Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Decamerone, Il

Boccaccio idazle italiarraren ipuin bilduma ospetsua (1350-1353). Bertan, Florentzia izurriak jota zegoelarik, handik ihes egindako zazpi emakumek eta hiru gizonezkok hamar egunetan kontaturiko ehun pasadizo ageri dira. Liburu hasieran errealismo handiz deskribatzen diren izurriaren ondorio izugarriak ahantzi nahirik, pertsonaiek mundu honetako atseginetarako egarria dute kontakizun gordinetan. Kontakizun horiek, bestalde, XIV. mendeko Florentziako gizarte moldeen satira zorrotza agertzen dute. Decamerone sartaldeko kontakizun estiloaren aitzindaritzat jo daiteke. Liburu horretan oinarritu ziren, besteak beste, Chaucer, Shakespeare, Margarita Nafarroakoa eta La Fontaine-ren zenbait obra.