Departamento de Desarrollo Económico, Sostenibilidad y Medio Ambiente

logo
nº 44.
servicios

Gaia zabaltzen

Ekosistemek gure Natura Kapitala osatzen dute.

paisaje

Zer dira ekosistemen zerbitzuak?

Espezieen biodibertsitateak, hau da, animalia eta landare guztiek habitatarekin interakzioan ari direnean osatzen dituzte ekosistemak. Espezie horiek hainbat funtzio betetzen dituzte ekosistema bakoitzean, eta sorrarazten dituzten zerbitzu-fluxuak funtsezkoak dira gure osasunari, ongizateari eta oparotasunari eusteko.

Ekosistemen zerbitzuak gizakiek ekosistemetatik lortzen dituzten onurak dira, jakinda nahiz jakin gabe.

Zerbitzuok hiru taldetan sailka daitezke: i) hornidura edo ekoizpena (elikagaiak, ura, energia), ii) erregulazioa (klimaren kontrola, ura araztea, polinizazioa), eta iii) kulturalak (hezkuntza, estetika).

beneficios

Zerbitzu batzuk ezagunagoak eta baloratuagoak dira, esaterako hornidurak: elikagai-produkzioa esate baterako, bai ekosistema naturaletakoa bai landatutakoa. Beste zerbitzu batzuk, berriz, ikusezinak dira, hala nola airea garbitzea, kalitateko ura eskura jartzea edo paisaia iradokitzaileak eskaintzea. Horregatik azken zerbitzu horiek ez dira behar bezala kontuan hartzen, horien ekoizle diren ekosistemei balioa ematerakoan.

Hori dela eta, behar-beharrezkoa da ekosistemen zerbitzu horiek gizartearen garapenerako eta giza ongizaterako duten garrantzia azpimarratzea.

Erabakirik onenak jakintzan oinarrituta daude

Ekosistemen zerbitzuez hornitzeko eremurik garrantzitsuenak modu iraunkorrean kudeatu behar dira, zerbitzu horien oraingo eta geroko hornidura bermatzeko. Horretarako jakintza hobetu beharra dago, ikertzeko metodologia berriak garatuz eta ikerketa horien emaitzak sektore-politiketan aplikatuz (nekazaritzan, garraioan, industrian, landa-garapenean, hirietan).

bienestar

Lurralde batean dauden ekosistemen zerbitzuei buruzko informazio zehatza izatea funtsezkoa da, ekosistemen zerbitzuei dagokienez balio handiak dituzten eremuak aurkitzeko eta, horrela, lurraldearen gestioan eta beste politika batzuetan erabaki zuzenak hartzeko. Helburu hori du Euskadiko Milurtekoko Ekosistemen Ebaluazioak, hain zuzen: ekosistemen egoera eta ekosistemek hornitutako zerbitzuak ikertzea. Ikerlan hori aitzindaria da Ekosistemen Mundu Ebaluazioaren printzipioak eta metodologiak aplikatzeko, eta horretan parte hartzen du.

Zientzia ongizaterako

Gure ekosistemak eta horiek ematen dizkiguten zerbitzuak eta onurak hobeto ezagutzen eta baloratzen baditugu, ingurumen osasuntsuagoa lortuko dugu. Hori funtsezkoa da gure eta etorkizuneko belaunaldien ongizaterako.

Hori dela eta, Rio+20 Garapen Iraunkorrari buruzko Biltzarraren konklusioei jarraiki, ingurumenaren egoera eta eboluzioa gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari dira nazioarteko giza garapena neurtzeko adierazleen artean.

Ingurumenaren Europako Programak 2020rako duen helburua gure planetaren mugen barruan ondo bizitzea da. Horretarako, nahitaezkoa da ekosistemak babestu eta zaintzea, horiek gure Natura Kapitala osatzen dutelako.

vivir bien

Miren Onaindia

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Ekologiako katedraduna eta Garapen Iraunkorreko eta Ingurumen Hezkuntzako UNESCO Katedrako zuzendaria da. Irakasle bisitaria izan da Oxfordeko Unibertsitatean, Veracruzeko Unibertsitatean (Mexiko) eta Santo Domingoko Unibertsitatean (Dominikar Errepublika). Biosferaren Erreserben MaB-UNESCO Programaren Zientzia Kontseiluko kidea da. Haren ikergai nagusiak biodibertsitatea eta ekosistemen ebaluazioa dira, naturagunearen kontserbazioan eta lurraldearen antolakuntza iraunkorrean aplikatuta. Hainbat artikulu zientifiko argitaratu ditu, baita hezkuntza eta dibulgazioa helburu duten beste argitalpen batzuk ere.