Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Jones, Quincy

Estatu Batuetako musikagilea (Chicago, 1933). Bostongo kontserbatorioan egin zituen musika ikasketak, eta Lionel Hamptonen orkestrako tronpeta-jotzailea izan zen (1950-1953). Jonesen musikak oinarria jazzean badu ere, musika mota ugari landu ditu, eta arrakasta handia izan du. Orkestrarako moldaketak egin izan ditu, eta, besteren artean, baita Frank Sinatra, Dinah Washington eta Peggy Lee kantarientzat ere. Izen eta eragin handiko musika ekoizlea ere bada, eta disko ugariren egilea. Aipagarriak dira: Body heat (1974), The dude (1980) eta Back on the block (1989). Hogeita bost Grammy sari jaso ditu. Aldi berean, film eta telebistarako musikak ere idatzi ditu.