Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jong, Erica

Estatubatuar idazle eta poeta (New York, 1942). Emakumeen sexualitateari buruz idatzi dituen liburuengatik da, batez ere, ezaguna. Columbiako Unibertsitatean ikasi zuen, eta bertako irakaslea izan zen gerora. Bere idazlanei XVIII. mendeko eleberri eta satira ingelesen eragina eta frantziar eta espainiar surrealismoarena sumatzen zaie. 1971n argitaratu zuen lehen liburua: Frutak eta barazkiak (poesia). Bere lanik ospetsuena Hegan egiteari beldurra (1973) eleberria da, argitaratu zenean sekulako iskanbila sortu zuen liburu horrek, eta hainbat herrialdetan argitaratzeko debekua ezarri zuten, lizuna eta pornografikoa zela esanda. Bere beste lan batzuk dira: Isadora hegan egiten hasi da (1977), Bizitza nola salbatu (1977), Fanny (1978), Beldurra berrogeita hamar urteei (1995).