Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Azken eguneratzea: 2010/06/18
Sistema adostasunez eta finantzazio nahikoarekin garatzearen alde agertu da Gizarte-zerbitzuen Erakunde arteko Organoa
Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek gizarte-zerbitzuen euskal sistemaren iraunkortasuna babestu dute, eta enplegua sortzeko gaitasun handia duen sektore ekonomiko estrategikoa dela azpimarratu dute

Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek eta Eudel-Euskal Udalen Elkarteak osatzen duten Gizarte Zerbitzuen Erakunde arteko Organoa eratu da gaur Donostian, eta bere lehenengo lan-bileran adierazpen bat egin du aho batez, gizarte-zerbitzuen euskal sistema eraikitzeko lanean erakundeen arteko adostasunak eta gizarte-zerbitzuei buruzko legea aplikatzeak duten balioa azpimarratzeko. Organo horren zeregina estrategia nagusiak eztabaidatu eta adostea da, kudeaketaren eta arretaren kalitateari eta gizarte-zerbitzuen sistemaren kohesioari begira. 

Gemma Zabaleta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburua buru izan da Juan María Aburto Bizkaiko Foru Aldundiko Gizartekintza diputatuak; Covadonga Solaguren Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politika eta Gizarte Zerbitzuen diputatuak; Maite Etxaniz Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen diputatuak eta Eudeleko ordezkariek (besteak beste, Lourdes Idoiaga Oñatiko alkateak; Susana Garcia Chueca Donostiako zinegotziak eta Patxi Martínez de Albéniz Asparrenako zinegotziak) parte hartu duten bileran.  

Erakunde arteko Organoak gogorarazi zuenez, 2008ko abenduan onartutako Gizarte-zerbitzuei buruzko euskal Legearen bitartez gizarte-zerbitzuetarako eskubidea bermatzen da, eta horretaz gain, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eratzeko eta unibertsal bihurtzeko ibilbide-orria ezartzen da, euskal administrazio publikoek eta beste hainbat eragilek lege horren aplikazioan dituzten betebeharrak finkatuz. Adierazpenak ondokoak jasotzen ditu: 

1. Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoak dagokion eginkizuna hartzen du hemendik aurrera, hots, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eratzeko lana sustatzeko eta haren buru izateko eginkizuna, hainbat elementu garrantzitsurekin, besteak beste, prestazioen eta zerbitzuen zorroa, erabiltzaileek zerbitzuen finantzazioan izan beharreko partaidetza, edota plan estrategikoa eta gizarte-zerbitzuen mapa eta haren memoria ekonomikoa.

2. Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoan dauden erakundeak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema eratzeko koordinazioa eta laguntza aldarrikatu nahi ditugu. Elkarrizketa eta adostasuna ekarri beharko lituzketen koordinazioa eta laguntza, lehenik eta behin erakundeen artean, baina horretaz gain, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ardura duten erakunde publikoen eta inplikatutako gainerako eragileen eta interesdunen artean ere. 

3. Euskal administrazio publikoek azken hamarkadan gizarte-zerbitzuetara bideratu eta horietan inbertitu dituzten baliabideak bikoiztu egin dira. Debora-tarte horretan, alabaina, diru-sarrera publikoek ez dute hain hazkunde handia izan, eta beraz, gizarte-gastuari eustea ahalbidetzeko derrigorrean egin behar izan da aurrekontu-berresleipen bat. Gizarte-gastuaren hazkundeko bide horri eustea zaila izango da erakunde arteko gogoeta-prozesurik gertatzen ez bada, administrazio publikoen finantza- eta aurrekontu-politikaren esparruan gizarte-zerbitzuetako finantzaketa –egungoa eta etorkizunekoa– bermatzeko. 

4. Gizarte-zerbitzuak indartzea funtsezkoa da gure gizartean, horrelako zerbitzuek gizarte-ongizateari, -kohesioari eta -kapitalari ekarpen handia egiten baitiete, eta horretaz gain, ekonomian sektore estrategikoa baitira, itzulkin ekonomiko garrantzitsuekin, enplegua sortzeko oso gaitasun handiarekin eta gure lehiakortasunerako ekarpen erabakigarriarekin.  

5. Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko gure Legeak Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren ikuspegi komunitarioaren aldeko apustua egiten duela gogorarazi behar dugu. Horretarako, administrazio bakoitzaren eskumenak argi eta garbi zehaztuko direla eta horiei aurre egiteko finantzaketa nahikoa izango dela bermatzea ezinbestekoa da.

6. Testuinguru horretan, Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoak gizarte-zerbitzuei buruzko Legea garatzeko eta aplikatzeko prozesua gauzatzeko konpromisoa hartzen du; gizarte-zerbitzu horiek, euskal herritarrei zuhurtziaz eta orekaz eman beharreko zerbitzuen kalitatea eta egokitasuna bermatzeaz gain, administrazio publikoei ahalbidetu behar diete une oro eta apurka-apurka benetan bete ditzaketen konpromisoak beren gain hartzea.

7. Azkenik, Gizarte Zerbitzuen Erakunde Arteko Organoko administrazio publikoek aitortu nahi dute gizarte-ekimenak, ekintza boluntarioak, ekonomia solidarioak eta azken batean, gizarte zibil antolatuak gizarte-zerbitzuen esparruan egiten duten lana. Lan hori gabe, ezin izango litzateke gizarte-alorreko esku-hartzerik egin, eta are gutxiago, erakunde horiek ekarritako partaidetzaren, erantzunkidetasunaren, gizarteratzearen eta iraunkortasunaren balio erantsiarekin; horregatik, erakunde horiekin lankidetzan aritzeko bideak indartzeko eta hobetzeko konpromisoa hartzen dugu.