Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

logo
nº 44.
servicios
Cuaderno de Bitacora
Baratze ekologikoa Peñascal Kooperatiban
Hasierako ideia irakasleek sortu bazuten ere, Bilboko Peñascal Kooperatibako eskola-baratzea eredutzat har dezakegu, ikastetxeko partaide guztiek nola jardun dezaketen elkarlanean ikusteko.

huerto

Ekimenaren bultzatzaileek etekina atera diote ikastetxeak lanerako prestakuntzaren eta gizarteratzearen arloan betetzen duen jarduerari, ikasgeletan lantzen diren sektore guztietako ikasleen ahaleginak batuz. Hala, behin baratze ekologikoa sortzeko proiektua zehaztuta, talde bakoitzak lan baten ardura hartu zuen: Zurgintzako ikasleek, adibidez, baratze-alorrak, landatze-mahaiak, konpost-ontziak, hesiak, intsektu-etxea eta lanabes-etxola egin zituzten; iturgintza-taldea, berriz, ureztatze-sistemaz arduratu zen; metal-mekanizazioko sektoreak metalezko piezak egin zituen; eta sukaldaritzako langileek baratze-alor batzuen diseinuan jardun zuten.

Baratzea egindakoan, lehen eta bigarren mailako ikasleek zaintzen eta kudeatzen dituzte, urteko sasoi guztietan. Ikasturtearen lehen zatian, bigarren mailako ikasleak arduratzen dira zeregin horretaz, gazteenak prestakuntza teorikoa hartzen ari diren bitartean. Ikasle nagusiak praktikak egitera joaten direnean, txandak aldatu eta lehen mailako ikasleek heltzen diote ekimenari. Ikasleek bete behar dituzten zereginetako batzuk honako hauek dira: lurra prestatzea, haztegiak egitea, baratze-alor berriak diseinatzea, lurra eta konposta nahastea, landareak eta loreak landatzea, uzta biltzea eta abar.

caseta

Zeregin horietan laguntza baliotsua eman diete Mugarik Gabeko Albaitariek eta Sagarrak elkarte ekologistako kideek. Horiek, gainera, eraikineko terrazan baso bat sortzera animatu zituzten ikasleak, eta ideia hori ez dago inondik ere baztertuta. Oraingoz, aipatutako baratzeaz gain, Peñascal Kooperatibak baratze bertikal batzuk ditu ikasgeletan, zurgintzako ikasleek eginak. Horietan jardun dezakete ikasleek eguraldi txarra dagoenean eta, horrela, urte osoan izango dute baratzezaintzan aritzeko aukera.

Helburuak

Hasiera batean, proiektuak helburu batzuk zituen eta, arduradunen hitzetan, guztiak bete dira: Gertuko natura-ingurunera hurbiltzea; ingurunea, biodibertsitatea, elikadura-burujabetza, elikadura, landare-espezieak eta horien ziklo biologikoak hobeto ezagutzea; eta kontzientzia ekologikoa hartzea. Horiek guztiak lortu dituzte ikasleek beren ezagutzaren eta bitartekoen bidez, eta naturarekin lotutako beste helburu batzuk lortzeko bidean jarri dira.

Ikasle eta irakasleentzat oso ekimen positiboa da. Horri esker, konpetentziak eta balioak eskuratzeko bide atsegina eta giro lasaia izan dutela diote. Haien esanean, talde-giroak autoestimua indartzeko eta erantzukizuna handitzeko balio du.