Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila

Arautegia

Inprimatu

6/2016 LEGEA, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzkoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Legea
  • Organo arau-emailea: Enplegu eta Gizarte Politiketako Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 94
  • Hurrenkera-zk.: 2096
  • Xedapen-zk.: 6
  • Xedapen-data: 2016/05/12
  • Argitaratze-data: 2016/05/19

Gaikako eremua

  • Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Eusko Legebiltzarrak 6/2016 Legea, maiatzaren 12koa, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialari buruzkoa onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaren bitartez onartutako Euskal Herriaren Autonomia Estatutuak, 9.2 artikuluan, euskal botere publikoei obligazio gisa ezartzen die neurriak hartzea baldintzak sustatzeko eta oztopoak ezabatzeko gizabanakoen eta giza taldeen askatasuna eta berdintasuna benetakoak izan daitezen, eta baita ere faboratzea herritar guztiek bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialean parte har dezaten.

Zehazkiago, Estatuaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko eskumen-banaketaren erregimenaren ikuspegitik, Autonomia Estatutuaren 10.12, 10.13, 10.23 eta 10.39 artikuluek Euskal Autonomia Erkidegoari eskumen esklusiboa ematen diote, batetik, asistentzia sozialaren alorrean, eta bestetik, irakaskuntza, kultura, arte, ongintza eta sorospen izaerako nahiz antzeko fundazioen eta elkarteen alorrean (betiere eginkizunak nagusiki Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen badituzte), kooperatiben alorrean eta komunitatearen garapenaren alorrean.

Euskal gizarteak sare sozial zabala, plurala eta aktiboa izan du eta izaten jarraitzen du; sare sozial hori herritarren ekimen libretik sortzen diren erakundeez osatuta dago, eta horrez gain, herritarren solidaritate antolatua eta partizipazio soziala kanalizatzen dituzte erakunde horiek, baita izaera sozialeko egoera, arazo edo premiaren baten eraginpean dauden pertsona, familia, talde edo komunitateen solidaritate antolatua eta partizipazio soziala kanalizatu ere. Hirugarren sektore sozialaz ari gara.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak ekintza sozialaren hirugarren sektorea txertatu zuen, nahiz eta ez zuen zehaztu, eta Elkarrizketa Zibilerako Mahaia eratu eta arautzeko abenduaren 11ko 283/2012 Dekretuak, halaber, «gizarte-ekintzako hirugarren sektorea» honela definitzen du: «gizarte-ekintzako hirugarren sektorea erakunde pribatu jakin batzuek osatzen dute: erakunde pribatu horiek formalki antolatuta daude, ez dute irabazteko asmorik eta, nagusiki, solidaritate soziala sustatzen dihardute, hala nola pertsonen partizipazio soziala, gizarte-eskubideak, inklusio eta kohesio soziala bultzatzen Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan».

Lege honen ondorioetarako, Euskadiko hirugarren sektore soziala osatzen duten erakundeek honako ezaugarri hauek dituzte: legezko egitura eta nortasun juridikoa dute, eta beren figura juridikoari dagokion erregistroan inskribatuta daude; borondatezko ekintzakoak dira; irabazi-asmorik ez dute; pribatuak dira eta beren burua gobernatzen eta kudeatzen dute; egoitza Euskadin dute eta jarduera Euskadin gauzatzen dute; eta helburu nagusia dute sustatzea inklusio soziala, garapenerako lankidetza eta zaurtasun, bazterketa, ezberdintasun, babesgabetasun edo mendetasun egoeran dauden pertsona, familia, kolektibo edo komunitateen eskubideen erabilera efektiboa; horretarako, esku-hartze sozialeko jarduerak gauzatzen dituzte, eta halakotzat hartzen dira zerbitzu sozialak, enplegurako sarbidearen sustapena eta pertsona horien inklusio soziala bultzatzeko jomuga duen beste edozein jarduera, barruan sartuta esparru, politika eta sistemen elkarreragin-guneetan xede horrekin gauzatutakoak, esate baterako gune soziolaboralean, soziohabitazionalean, sozioedukatiboan, soziosanitarioan, soziojudizialean edo soziokulturalean, edo beste batzuetan.

Horrenbestez, hirugarren sektore sozialaren barnean ekintza sozialaren hirugarren sektorea sartzen da, hots, zerbitzu sozialen esparrua eta ekintza sozialaren esparrua, zentzu zorrotzean; baina haraindi doa, zentzu zabalean politika sozialetan kokatuta dauden beste hainbat esparru ere hartzen baititu, hala nola enplegua edo diru-sarrerak bermatzeko eta inklusio sozialerako sistema.

Hirugarren sektore soziala ekimen sozialeko erakundeek osatzen dute; erakunde horiek oinarri bazkide eta boluntarioz osatutako oinarri soziala daukate, eta horiez gainera askotan langile kontratatu ordainduak ere badauzkate, eta esku-hartze sozialeko jarduerak gauzatzen dituzte.

Erakunde horiek pertsona edo kolektibo hauen alde lan egiten dute: adinekoak, haurrak eta nerabeak, gazteak, emakumeak, indarkeria matxista sufritzen ari diren edo sufritu duten pertsonak, desgaitasunak dituztenak edo menpekotasunean daudenak, gaixotasunen bat dutenak, etorkinak, langabeak, bazterketa sozialeko egoeran edo arriskuan daudenak, beste pertsona edo kolektibo batzuk, edo biztanleria oro har.

Horrelako erakundeek premiei eman beharreko erantzuna eta instituzioekiko lankidetza kritikarako, salaketarako eta alternatibak proposatzeko gaitasunarekin konbinatzen dituzte, funtsezko ekarpena, ekarpen bereizgarria, eginez honako hauei: a) ematen dituzten zerbitzuen xede diren pertsona, familia, talde eta komunitateei, eskubideak sustatzeari eta benetan erabiltzeari eta gaitasunak eta bizi-proiektuak garatzeari dagokienez, betiere ahalik eta autonomiarik handiena utziz; eta b) euskal gizarte osoari, hain zuzen ere solidaritateari eta elkar laguntzari, partaidetzari, kohesio sozialari, politika sozialak eta erantzukizun publikoko sistemak sustatzeari, zerbitzu-hornikuntzari (hots, horrelako zerbitzuak diseinatzea, ematea, ebaluatzea eta hobetzea) eta gobernantzari dagokienez.

Ondorioz, hirugarren sektore soziala euskal gizartearen funtsezko aktiboa da, batetik, edozein egoeratan bereziki, ekonomiaren, politikaren, erakundeen, gizartearen eta balioen alorretan egun pairatzen ari garen krisialdi-egoera honetan bidezkoa, berdintasunezkoa, solidarioa, kohesionatua, partizipatiboa eta demokratikoa izango den gizarte gisa eratu dadin; eta bestetik, premia sozialei modu egokiagoan erantzun dakien, hots, modu integral, gertuko, pertsonalizatu eta partizipatiboan, betiere sektoreen arteko lankidetzan oinarrituta eta pertsona, familia, kolektibo eta komunitate jasotzaileen partizipazioarekin.

Halaber, hirugarren sektore sozialeko elkarteek kapital garrantzitsua bideratzen dute: kapital soziala, giza kapitala eta harremanekin loturikoa. Horrez gainera, jarduera ekonomiko garrantzitsua gauzatzen dute, eta horren bitartez, itzulera ekonomiko eta soziala sortzen dute; horrela, enplegu-sorreran intentsiboak dira erakunde horiek, erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan eta enplegu-alternatiben sorreran lagunduz eta laneratze-prozesuetan lagun eginez, nagusiki desgaituei eta bazterketa sozialeko egoeran edo arriskuan dauden pertsonei dagokienez.

Bestalde, hirugarren sektore sozialeko erakundeek sareak osatu ohi dituzte, beste batzuekin elkartuta bigarren mailako erakundeetan (federazioak, elkarteak edo antzekoak) edo maila handiagokoetan. Euskal Autonomia Erkidegoan, aurrera egiten ari gara hirugarren sektore sozialeko Euskadiko sare guztiak sareen sare batean elkartzeari dagokionez.

Euskal sektore publikoarekiko loturari gagozkiola, erakunde horiek erantzukizun publikoko sistemetan parte hartu dute eta parte hartzen dute, presentzia oso esanguratsua izanik, sortu zirenez geroztik, zerbitzu sozialen sisteman, enplegu-sisteman, diru-sarrerak bermatzeko eta inklusio sozialerako sisteman eta esku-hartze sozialarekin loturiko sistemen esaterako, hezkuntza-sistemaren eta osasun-sistemaren arteko elkarreragin-guneetan. Horrela, erantzukizun publikoko sistemen osagarri dira (etxebizitza-politikekin gertatzen den bezala), edo osasun- eta hezkuntza-sistemen osagarri; eta hori ez ezik, parte hartzen duten sistema horien eraikuntzan, finkatzean eta zabalkundean. Modu horretan, interes orokorreko zerbitzu sozialen hornikuntzan laguntzen dute, Europako erreferentziazko araudian horiek zehazten diren moduari jarraiki, eta baita zerbitzu-hornikuntzaz bestelako interes orokorreko beste hainbat jardueratan ere.

Era berean, euskal administrazio publikoak hirugarren sektore sozialarekin elkarlanean aritzen dira, honako hauek sustatzeko: boluntariotza, elkarrekiko laguntza eta partizipazio soziala; familien ekarpen soziala, ahaide zaintzaileen zaintza, eta erantzukidetasuna eta kontziliazioa, zeinek faboratzen baitute herritartasun aktiboa eta partizipazio soziala; eta bestelako interes orokorreko jarduera sozial batzuk, biztanleria guztiaren inklusio sozialaren alde erakundeek gauza ditzaketenak.

Inklusio soziala, eskubideen benetako erabileraren emaitza izateaz gain, harremanezko ondasuna ere bada, pertsonen, familien eta sozializaziorako eta laguntza informalerako bestelako agenteen, ekimen sozialeko erakundeen, sektore publikoaren eta enpresen arteko askotariko elkarreraginen emaitza dena. Arestian aipaturiko gizarteko lau sektore handi horiek indartzea eta horien arteko lankidetza maximizatzea (bakoitzak bere eginkizunak gauzatuta) ezinbesteko helburua da aukera-berdintasunean eta inklusio sozialean aurrera egiteko.

Beste alde batetik, ekimen sozialeko erakundeek, kontuan izanik gizarte zibiletik sortuak direla eta bazkidez eta boluntarioz osatutako oinarri soziala daukatela, bai eta pertsona eta familia hartzaileek parte hartzeko mekanismoak ere (erakundeok pertsona eta familia horiek beraiek zuzenean eratuta ez daudenean), bokazioa eta zilegitasuna dute administrazio publiko eskudunekin lankidetzan eta elkarlanean aritzeko politika sozialetan fase guztietan, baita exekuzio-fasean ere.

Orobat, sektore publikoak, eta zehazkiago, gobernuaren ekintzak, berriz asmatu behar dute beren burua, eta gizarte zibilarekiko harreman-modu berriak hartu behar dituzte kontuan, aurrera egin ahal izateko administrazio irekiko eredu batean, eta, hortik haraindi, gobernantzako eta partizipazio sozialeko eredu batean, demokrazian sakonduz. Horri dagokionez, hirugarren sektore sozialeko erakundeak sektore publikoarekin elkarlanean aritzen dira eta aritu behar dira politika sozial publikoen gaineko erabakiak hartzeko lanean, eta baita gizarte- eta garapen-ereduari buruzko eztabaida sozialean parte hartu ere.

Horretarako, ezinbestean indartu behar da hirugarren sektore sozialaren egituratzea, erakunde-sareen eta horien konbergentziaren bitartez, eta bultzatu behar da elkarrizketa zibila (gizarte zibilak sektore publikoarekin gauzatutakoa) eta sektore eta agente sozialen artean gizarte- eta garapen-ereduari buruz izan beharreko elkarrizketa. Horretarako, lege honek baliabideak finkatzen ditu Euskadiko hirugarren sektore soziala euskal sektore publikoarekin eta beste hainbat sektore eta agenterekin elkarrizketan eta lankidetzan aritzeko, aintzat hartuz hirugarren sektore sozialeko sareek Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaian eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean parte hartzea.

Hori guztia, Europar Batasunaren arauekin bat etorrita, Europar Batasuna Sortzeko Tratatuak (11. artikulua), Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuak (15. artikulua) eta Europar Gobernantzaren Liburu Zuriak COM (2001), 428 amaiera oinarri bat ematen baitute, ekimen sozialak arazo publikoetan izan beharreko elkarrizketa zibila, gobernantza eta partizipazioa zabaltasunez funtsatzeko.

Zehazkiago, abenduaren 5eko 12/2008 Legeak honako hau ezartzen du zioen azalpenean: «Gero eta egoera desberdin gehiago daude eta gero eta konplexuagoak dira egoera horiek; nabaria da, beraz, haiei aurre egingo bazaie, jardun batzuk indartu behar direla, honako hauek: hirugarren sektorearekin elkarlanean aritzea, laguntzako sare informalei eustea, eragindako pertsonen partizipazio antolatua sustatzea, sistemen arteko lankidetza- eta koordinazio-esparru batzuk eratzea (soziosanitarioa, soziolaborala, soziohabitazionala, sozioedukatiboa, soziojudiziala, soziokulturala eta beste batzuk) eta halako politika sozial bat garatzea, non herritar guztiek herritartasun osoa irits dezaten, justizia soziala susta dadin eta bazterketaren egiturazko kausei ekin dakien».

Lege hau, lehen kapituluan, Euskadiko hirugarren sektore soziala deskribatuz eta taxutuz hasten da; horrela, esku-hartze sozialaren esparruan jarduerak gauzatzen dituzten ekimen sozialeko erakundeez osatuta egongo da hirugarren sektore soziala, barnean hartuta erantzukizun publikoko zerbitzuak, esparru horretan interes orokorreko zerbitzu sozialtzat hartzen direnak, hornitzen parte hartzea.

Horrela, aurrera egiten da erakundeen definizio positiboan, gaindituz erakunde horiek definitzea hirugarren sektore gisa edo irabazi-asmorik gabeko sektore gisa edo gobernuz kanpoko sektore gisa, bai eta erakundeon ekarpena, iraganekoa eta egungoa. Bestalde, legeak bereziki aitortu eta sustatu nahi du ekarpen hori zerbitzu sozialen esparruan eta enplegu-sustapenaren esparruan, eta baita esku-hartze sozialarekin loturiko hainbat esparru eta sistemaren arteko elkarreragin-guneetan ere (soziosanitarioa, soziolaborala, sozioedukatiboa). Erakundeen ezaugarriak ezarri ondoren, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda bat sortzea aurreikusten da, eta zehazten da zein printzipiotan oinarritzen den erakundeen estatutua eta zein printzipiok gidatzen duten erakundeen jarduna, bai eta sektore publikoak eta enpresek erakunde horiekiko duten jarduna ere.

Partizipazio soziala, solidaritatea, berdintasuna eta justizia, inklusio sozialean izan beharreko erantzukizun publikoa eta erantzukidetasuna, elkarrizketa zibila eta demokrazia partizipatiboa, sektore publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetza, eta inklusio sozialera bideratutako jardunen zeharkakotasuna: printzipio horiek guztiek oinarritzen dute erakunde horiek esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizun publikoko politiketan eta sistemetan parte hartzeko daukaten eskubidea, eta baita sektore publikoak horien partizipazioa aktiboki faboratzeko eta sustatzeko obligazioa ere.

Esku-hartze sozialaren esparruak, dituen ezaugarriak direla-eta, eta inklusio sozialak, helburu gisa, sektore sozial guztiak elkartzea eta lankidetzan aritzea eskatzen dute.

Partizipazio sozial antolatua herritartasun aktiboaren adierazpena da, eta gizarte zibil heldua eta demokrazia partizipatiboa eratzen laguntzen du. Gainera, esku-hartze sozialaren esparruan, solidaritatearen eta elkar laguntzaren adierazpena da, eta funtsezko baliabidea da pertsona, familia, kolektibo eta komunitate hartzaileek beren ahotsa entzunaraz dezaten, beren gaitasunak gara ditzaten eta beren egoera aldatzeko aukera eduki dezaten, protagonistak bilakatuz.

Esku-hartze sozialaren esparruan sektore publikoa eta ekimen sozialeko erakundeak lankidetzan aritzea oso lotuta dago bi alderdiek gauzatzen dituzten egitekoekin, besteak beste premia sozialak detektatzea edo ebaluatzea, zerbitzuak ematea, sentsibilizazioa edo eskubideak sustatzea. Bi euskarri ditu lankidetza horrek: batetik, ekimen sozialak politika publikoetan parte hartzeko duen ahala, eta gizarteari egiten dion ekarpenaren garrantzi handia; bestetik, gizarte-eredu jakin bat, antolatua, aktiboa eta demokrazia partizipatibokoa. Horrez gain, gizartean ezarrita dauden eta babestu eta bultzatu behar diren baliabide eta gaitasunen efizientzia eta aprobetxamendu handiagoa dakar berekin, modu subsidiarioan.

  1. kapituluak elkarrizketa zibilaren printzipioa aitortzen du; horrela, Euskadiko hirugarren sektore sozialak esku-hartze sozialaren esparruan politika publikoak sortzeko, egikaritzeko, horiei jarraipena egiteko eta horiek ebaluatzeko eginkizunetan izan beharreko partizipazioan zehazten da. Halaber, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde guztietan ezartzen da eta guztietara zabaltzen da jarraian adierazitako lege-testuek desgaituen eta horien familien ordezkari diren erakundeetarako ezartzen duten eskumena: batetik, desgaitasunen bat duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Hitzarmenaren 4.3 artikulua; eta bestetik, Pertsona Desgaituen Eskubideei eta Gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duen azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretua, 2. artikuluko n) letran elkarrizketa zibilaren printzipioa finkatzen duelako.

    Besteak beste, hirugarren sektore sozialaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko elkarrizketarako gune nagusia den Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren eta Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen bitartez antolatzen da partizipazio hori.

    Horrela, sektore sozialaren eta sektore publikoaren eta bestelako hainbat agente sozialen arteko elkarrizketarako guneak finkatzen ditu legeak, betiere esku-hartze sozialaren esparruan. Hori ez ezik, Euskadiko hirugarren sektore sozialak arautze-prozesuetan eta politika sozial publikoak diseinatzeko, egikaritzeko eta ebaluatzeko eginkizunetan izan beharreko partizipazio aktiboa ere finkatzen du legeak.

  2. kapituluan, legeak aurrera egiten du Euskadiko hirugarren sektore sozialak euskal sektore publikoarekin izan beharreko harremanaren gunearen eta irismenaren definizioan. Horrela, legeak ezartzen du esku-hartze sozialaren esparruko politikak egikaritzeko lankidetzan eta elkarlanean oinarrituta egon behar duela harreman horrek, betiere elkarrizketa zibilaren printzipioarekiko koherentziari eutsita.

    Horri dagokionez, legeak honako bi eginkizun hauek ezinbestekoak direla zehazten du: batetik, lankidetzan jardutea, lehenik, erantzukizun publikoko sistemen kudeaketan eta sistemen arteko elkarreragin-guneen kudeaketan, eta bigarrenik, erantzukizun publikoko zerbitzuak ematean, kasu-erreferentziako eta -koordinazioko eginkizunak gauzatzean, eta pertsona eta familien lagun-egite sozialean; eta bestetik, erantzukizun publikoko zerbitzuak emateaz bestelako eta interes orokorreko hainbat jarduera sozial gauzatzen laguntzea.

    Lankidetza- eta laguntza-harreman hori antolatzeko, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legean aurreikusitako honako hiru baliabide hauei lotzen zaie: kontzertu sozialeko erregimen bereziei, hitzarmenei eta lankidetzarako esparru-akordioei. Bestalde, herri-administrazioekin lankidetzan aritzen diren Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek beren gain hartu beharreko betebeharrak ere ezartzen ditu, ekimen sozialeko erakunde gisa dituzten forma juridiko eta ezaugarrietatik datozen betebeharrekin batera, horrelako erakundeetan kudeaketa etiko eta gardena bermatzeko ez ezik, gizarteak erakunde horiei dien konfiantzari eusteko eta konfiantza hori indartzeko ere bai.

  3. kapituluan, sektore publikoak Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko gauzatu beharreko ekintza jasotzen du, euskal gizartean ehun soziala, partizipazio antolatua eta solidaritate sozial sendotzen laguntzeko. Horrela, Eusko Jaurlaritzak Euskadin hirugarren sektore soziala bultzatzeko estrategia bat lantzeko eta eguneratzeko konpromisoa hartzen du bere gain.

    Besteak beste, honako hauek ezartzen dira: azpiegiturak garatzen laguntzeko neurriak, inbertsioak egitea, kudeaketa hobetzea, bai eta bultzatzea erakundeen jarduera ekonomikoa, hirugarren sektore sozialaren errekonozimendua, ekarpena eta egituraketa, eta erakunde eta sareen arteko lankidetza.

    Azkenik, enpresa-sektorearen eta hirugarren sektore sozialaren artean esku-hartze sozialaren esparruan izan beharreko lankidetzari dagokionez, jasotzen da euskal administrazio publikoek sustatu egin behar dutela lankidetza hori, eta ondorioz, lankidetza hori garatzeko baldintzak sortzeko hainbat neurri ezartzen dira. Horrela, aurrera egin nahi da sektoreen arteko elkarlanean, oso beharrezkoa baita gizartea bidezkoagoa, berdinagoa, solidarioagoa eta demokratikoagoa izan dadin bultzatzeko, eta baita gero eta korapilatsuagoak diren premia sozialei eta gizarte globalaren erronkei erantzuteko ere.

Lege honen xedeak honako hauek dira: lehenik, hirugarren sektore soziala eratzea eta bere ezaugarriak ezartzea, hura osatzen duten erakunde eta sareen bitartez; bigarrenik, erakunde eta sare horiek indartzeko neurriak hartzea eta sustatzea; hirugarrenik, erakundeen lankidetza eta elkarlana bultzatzea, elkarrekiko eta sektore publikoarekin nahiz enpresekin izan beharrekoa; eta azkenik, sustatzea hirugarren sektore sozialak parte hartzea eta ekarpena egitea, orokorrean, esku-hartze sozialean, eta zehazkiago, esparru horrekin lotutako erantzukizun publikoko politika eta sistemetan.

  1. Lege honen ondorioetarako, honako ezaugarri hauek dituzten ekimen sozialeko erakundeek osatzen dute Euskadiko hirugarren sektore soziala: egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan dute eta jarduera EAEn gauzatzen dute; helburu nagusia daukate sustatzea, esku-hartze sozialeko jardueren bitartez, inklusio soziala, garapenerako lankidetza eta zaurtasun, bazterketa, ezberdintasun, babesgabetasun, desgaitasun edo mendetasun egoeran dauden pertsona, familia, talde, kolektibo edo komunitateen eskubideen erabilera efektiboa.

  2. Lege honen ondorioetarako, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko saretzat honako hauek hartuko dira: batetik, bigarren mailakoak edo hortik goragokoak izanik, beste erakunde batzuek ordezkatzen dituztenak; eta bestetik, hirugarren sektore sozialeko erakundeak, zuzeneko esku-hartzekoak, betiere kolektibo jakin bat ordezkatzen badute, eta dagokion jardun-esparru edo -lurralde geografikoan kolektibo hori ordezkatzen duen sarerik ez dagoenean.

  3. Lege honen ondorioetarako, Euskadiko hirugarren sektore sozialaren barnekotzat hartuko dira ere ondoren aipatzen diren erakunde-motak, baldin eta betiere esku-hartze sozialeko jarduerak gauzatzen badituzte, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareren baten barnean badaude eta sare horren jokabide-kodeak onartzen badituzte, eta lege honen 16. artikuluan jasotako obligazioak betetzen badituzte:

    1. Gaur egun ere existitzen diren fundazio eta erakunde historikoak, EAEn berrogeita hamar urtetik gorako ibilbidea dutenak, baldin eta hirugarren sektore sozialeko sareren baten barnean badaude eta lege honen 2.1 eta 3. artikuluetan adierazitako irizpideak betetzen badituzte, nahiz eta beren jatorrizko estatutuek ezarri instituzio publikoen ordezkariek edukitzea presentzia handiena edo bakarra beren gobernu-organoetan. Lege hau indarrean jartzen denetik sei hilabeteko epean, Eusko Legebiltzarrean zerbitzu sozialen arloko eskumenak dituen sailak, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareekin lankidetzan, aipatutako irizpideak betez legearen aurreikuspen honetara bildu daitezkeen fundazio eta erakunde historikoen zerrenda itxiko du. Epe hori bukatuta, ezingo da aurrikuspen horretara bildu beste ezein antolakunde.

      3. artikuluan aurreikusitako eskakizunetakoren bat betetzen ez duten erakundeak, baldin eta hirugarren sektore sozialeko erakundeek, zuzenean edo zeharka, gehiengoz partaidetuta badaude, erakunde horien helburu sozialak lortzeko eratuak izan badira, egoitza EAEn badute eta jardueraren parte nagusia Erkidegoan garatzen badute eta jarduera hori irabazi-asmorik gabekoa bada. Sozietate merkantilak izanez gero, irabazi-asmorik gabekotzat hartuko da estatutuetan aurreikusita edukitzea lortutako etekinak erakundearen helburu diren jardueretan berrinbertitu beharra. Bereziki, arlo honetan sartuko dira enplegu-zentro bereziak eta gizarteratze- eta laneratze-enpresak, baldin eta dagozkien errolda ofizialetan behar bezala inskribatuta badaude eta paragrafo honetan jasotako eskakizunak betetzen badituzte, beren arautegi espezifikoan aurreikusita daudenez gainera.

Euskadiko hirugarren sektore sozialaren barneko ekimen sozialeko erakundeak dira, formalki eratuta egonik, eta berezko izaera juridikoa izanda, ondoren deskribatutako ezaugarriak dituzten ekimen sozialeko fundazioak, elkarteak, kooperatibak eta bestelako edozein erakunde:

  1. Ekintza boluntariokoa: oinarri soziala boluntarioz, bazkidez, gobernu-organoetako kide diren pertsonez, edo erakundean boluntario gisa laguntzen duten bestelako pertsonez osatua duena, erabat edo partzialki.

  2. Gizarte zibilaren parte dena eta gizarte zibiletik eta gizarte zibilerako sortzen dena: euskal gizartetik sortzen da, eta hasiera beretik bai lurraldearekiko bai bere jardueraren jasotzaile diren pertsona, familia, talde, kolektibo eta komunitateekiko lotura eta konpromiso egonkorrari eusten dio, edo pertsona eta familia jasotzaileek zuzenean sortua da, eta pertsona-kolektibo zehaztugabeei zuzenduta dago, eta ez pertsona jakin batzuei.

  3. Pribatua: instituzionalki Administraziotik bereizita eta autogobernuan oinarrituta dago, eta irabazi-asmoa duten enpresek edo erakunde publikoek gehiengoz partizipatutako gobernu-organorik ezin du izan, aurreko artikuluan aurreikusitako kasuan izan ezik.

  4. Irabazi-asmorik gabekoa: mozkin ekonomikorik banatzeko jomuga ez du, eta dagokion figura juridikoa dela-eta, lor dezakeen edozein mozkin erakundearen misioan berriz inbertitzeko obligazioa dauka edo, beste modu batean esanda, ezin ditu lortzen dituen mozkinak banatu.

  5. Partizipatiboa: partizipazio-formak hartzen ditu erabakiak hartzeko, dagokion forma juridikoari aplikatu beharreko araudiak ezartzen duenari jarraiki.

  1. Esku-hartze sozialeko jardueratzat, edo esku-hartze sozialeko esparruko jardueratzat, hartuko da sustatzea inklusio soziala, garapenerako lankidetza, biztanleria osoaren eskubideen errekonozimendua, bai eta eskubide horien erabilera efektiboa zaurtasun, bazterketa, babesgabetasun, desgaitasun edo mendetasun egoeran dauden pertsona, familia, talde, kolektibo edo komunitateen aldetik, borroka eginez desberdintasun sozialaren, marjinazioaren, babesgabetasunaren eta indarkeria matxistaren kontra, eta aurrerapausoak emanez gizarte justu, solidario, berdintasunezko, parte-hartzaile eta demokratikoago bat lortzeko beharrezkoa den eraldaketa sozialean.

  2. Zehazkiago, esku-hartze sozialeko jardueratzat hartuko dira arestian adierazitako helburuarekin gauzatzen diren zerbitzu sozialak, enplegurako sarbidearen sustapena eta beste edozein jarduera, betiere esparru, politika eta sistemen elkarreragin-guneetan gauzatzen badira, esate baterako gune soziolaboralean, soziohabitazionalean, sozioedukatiboan, soziosanitarioan, soziojudizialean, soziokulturalean edo beste batzuetan.

  3. Interes orokorreko jarduera sozialtzat hartuko dira 3. artikuluan zehaztu diren ekimen sozialeko erakundeek abiarazita langile kontratatuek edo boluntarioek irabazi-asmorik gabe eta askatasunez gauzatzen dituzten esku-hartze sozialeko jarduerak. Zehazki, halakotzat hartuko dira honako hauek:

    1. Sentsibilizazioa, salaketa, arauak egiteko edo aldatzeko prozesuetan parte hartzea, edo sektore publikoarekin edo bestelako agente sozialekin solaskide izatea.

    2. Sustatzea eta antolatzea solidaritate antolatua eta herritarren partizipazio soziala (zehazki, boluntario sozialena), elkar laguntza, eta esku-hartze sozialaren hartzaileen asoziazionismoa.

    3. Premiak detektatzea, ikerketa eta berrikuntza.

    4. Erantzukizun publikoko zerbitzuak edo erantzukizun publikoaz bestelako zerbitzuak hornitzea (diseinua, prestazioa, ebaluazioa eta hobekuntza), eta bestelako esku-hartze jarduerak edo proiektuak gauzatzea.

  4. Esku-hartze sozialaren esparruko erantzukizun publikoko prestazioak eta zerbitzuak interes orokorreko zerbitzuak dira, eta zehazkiago, interes orokorreko zerbitzu sozialak, askotan izaera ekonomikoa izan ohi dutenak, Europar Batasunaren erreferentziazko araudian kontzeptu horiek definituta dauden moduan, euskal administrazio publikoek zuzenean ematen dituztenean, eta baita euskal administrazio publikoek ekimen pribatuaren laguntza duten kasuetan ere.

Politika sozialen alorrean eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen errolda publiko bat sortuko du eta eguneratuta edukiko du. Hirugarren sektore sozialeko erakundeak errolda horretan inskribitu beharko dira euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzeko eta administrazio horiek bultzatzen dituzten sustapen-neurrietara irispidea izateko, neurri horien artean sartuta daudelarik diru-laguntza programak ere.

Errolda hori Boluntario Erakundeen Erroldarekin koordinatuko da eta erregelamendu bidez arautuko. Edozein kasutan, Euskadiko Hirugarren Sektore Sozialeko Erakundeen Erroldan inskribituta gelditzen diren erakundeak Boluntario Erakundeen Erroldan ere inskribituta geldituko dira, bestelako tramiterik egin gabe; bi erroldak irispide errazekoak izango dira eta Eusko Jaurlaritzaren web-ean kontsultagarriak; eta erakundeek modu presentzialean zein elektronikoan egin ahal izango dute beren inskripzio-eskaera eta beren datuen eguneraketa.

Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak ondoren deskribatutako printzipioen menpean egongo dira, eta baita erakunde horiek beren kabuz edo bestelako erakundeekin edo sektore publikoarekin lankidetzan gauzatutako jardunak ere:

  1. Partizipazio soziala

    Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek beren oinarri soziala indartuko dute, ekintzak gauzatuz oinarri hori mantentzeko edo areagotzeko eta beren barne-bizitzan eta kanpo-jardueran kolektiboen partizipazio aktiboa faboratzeko.

    Bigarren mailako edo goragoko mailako erakundeek bultzatu eta indartu egingo dute beren jardunaren jasotzaile diren pertsonen erakundeek eta oro har erakunde zibiko-sozialek (besteak beste emakume, adineko, gazte eta familienek) beren barruan izan beharreko partizipazioa, bai eta neurri txikiagoko erakundeek izan beharrekoa ere.

    Sektore publikoak herritarrek esku-hartze sozialaren esparruan Euskadiko hirugarren sektore sozialaren bitartez partizipazio soziala edukitzea bultzatuko du, eta horrez gainera, ehun soziala indartuko du, ehun horretako erakunde eta sareak sustatzeko ekintzen bitartez.

    Erantzukizun publikoko zerbitzuen arduradunak diren administrazio publikoek, eta orobat horien hornikuntzan parte hartzen duten hirugarren sektoreko erakundeek, erabiltzaileen zuzeneko partizipazioa sustatuko dute, horien antolaketa bultzatuz eta zerbitzuetan parte hartzeko talde-dinamikak bultzatuz, baita sistema klasikoak eta indibidualizatuagoak ere (hala nola kexa, erreklamazio eta iradokizunetarako postontziak edo gogobetetze-inkestak, besteak beste).

  2. Solidaritatea justizia

    Sektore publikoak eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek boluntariotza eta elkar laguntza sustatuko dute. Era berean, erantzunen profesionalizazioan ere aurrera egiten jarraituko dute, zerbitzuak langile kontratatu ordainduen bitartez emanez eta langileei (boluntarioei eta kontratatuei) prestakuntza eskainiz, baita elkar laguntzako jardueretan parte hartzen dutenei dagokienez ere.

    Sektore publikoak eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek (azken horiek, zuzenean edo parte hartzen duten bigarren mailako edo hortik gorako erakundeen bitartez) jarraituko dute hartzaileen premiei eman beharreko erantzuna (zerbitzuen eta bestelako jardueren bitartez), konbinatzen hartzaileen eskubideen errekonozimendu, defentsa eta erabilpenera edo eraldaketa sozialera zuzendutako eginkizunekin, betiere aukera-berdintasunean, irispide unibertsalean, partizipazioan eta inklusio sozialean oinarrituta: esaterako, premien detekzioa eta ebaluazioa, sentsibilizazioa, salaketa, alternatiba-proposamena edo arauak egiteko prozesuetan parte hartzea.

    Halaber, arreta berezia jarriko dute dena delakoagatik erantzukizun publikoko sistemetara irispiderik ez duten pertsonengan; ildo horretan, ahaleginak egingo dituzte horrelako pertsonen premia funtsezkoenak inolaz ere bete gabe gera ez daitezen, eta inklusio-prozesuak hasteko laguntza izan dezaten, betiere sektore publikoarekin lankidetzan jardunda.

  3. Erantzukizun publikoa eta erantzukidetasuna inklusio sozialean

    Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta administrazio publikoek eskubideen benetako erabilerara zuzendutako jarduna bermatuko dute, enplegurako, etxebizitzarako, hezkuntzarako, osasunerako eta abarrerako sarbidea ahalik eta gehien faboratzen lagunduko dute, erantzukizun publikoko sistemen finkapena eta zabalkundea sustatuko dute eta era berean, familien sostenguan eta babesean lagunduko dute, baita solidaritate, elkar laguntza eta laguntza informaleko bestelako sareen sostengu eta babesean ere.

  4. Elkarrizketa zibila eta demokrazia partizipatiboa

    Euskal administrazio publikoek Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeei eta sareei bermatuko diete Administrazioaren jardun-esparru guztietan beren iritziak publikoki elkarri adierazteko eskubidea, eta erakunde eta sare horiekin elkarrizketa irekia, gardena eta ohikoa izango dute politika sozialen gainean; horretarako, elkarrizketa zibileko mahaiak abiaraziko dituzte, eta kontsulta-organoetan edo horretarako abiarazitako prozesu espezifikoetan parte hartuko dute.

  5. Sektore publikoaren eta ekimen sozialaren arteko lankidetza

    Euskal sektore publikoak eta hirugarren sektore sozialeko erakundeek beharrezko baldintzak sustatuko dituzte beren artean lankidetza, elkarlana eta partizipazioa eduki, formalizatu eta sustatzeko erantzukizun publikoko jarduerei eta interes orokorreko bestelako jarduerei dagokienez, eta baita lankidetza eta elkarlanerako modu eta tresna berriak garatzeko, eta egun ditugunak esku-hartze sozialeko esparru berrietara eta erantzukizun publikoko sistema berrietara zabaltzeko.

  6. Inklusio sozialera zuzendutako jardunen zeharkakotasuna

    Esku-hartze sozialaren esparruan planak, programak eta ekintzak garatzen dituztenean, euskal administrazio publikoek eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek lankidetza bultzatuko dute erantzukizun publikoko sistema guztien artean eta babes sozialarekin eta politika sozialekin loturiko esparru guztien artean. Orobat, saiatuko dira beren jarduerak egon ez daitezen mugatuta zaurtasun- edo bazterketa-egoeran, babesgabetasun-egoeran, desgaitasun-egoeran edo mendetasun-egoeran dauden pertsona, familia, kolektibo edo komunitateentzat bakarrik pentsatutako plan, programa eta ekintza espezifikoak diseinatu, gauzatu eta ebaluatze hutsera, eta gainera, bultzatuko dute izaera orokorreko politikak eta ekintza-ildoak kontuan har ditzaten pertsona, familia, kolektibo eta komunitate horien premia eta eskariak, jardun publikoko edozein esparrutan.

  1. Elkarrizketa zibilaren printzipioari jarraiki, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareek, eta horien bitartez esku-hartze sozialaren hartzaile eta protagonista diren pertsona, familia, kolektibo eta komunitateek, eskubidea izango dute ukitzen dituzten politika publikoetan parte hartzeko, politika publiko horien edozein fasetan, egikaritze-fasea barne, betiere lege honetan eta sistema bakoitza erregulatzen duen araudian jasotako baldintzei jarraiki, kaltetu gabe hala ere erakunde bakoitzaren gobernu-organoei dagozkien erabaki-gaitasunak.

  2. Sektore publikoaren eta hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareen arteko elkarrizketarako eta lankidetzarako prozesu formala da elkarrizketa zibila, helburu duena orientatzea, bultzatzea eta ebaluatzea sektore publikoak eta hirugarren sektore sozialak esku-hartze sozialaren esparruan abiarazi beharreko politika sozialak eta bestelako ekimenak.

  3. Eusko Jaurlaritzak, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren edo hura ordezkatzen duen erakundearen bitartez, elkarrizketa etengabe, operatibo eta binoranzkoa edukiko Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareekin, gobernu-ekintzari dagokionez, eta baita erakunde eta sareek esku-hartze sozialaren esparruan gauzatutako ekintzari dagokionez ere, baldin eta ekintza horrek ekimen jakin batzuk sortzen baditu alderdietako edozeinek bultzatu beharrekoak edo lankidetzan bultzatu beharrekoak, horien jarraipena eta ebaluazioa eginez.

  4. Era berean elkarrizketa horren helburua izango da aurrerapenak egitea eskubideak errekonozitzen eta benetan erabilgarri egiten horiek baliarazteko zailtasun handienak dituzten pertsona, familia, kolektibo eta komunitateei.

  5. Foru-aldundiek eta toki-erakundeek ere ezaugarri horietako beretako elkarrizketa edukiko dute, egokitzat jotzen dituzten baliabideen bitartez, beren lurraldeetan jarduerak gauzatzen dituzten Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareekin.

  6. Eusko Legebiltzarrak eta lurralde historiko bakoitzeko batzar nagusiek, halaber, elkarrizketa zibila sustatuko dute hirugarren sektore sozialeko sareekin.

  7. Euskal sektore publikoak neurriak bultzatuko ditu hirugarren sektore sozialak hirugarren sektore sozialarekin eta esku-hartze sozialarekin zerikusia duen jarduera publikoko politiketan eta ildoetan eduki beharreko partizipazio erreal eta efektiboan sakontze aldera, aholku-ematetik harago joanik, kontuan hartuz ukitutako pertsona eta kolektiboen beharrizanak eta eskaerak, eta bermatuz pertsona eta kolektibo horiek eta erakundeek partizipazio efektiboa eta eragina edukitzea aipatutako politiken eta ekintza-ildoen diseinuan, exekuzioan, jarraipenean eta ebaluazioan.

Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizunak dituzten euskal administrazio publikoek dagokien lurraldean erreferentziazkoak diren Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareak honako hauetan sartuko dituzte, egokitzat jotzen badute:

  1. administrazio publikoen kontsulta-organoetan, hala nola kontseiluetan, eta

  2. politika eta planen diseinu, elaborazio, jarraipen eta ebaluazioarekin lotutako lan-jarduera espezifikoetan, aldian aldikoetan edo aldian behingoetan; edo sektore publikoko bestelako ekimenetan, bereziki hirugarren sektore soziala zuzenean eraginpean hartzen dutenean edo horrekin lankidetzan gauzatzen direnean.

Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek parte hartuko dute Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean, eta ordezkari bat izendatu ahal izango dute eskubide osoa izango duen kide gisa, organo hori erregulatzen duen arauan xedatutako moduan.

  1. Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta sareek politika sozialetan izan beharreko partizipazioa, politika publiko horien edozein fasetan, egikaritze-fasea barne, lankidetzaren bitartez hezurmamituko da, lege honetan eta sistema bakoitza erregulatzeko araudian bildutako baldintzetan. Dagokion politika gauzatuko den arreta-arlo edo arreta-mailako ardura duen administrazio publikoak zehaztuko du partizipazio horren irismena, eta honako alderdietan gertatu ahal izango da:

    1. Parte-hartzea esku-hartze sozialaren esparruko erantzukizun publikoko sistemen kudeaketan, eta sistemen elkarreragin-guneen kudeaketan (gune soziolaboralean, soziohabitazionalean, soziosanitarioan, sozioedukatiboan, edo beste batzuetan).

    2. Parte-hartzea erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan edo apurka-apurka erantzukizun publikoko gisa finkatzen ari diren zerbitzuen hornikuntzan (diseinua, prestazioa, ebaluazioa eta hobekuntza).

    3. Parte-hartzea (edozein kasutan, administrazio publiko arduradunak delegatutako parte-hartzea, araudi bidez zehaztuta dagoenean) erreferente-figurarekin eta kasu-koordinazioarekin lotutako funtzioak gauzatzeko prozesuan (diagnostikoa, esku-hartzearen programazioa, jarraipena eta ebaluazioa, lagun-egite soziala barne), betiere erantzukizun publikoko sistema bat baino gehiago eraginpean hartzen badute (besteak beste, zerbitzu sozialak, osasuna eta hezkuntza).

    4. Parte-hartzea pertsona eta familiei zuzendutako lagun-egite sozialean, esku-hartzearen prozesu osoan, eta nolanahi ere, pertsona hartzaileekin kontaktu-jarduerak hasieratik gauzatuta (pertsona hartzaileak baliabideen jakinaren gainean egotea ahalbidetuko lukete), eta baita beste hainbat jarduera ere, hala nola hasierako harrera, informazioa, orientazioa eta zerbitzu sozialen euskal sistemara sartzeko zerbitzuetarako deribazioa.

  2. Zerbitzu sozialen euskal sistemak, diru-sarrerak bermatzeko eta inklusio sozialerako euskal sistemak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta gune soziolaboralak, eta horiekin batera euskal osasun- eta hezkuntza-sistemek, sustatuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta sareek parte hartzea gune soziosanitarioan eta sozio-edukatiboan, beharrezkoak diren partizipazio-formulak eta -bideak gaituta.

Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizuna duten euskal administrazio publikoek behar diren neurriak hartuko dituzte Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek parte har dezaten honako hauetan: batetik, sistema edo gune bakoitzaren baliabide-sarearen plangintza- eta berrikuntza-funtzioetan, eta zehazkiago horien diseinuan, plangintzan, ebaluazioan eta hobekuntzan; eta bestetik, prestazio eta zerbitzu esperimentalen diseinuan, egikaritzean, ebaluazioan eta hobekuntzan.

  1. Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizuna duten euskal administrazio publikoek antolatuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan (diseinua, prestazioa, ebaluazioa eta hobekuntza) izan beharreko partaidetza.

  2. Parte-hartze hori bereziki artikulatuko da adierazitako erakundeek zerbitzu horiek jada ematen ari direnean, are erantzukizun publikoko zerbitzu gisa finkatu baino lehenagotik ere, errekonozitze aldera erakundeon esperientzia eta erakundeok bai pertsona hartzaileentzat eta erantzukizun publikoko sistementzat, bai eta beraien antolaketa eta finkapenerako, orain arte egin duten eta orain egiten ari diren ekarpenaren balioa.

  3. Nolanahi ere, partizipazio hori bermatu egingo da izaera bereziko jarduera gauzatzen dutenean. Izaera bereziko jardueratzat hartuko dira:

    1. Erakunde gisa ezaugarri jakin batzuk dituztenean, zehazki: lurralde eta kolektibo jakin batekin lotuta egotea; pertsona hartzaileek erakundearen gobernuan ere parte hartzea; lor dezaketen edozein mozkin beren misioan inbertitzea; eta erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzan duten partizipazioa interes orokorreko beste jarduera sozial batzuetan partizipazioarekin konbinatzea.

    2. Beren esku-hartzearen ezaugarriek balioa eransten diotenean erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzari, pertsona eta familiei arreta pertsonalizatua, integrala (hainbat zerbitzu konbinatuta eta lagun-egite sozialeko funtzioa beren gain hartuta, baita horiek erantzukizun publikoko esparru edo sistema bat baino gehiago barnean hartzen dituztenean ere) eta etengabekoa emanez, eta beharrezkoa denean baita bizitza osoko arreta emanez ere, premien bilakaerari aurrea hartuz eta erantzunetan berrikuntzak txertatuz.

  4. Euskal administrazio publikoek erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzari balio erantsia ekartzen dioten praktikak sustatuko dituzte, eta zehazki esku-hartze sozialaren esparruko arau sektorialetan jasotako arreta-ereduekin eta kalitate-irizpideekin lotutakoak; beste hainbat praktika ere bultzatuko dituzte, hala nola lor dezaketen edozein mozkin inbertitzea Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen misio edo helburu sozialean.

  1. Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizuna duten euskal administrazio publikoek faboratuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek kasu-koordinazioko funtzioak gauzatzean izan beharreko partizipazioa, horrelakoak aurreikusten dituzten erantzukizun publikoko sistemen esparruan, eta betiere zerbitzu eta prestazio horiez guztiez hornitzeko, eta horrenbestez, pertsona eta familia erabiltzaileei zerbitzu horiek esleitzeko ardura duten administrazio publikoek gainbegiratuta.

  2. Zehazki, erreferente-funtzioetako eta kasu-koordinazioko partizipazio hori bermatuko dute erakundeek pertsona eta familia hartzaileei eskaintzen dietenean arreta pertsonalizatu eta integrala, hainbat zerbitzu eta jarduera konbinatuz (batzuetan, esparru edo sistema jakin bat gaindi dezakete horiek, hala nola zerbitzu sozialak, hezkuntza eta osasuna), eta baita etengabeko arreta ere, arreta hori pertsona eta familien premia, gaitasun eta lehentasunen eboluziora egokituz.

  1. Euskal administrazio publikoek eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek sinergiak bultzatuko dituzte esku-hartze sozialaren esparruan gauzatzen duten ekintzan, eta elkarrekin sustatuko dituzte, batetik, egoera sozial ahuleneko kolektibo eta komunitateek eskubideetara duten irispidea indartzeko proiektuak, eta bestetik, gizarte zibil antolatua eta erantzukizun publikoko sistemak sendotzeko proiektuak.

  2. Horretarako, modu berritzaileak garatuko dituzte elkarrekin eta beste agente sozial batzuekin partekaturiko proiektuen kudeaketan, premiak detektatzeko fasetik ebaluazio-faseraino, proiektu horiek erantzukizun publikoko sistemen esparruan garatzen direnean, bereziki prestazio edo zerbitzu esperimentalei dagokienez, nahiz horietatik kanpo garatzen direnean, premia sozialei eta horien bilakaerari erantzuteko.

  1. Esku-hartze sozialaren esparruan erantzukizun publikoko zerbitzuak hornitzeari dagokionez, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekiko lankidetza formalizatzeko, euskal administrazio publikoek Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aurreikusitako hitzarmen-araubide bereizia baliatuko dute.

  2. Halaber, euskal administrazio publikoek Gizarte Zerbitzuei buruzko Legean aurreikusitako hitzarmenak eta lankidetzarako esparru-akordioak formalizatuko dituzte, erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntza eta erakundeen interes orokorreko bestelako jarduera sozialak estaltzeko, administrazio publikoek horrelakoak sustatzea egokitzat jotzen badute.

    12.3 artikuluan zehaztutako baldintzetan izaera bereziko jardueraren bat duten erakundeekin erantzukizun publikoko zerbitzuak hornitzeko lankidetzan aritzeari gagozkiola, Gizarte Zerbitzuei buruzko Legearen araberako hitzarmenen bitartez formalizatuko da lankidetza hori.

  1. Erantzukizun publikoko zerbitzu sozialen hornikuntzan euskal administrazio publikoekin lankidetzan aritzen diren edo interes orokorreko bestelako hainbat jarduera sozialetan elkarlanean diharduten Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek honako obligazio hauek izango dituzte:

    1. Langile kontratatu ordainduei lan-baldintza duinak bermatzea, betez bai erreferentziazko hitzarmen kolektiboak, bai erakundeek kudeatzen dituzten erantzukizun publikoko zerbitzuen horniketan lan-baldintzei buruzko arau-xedapenak, eta langile boluntarioei ere lan-baldintza egokiak bermatzea, boluntariotzaren legediarekin bat etorrita.

    2. Gardenak izatea eta azalpenak ematea, barnean nahiz kanpoan, hala badagokio gardentasunari, informazio publikora iristeari eta gobernu onari buruzko abenduaren 9ko 19/2013 Legean ezarritakoari jarraituz. Zehazki, erantzukizun publikoko zerbitzuen horniketan laguntzen duten erakunde guztiek behartuta egongo dira informazioa ematera, lege horren 4. artikuluan eta dagokion kontratuan, hitzarmenean, itunean edo lankidetzako esparru-akordioan aurreikusitako eran.

    3. Gauzatzen duten jardueraren eragina kontuan hartzea eta ebaluatzea, honako hiru elementu hauetan oinarrituta: lehenik, gizarte-, ingurumen- eta ekonomia-ikuspegia; bigarrenik, genero-ikuspegia; eta hirugarrenik, azken hartzaileen eskubideak eta aukerak.

    4. Erabakiak hartzeko, honako hiru ezaugarri hauek izango dituzten partizipazio-prozedurak erabiltzea: batetik, erakundearen izaera juridikora egokituta egotea; bestetik, kapital-jabetzan oinarrituta ez egotea; eta azkenik, erakundearen parte diren kolektiboak baita hartzaileak ere barnean hartzea, hainbat mailatan.

    5. Kudeaketa-estilo demokratikoaz gain, kanpoko nahiz barneko alderdi interesdunekin harremanetan egoteko estrategia bat edukitzea.

    6. Jardutea halatan non bere antolamenduan, funtzionamenduan eta jardueretan benetan kontuan hartuko den emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren printzipioa. Ondorioz, sexista ez den hizkera erabiliko dute, neurriak hartuko dituzte aurreikusteko eta tratatzeko emakume eta gizonen arteko sexu-jazarpena eta sexu-arrazoiengatiko jazarpena eta laneko diskriminazioa, eta 250 langile baino gehiago baditu, egiaztatu egin beharko du Emakume eta Gizonen Berdintasun Efektiboari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 Lege organikoan aurreikusten den berdintasun-planaren diseinua eta ezarpen efektiboa.

    7. Jardutea halatan non antolaketan, funtzionamenduan eta ekintzetan benetan nabarituko diren aukera- eta tratu-berdintasunaren printzipioa eta bereizkeriarik ezaren printzipioa, edozein delarik ere baldintza pertsonal edo soziala.

    8. Ingurumena errespetatuz jardutea. Horrela, gauzatzen den jarduera-motari egokitutako neurriak hartuko ditu, lehentasuna emanik energia berriztagarriak erabiltzeari eta ezinbestekoak diren lehengaiak baliatzeari, ahal direnak berrerabiliz eta gainerakoa birziklatuz.

    9. Baldintza hoberenetan ematea zerbitzuak, eta bermatzea betetzen direla langileen segurtasun eta osasun laboralari buruzko xedapenak zerbitzu sozialen hornikuntzan eta jardunean.

    10. Etengabeko hobekuntza sustatzea gaitasun teknikoari, metodologia- eta antolamendu-baliabideei eta jardute-gaitasunari dagokionez.

    11. Ahalegina egitea herritarrei bakoitzak aukeratutako hizkuntza ofizialean arreta emateko.

    12. Urteko kontuak egin eta kontu horiek gobernu-organoaren eta kanpo-auditoretza baten onarpenaren menpe uztea.

    1. Sustatzea dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta insertzio soziolaboraleko prozesuan dauden pertsonen kontratazio eta integrazioa.

  2. Arestian aipaturiko obligazioak betetzen direla bermatzeko, administrazio publikoek beharrezkoak diren aldiroko kontrol- eta ebaluazio-mekanismoak sustatuko dituzte, alderdi guztien parte hartzearekin. Obligazio horiek ez betetzeak euskal administrazio publikoekiko lankidetza eta elkarlana deuseztatzea eragin ahal izango du.

  1. Eusko Jaurlaritzan politika sozialen alorreko eskumena duen sailak, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin eta sareekin lankidetzan, Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren edo hura ordezten duen erakundearen bitartez, hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategia bat egingo du; alderdietako bakoitzak sustatuko dituen jardunak eta lankidetzan egindako jardunak hartuko ditu estrategia horrek barnean, bai eta hartarako beharrezko diren koordinazio-mekanismoak ere.

  2. Estrategiak lau urteko indarraldia izango du eta jasoko dituen helburuak eta neurriak honako hauekin lotuta egongo dira: Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareak indartzea, erakunde eta sare horien ekarpen soziala bultzatzea eta esku-hartze sozialaren esparru osoan dituzten funtzioak garatzea.

  3. Estrategiak honako alderdi hauek bildu beharko ditu, gutxienez: erakundeen oinarri soziala eta partizipazioa garatzea; antolamendua eta kudeaketa sendotzea; Euskadiko hirugarren sektore soziala egituratzea eta erakundeen arteko lankidetza; sostengarritasuna, autonomia, gardentasuna eta azalpenak ematea; inbertsioak eta azpiegiturak; lankidetza sektore publikoarekin; lankidetza enpresekin; Euskadiko hirugarren sektore sozialaren sustapena, zerga-sistema eta errekonozimendua.

  4. Eusko Jaurlaritzak dagozkion sailetatik Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko abiarazitako ekintzak eta neurriak ere bilduko ditu estrategiak, esku-hartze sozialaren esparruan nahiz jarduera ekonomikoaren sustapenari eta hori garatzen duten erakundeen sustapenari dagokienez. Zehazki, zerrendatuko dira politika sozialen gaian eskuduna den sailak zer-nolako diru-laguntzak eta laguntzak sustatzen dituen hirugarren sektore sozialeko sareen funtzionamendua errazte aldera eta Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareek interes orokorreko lurraldez gaineko jarduera sozialak egite aldera.

  5. Estrategiak planteamendu bat jasoko du sektore publikoak eta hirugarren sektore sozialak esku-hartze sozialaren eremuan elkarren artean eduki beharreko eraginari eta interakzioari buruz, aukerak identifikatuz administrazio publikoen eta hirugarren sektore sozialaren arteko lankidetza indartzeko erantzukizun publikoko sistemen kontsolidazio-marko batean, eta betiere bermatuz zuzeneko kudeaketa publikoa egongo dela eskaeren lehen arreta, balorazioa, diagnostikoa eta orientazioa egiteko prestazio eta zerbitzuei dagokienez, lege honen 10, 12 eta 13. artikuluetan zehaztutako eran.

  6. Estrategiak diagnostiko bat (liburu zuria edo antzekoa) izango du euskarri, lau urteko iraupena edukiko du eta adierazle jakin batzuk jasoko ditu, horien bitartez egin ahal izateko egikaritzearen jarraipen-txosten bat, urtero, eta emaitzen ebaluazio-txosten bat, estrategiaren indarraldia bukatzean. Bi txosten horiek Eusko Legebiltzarrari bidaliko zaizkio eta han aurkeztuko dira.

  1. Foru-aldundiek eta tokiko erakundeek hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategiak landuko dituzte, bakoitzaren eskumeneko eremu geografikoei dagokienez. Estrategia horiek beti koordinatu beharko dira Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategiarekin.

  2. Foru-aldundiek eta toki-erakundeek diru-laguntzen deialdiak egin ahal izango dituzte urtero hirugarren sektore sozialeko erakundeei interes orokorreko jarduera sozialak egiten laguntzeko, bakoitzaren eskumeneko lurralde-eremuetan, eta baita eremu horretako erakunde eta sareen funtzionamendua laguntzekoak ere, beste hainbat sustapen-neurri hartzeaz gain.

  1. Politika sozialen esparruan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak urtean behingo txostenak egingo ditu, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareak sustatzeko ekintzari buruz, eta horrez gain, erakunde eta sare horiek hobetzeko orientabideak ezarriko ditu.

  2. Urteko txosten hori publikoa izango da, eta informazio eguneratu eta sistematizatua bilduko du sektore publikoak nahiz pribatuak bultzatutako sustapen-neurri guztiei buruz.

  1. Euskal administrazio publikoek Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko ekintzak gauzatzen dituzten beste agente batzuekiko lankidetza sustatuko dute, arreta berezia ipiniz aurrezki-kutxen, banku-fundazioen eta bestelako finantza-erakundeen ekintza sozialetan. Lankidetza-eremu horren abiapuntua betiere izango da ekintza sozial horien norabidea eta ekimenak arloko politika publikoen menpe egotea eta horiei laguntzea eta babestea. Testuinguru horretan, besteak beste honako ekimen hauek ezarriko dituzte:

    1. Sinergiak erakundeek gauzatzen dituzten baina erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzaz bestelakoak diren interes orokorreko jarduera sozialen finantziazioan.

    2. Elkarrekiko eta beste erakunde batzuekiko aliantzak eta lankidetzak, hirugarren sektore soziala bultzatzeko eta horrek gauzatzen dituen interes orokorreko jarduera sozialak sustatzeko, besteak beste prestakuntza-ekintzen, laguntza teknikoaren, babesletzaren eta mezenasgoaren bitartez, edo proiektuetan lagunduz.

  2. Eusko Jaurlaritzak ekimenak abiarazi eta bultzatu ditu Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek sortutako interes orokorreko jarduera sozial horien finantzaketan herritarrek eta enpresek parte hartzeko praktika eta kultura indartzeko; besteak beste, honako hauek:

    1. Herritarrei eta enpresei zuzendutako ekintzak: sentsibilizazio-ekintzak, jardunbide egokiak errekonozitzeko eta hedatzeko ekintzak, jardunbide berritzaileak sustatzeko ekintzak, zerga-pizgarriei buruzko informazioa emateko ekintzak, eta proiektu interesgarriak ezagutarazteko ekintzak.

    2. Erakundeei zuzendutako ekintzak: baliabideak eskuratzerakoan prestakuntza eta laguntza teknikoa emateko ekintzak, komunikazioa, gardentasuna eta kontuak ematea, inpaktua ebaluatzeko ekintzak, alderdi interesatuekiko harremana, Europako programetarako eta nazioarteko funtsetarako sarbidea, eta bestelako estrategiak, betiere erakundeen jardueraren finantzaketan hirugarrenek izan beharreko inplikazioarekiko koherentziari eusten badiote.

  1. Euskal administrazio publikoek neurriak hartuko dituzte, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareen ekarpena handiena den eremuetan intentsitate eta konpromiso handiagoarekin, erakunde eta sare horiei errazte aldera interes orokorreko jarduera sozialak gauzatzeari atxikita dauden instalazio eta azpiegitura egokiak eduki ditzaten.

  2. Euskal administrazio publikoek neurriak hartuko dituzte, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareen ekarpena handiena den eremuetan intentsitate eta konpromiso handiagoarekin, erakunde eta sare horiei errazte aldera bere inbertsioak egin eta hobetu ditzaten eta beren jarduera ekonomikoa bultzatu dezaten.

  1. Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeek eta sareek, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, ekimen bat diseinatu eta bultzatuko dute herritarrei eta agente sozialei ezagutzera emateko Euskadiko hirugarren sektore soziala eta horrek egiten duen ekarpena. Ekimen horrek honako alderdi hauek bilduko ditu, besteak beste:

    1. Oinarrizko informazioa ezagutaraztea Euskadiko hirugarren sektore sozialari buruz eta horrek kuantitatiboki euskal gizarteari egiten dion ekarpenari buruz.

    2. Aldian behin harremanetan jartzea sektore publikoarekin eta beste agente sozial batzuekin.

    3. Parte hartzea hedabide sozial publiko eta pribatuetako informazio-ekintzetan, eta hedabide horiekin akordioak formalizatzea lankidetzan hainbat komunikazio-ekintza gauzatzeko.

    4. Komunikazio-kanpaina bat egitea, urtero, egun esanguratsu baten inguruan.

    5. Sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak gauzatzea ikastetxeetan, hirugarren sektoreko erakunde eta sareek parte hartuta.

    6. Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen biltzar bat egitea aldiro, erreferentzia gisa balio dezan sektoreko erakunde eta sareetarako eta beste agente batzuentzat.

  2. Euskadiko hirugarren sektore soziala osatzen duten erakunde eta sareen artean lankidetzan aritzea eta informazioa eta jardunbide egokiak elkartrukatzea sustatuko dute Euskadiko hirugarren sektore sozialeko sareek, eta edozein motatako baliabideak aprobetxatzea ere sustatuko dute. Horrez gain, errealitatearen azterketa partekatua sustatuko dute, eta estrategia bat diseinatu eta bultzatuko dute erakundeak berak eta beren egituraketa indartzeko, egiten duten ekarpena errekonozitzeko eta beste sektore eta eragile batzuekin aliantzak sendotzeko.

  1. Sektore publikoak arau-xedapenak, planak edo programak bultzatzen dituenean ekimen publikoa eta enpresa-ekimena sustatzeko, lehenagotik hirugarren sektore sozialeko erakundeen presentzia eta ekarpen garrantzitsua duten esparruetan, neurri horiek hirugarren sektore sozialean duten inpaktuaren ebaluazio bat egingo du aldez aurretik.

    Ebaluazio horretan jasoko da zer-nolako eragina duen arau, plan eta programen aplikazioak hirugarren sektore sozialeko erakundeen indartzean eta sendotzean eta erakundeok lege honetan adierazitako eran beren helburuak betetzean.

  2. Hainbat sistemaren zabalkundearen planifikazioak eta ebaluazioak (hala nola zerbitzu sozialen euskal sistema, diru-sarrerak bermatzeko eta inklusio sozialerako euskal sistema, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua) kontuan hartuko dute erakunde horiek benetan egiten duten eta egin dezaketen ekarpena, baita Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen presentzia aktibo eta garrantzitsua duten sistemen arteko elkarreragin-guneen planifikazio eta ebaluazioak ere.

  1. Euskal administrazio publikoak, bakoitzari dagozkion eskumenen esparruan, lankidetzan arituko dira Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeekin, esku-hartze sozialaren eremuan, honako hauek sustatzeko:

    1. enpresetara eta hirugarren sektore sozialera zuzendutako sentsibilizazio-ekimenak;

    2. elkar ezagutzeko eta lankidetza-proposamenak elkartrukatzeko guneak sustatzea;

    3. laguntza-, prestakuntza- eta bitartekotza-tresnak garatzea;

    4. ekimenak bi norabideetan kanalizatzea, erakundeetatik enpresetara eta enpresetatik erakundeetara, hain zuzen ere;

    5. martxan jarritako lankidetza-ekimenak ezagutzera ematea;

    6. lankidetza-modu guztietarako zerga-pizgarriak garatzea; eta

    7. esku-hartze sozialaren esparruan, eta hirugarren sektorerako diru-laguntzen bitartez, lankidetzan garatu diren eta erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzaz bestelakoak baina interes orokorrekoak diren ekimenak sustatzea.

  2. Aurreko paragrafoetan jasotako lankidetza bultzatzeko ekimenen helburuak honako hauek izango dira, besteak beste:

    1. babesletza- eta mezenasgo-ekintzak, donazio-ekintzak, marketin-ekintzak (kausarekin) edo beste hainbat ekintza, puntualak edo ez puntualak, enpresen baliabide ekonomikoak mobilizatzen dituztenak, esku-hartze sozialaren esparruan hirugarren sektore sozialeko erakundeen interes orokorrekoak diren baina erantzukizun publikoko zerbitzuen hornikuntzaz kanpo dauden ekimenak garatzeko; eta

    2. boluntariotza korporatiboko ekintzak, partekaturiko proiektuak abiarazteko hitzarmenak, eta bestelako ekintzak, lankidetza egonkorragoa eskatzen dutenak, eta erantzukizun sozialeko ikuspegiarekin eta enpresa eta erakundeen misioarekin, kapital ekonomikoaren, giza kapitalaren eta kapital sozialaren mobilizazioarekin lotuta daudenak.

  1. Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokia sortzen da. Eusko Jaurlaritzan zerbitzu sozialen eskumena duen sailaren menpe egongo da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren tresna tekniko bat izango da. Eginkizuntzat edukiko du informazioa eta ezagutza biltzea, sistematizatzea, eguneratzea, sortzea eta ezagutzera ematea, hirugarren sektore sozialarekin eta hartan sartutako erakunde eta sareekin zerikusia duten arloetan.

  2. Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak txosten zabal eta integral bat egingo du, bi urtean behin, errealitate sozialaren parte honen egoera eta eboluzioari buruz. Txosten hori bildutako datu estatistikoekin bat etorriz prestatuko da eta hartan arreta berezia eskainiko zaie generoaren, haurtzaroaren eta dibertsitate funtzionalaren ikuspegiei. Lan hori Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari edo horren ordezkoa den erakundeari eta Eusko Legebiltzarrari aurkeztuko zaie.

  3. Bere eskumenak egikaritzerakoan, Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiak lankidetza estua edukiko du hirugarren sektore sozialeko erakunde eta sareekin.

  4. Erregelamendu bidez ezarriko dira Hirugarren Sektore Sozialaren Euskal Behatokiaren eskumenei, eginkizunei eta funtzionamenduari buruzko arau zehatzak.

Lehenengoa. Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia.

Lege hau indarrean sartzen denean, abenduaren 11ko 283/2012 Dekretu bidez araututako Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari Euskadiko Elkarrizketa Zibilerako Mahaia deituko zaio, eta haren orain arteko araudi erregulatzaile guztia aplikatuko zaio legean aurreikusitakoaren aurka ez doan orotan.

Bigarrena. Ordezkaritza Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean.

Lege honen 9. artikuluan aurreikusitakoaren ondorioetarako, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean ordezkatutako ekintza sozialeko hirugarren sektoreko erakundetzat hartuko dira, Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordearen maiatzaren 17ko 8/2012 Legearen 4.1.c.8 artikuluan aurreikusitakoari jarraiki, Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeak.

Hirugarrena. Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategia.

Eusko Jaurlaritzak, lege hau indarrean sartu eta urtebeteko epearen barruan, 17. artikuluan aurreikusitako Euskadiko hirugarren sektore soziala sustatzeko estrategia egin eta onartuko du.

Laugarrena. Legearen ebaluazioa.

Eusko Jaurlaritzak, urte biko epean, txosten bat bidaliko dio Eusko Legebiltzarrari, hartan aztertuz eta ebaluatuz lege honen aplikazioaren eraginak eta ondorioak.

Lehenengoa. Ekintza sozialaren hirugarren sektoreko erakundeei aplikatu beharreko legedia.

Ekintza sozialaren hirugarren sektoreko erakundeek, hartu duten forma juridikoaren arabera aplikagarria zaien legedia espezifikoa bete beharko dute. Lege honetan ezarritako eran ekintza sozialaren hirugarren sektoreko erakunde izateak ez du salbuesten legedia espezifiko horretan ezartzen diren eskakizun eta baldintza guztiak betetzetik.

Bigarrena. Legea indarrean jartzea.

Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Beraz, Lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2016ko maiatzaren 13a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.