Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

joniar

iz. eta izlag. Joniakoa, Joniari dagokiona; Joniako biztanlea. Dirudienez, joniarrek Asia Txikiko mendebaleko itsasaldera emigratu behar izan zuten Atikatik eta Greziako erdialdeko beste lurraldeetatik, doriarren erasoengatik (K.a. XI. mendea). K.a. 700. urtetik aurrera joniarrek hiri asko bereganatu zituzten; Mileto izan zen hiri horietako bat. K.a. VI. mendean joniarrak Greziako filosofia, historia, geografia… ikerketen aitzindari izan ziren.  v  Joniar ordena. Arkit. Doriarrarekin eta korintiarrarekin batera antzinako Greziako arkitekturan erabili ziren arkitekura ordena klasiko nagusietako bat. Joniar ordena Asia Txikian sortu zen. Kiribilak dituen kapitela da ordena honen ezaugarri nagusia. Doriar zutabean ez bezala, joniarrak badu harroina; fustea estuagoa eta luzeagoa du doriarrak baino, eta goitik beherako ildo meheak eta tarte zabalagoak ditu errenkadan, eta ez ildo soilak doriar fusteak bezala. Kapitelak hiru atal ditu: behekoan, ekino edo fustearen eta abakoaren arteko zerrenda, hosto eta gezi irudiak zizelkatuak dituena, baita beste zerrenda estuago bat ere; erdian alboak kiribilduak dituen zerrenda, eta kiribilaren erdigunea edo begia; eta goian abakoa edo zerrenda luze estua. Azkenik arkitrabea, frisoa eta erlaitza dira zutabearen gaineko egituraren hiru osagarriak. Arkitrabea hiru zerrendek osatzen dute; goikoa beti behekoa baino irtenagoa izaten da. Frisoa trigliforik gabea da, irudi zizelkatuak dituena edo gabea. Erlaitzaren hiru parteak hauek dira: hortzak zizelkatuak dituen zerrenda irten bat, astragaloa edo lotura egiten duen zerrenda, eta hostoak eta geziak zizelkatuak dituen beste zerrenda bat. Frontoia doriar ordenakoa bezalakoa da: hiruki forma du eta eskulturak ditu hiru ertzetan.