Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Debussy, Achille Claude

Musikagile frantsesa (Saint-Germain-en-Laye, 1862 - Paris, 1918). Claude Debussy Frantziako eta Europako musikaren berritzailea izan zen; bere belaunaldiko teknika inpresionistak eta sinbolistak ezarri zituen musika sorkuntzan, eta adierazkera berri bat sortu zuen, sentimenduen adierazpen askatasuna aldarrikatzen zuena. Richard Wagner-en mireslea zen, eta hura izan zen Debussyren maisu nagusia; izan ere, Wagner-ek, bere «arte lan oro hartzailea»-ren kontzeptuarekin, musikagileen, poeta sinbolisten eta margolari inpresionisten nahiak betetzen zituen. Wagner-ez gainera, Alexandr Borodin eta Modest Musorgski errusiar musikagileak zituen gogoko. 11 urte zituela hasi zen musika ikasten Parisko Kontserbatorioan, eta berehala erakusi zituen bere dohainak, musikagile handiaren estiloa agertzen zutenak. 1884an Erromako lehen saria eman zioten, L’enfant prodige obragatik. 1887an Parisa itzuli zen eta musika estetika berri baten bila saiatu zen, «arimaren sentimenduen adierazpena» bideratu nahian. Hala, laster idatzi zituen hainbat lan bikain: La Demoiselle élue (1888, Andereńo hautatua), Dante Gabriel Rosettiren testuarekin; Prélude ŕ l’aprčs-midi d’un faune, Mallarmé-ren poeman oinarritua, askorentzat XX. mendeko musikaren hasiera dena (1894, Fauno baten siestaren preludioa), eta Pélleas et Mélisande opera, Maeterlinck-en libretoarekin, eta 1902an Parisko Opera Komikoan lehen aldiz eman zena. La Mer poema sinfonikoa (1905, Itsasoa), olatuen hotsa gogorarazten duten eskalekin, Douze préludes (1910-1913, Hamabi preludio), eta En blanc et noir bi pianoetarako obra (1915, Zuri-beltzean), dira heldutasuneko maisu lan batzuk. Ohiko analisi eta egitura legeen aurrean, haien arauak ordura arteko musika sorkuntza mugatu baitzuten, Debussyren lanak adierazpen mota berriak bideratu zuten.