frantzisko I.a Frantziako erregeak Alpeak igaro zituen, 50.000 gizonek osaturiko armada ahaltsuaren buru. Antonio de Leiva 7.500 soldadu espainiarrekin Pavian babestu zen frantses erregearen ibilbidea oztopatu nahirik eta negu osoan iraun zuen bertan. Modu horretara, Karlos V.aren gudarosteak erasoa antolatzeko denbora izan zuen Pescarako markesaren, Fernando Austriakoaren, Borboiko dukearen, eta Lannoy Napoliko erregeordearen agintaritzapean. 1525ko otsailaren 23an espainiarrek erasoa egin eta ondorengo egunean Juan de Urbietak Frantziako erregea preso hartu zuen. Gudu honetan, su armen (arkabuzen) nagusitasuna agerian geratu zen lehen aldiz altzairuzko arma luzeen aurrean; horren ondorioz, gerra taktikak erabat aldatu ziren. Enperadoreak bakearen baldintzak zuzenean eztabaidatu zituen atxilotuarekin eta 1526an Madrilgo Ituna izenpetu zuten biek. Itun horren arabera Frantziak Burgundiako dukerria eta Borboikoen lurralde frantsesak itzuli zituen eta Italiaren gaineko asmoa alde batera utzi behar izan zuen. Luzera, garaipen hau kaltegarri gertatu zitzaion enperadoreari zeren eta, Habsburgok hartutako indar handiaren beldur, frantses erregea, Klemente VII.a Aita Santua, Ingalaterrako erregea eta Italiako printzeak elkartu baitziren.