Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila 

Azken eguneratzea: 2012/10/11

ETS ari da aztertzen Bilbo-Donostia linearen amaiera Atxuritik Abandora eramatea

Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoa hiru aukera ari da aztertzen Bilbo-Donostia linearen amaiera Atxuritik Abandora eramateko, alternatiba azterlanen aurrerapenean ikusi denez.

ets

Teknikariek aurreikusi dituzten aurrekontuak 64 eta 80 milioi euro artekoak dira. Lehenbiziko aukerak 3.858 metroko luzera izango lukeen trazatua deskribatzen du. Aukera horrek hirurehun metro inguru izango lituzke Abandoko Terminal berrian, eta ondoren, trenbide bikoitzeko tunelaren bitartez, egungo trenbidearekin bat egingo luke, Miraflores Etorbidearen azpian. 2+300 k.p.-aren inguruan egongo litzateke Atxuriko geltoki berria, lur azpiko haitzulo motakoa. Geltoki horren sarrerako kanoiak egungo Atxuriko geltokira eta Saralegi plazara (Bilbo Zaharra) emango lukete.

Alternatiba horren planteamendua Sustapen Ministerioaren jatorrizko ideiatik sortzen da. Planteamendu horretan, Abandon egingo den terminalaren goiko solairuan metro bateko zabalerako hiru trenbide eta zabalera iberiarreko bost trenbide egongo lirateke, eta metro bateko zabalerako trenbideak batera erabiliko lituzkete ETS-k eta FEVE-k.

Horrela, Abandon eraikiko den terminalera metro bateko zabalerako bi trenbide helduko dira, eta nasen gunean beste bat gehituko zaie, metro bateko zabalerako hiru trenbide lortzeko. Hiru trenbide horiei dagokienez, FEVE-k bat ustiatuko luke, ETS-k beste bat ustiatuko luke eta hirugarrena aldian behin unitateak baztertzeko erabiliko litzateke, kanpoaldean dagoen nasa luzearekin batera.

FEVE-tik eta ETS-tik datozen trenbideen bi trazatuen lotura geltokiaren nasa gunetik seiehun (600) metro inguruko distantziara egingo da, horrela, bi operadoreek, egungo zerbitzuaren antzeko ustiapena izan dezaten, baina geltokia tren unitateen atseden eta itxarote gune gisa erabiltzeko aukerarik gabe, gaur egun operadore bakoitzaren geltokietan gertatzen den bezala.

Bigarren alternatibak 2.992 metroko luzera izango lukeen trazatua erakusten digu, hori ere trenbide bikoitzeko tunelaren bitartez Mirafloresetik. Atxurin haitzulo motako geltoki berria egongo litzateke (1+800 k.p.-aren inguruan, Enkarnazio plazaren ondoan), eta kanoi motako sarrera izango luke egungo Atxuriko geltokitik.

Alternatiba horrek, bi operadoreen (Euskotren eta Feve) espazio komuna igarotzeko geltoki bilakatzea planteatzen du, zaku amaierako geltoki bilakatu beharrean. Hau da, operadore bat geltokiaren mutur batetik helduko litzateke eta bestea bestetik.

Kontuan hartzen ari den hirugarren aukerak espazioak trenbide zabalera moten arabera bereiztea proposatzen du. Horretarako, Abandoko Geltoki Intermodal Berriko eraikinean solairu berria egitea planteatzen da, metro bateko zabalerako trenbideetarako soilik erabiltzeko. Horrela, Geltoki Intermodal Berriak solairu bat izango luke RENFE-k ustiatzen dituen zabalera iberiarreko lineen ustiapenerako; beste solairu bat  nazioarteko zabalerako trenbideak dituen Abiadura Handiko operadoreak erabiltzeko; eta hirugarren solairua metro bateko zabalerako instalazioetarako, FEVE-k eta EuskoTrenek ustiatuko luketena.

Oin planoari dagokionez, trazatua lehenbiziko alternatiban deskribaturikoaren nahiko antzekoa da (Ibaizabal itsasadarraren eskuinaldetik egiten duen ibilbidea ia berdina da), Atxuriko geltoki berriko haitzulotik Abandoko terminal berrira bitarteko tartea zertxobait laburragoa bada ere, 2.990 metroko luzerarekin. Trenbide bikoitzeko tunelean garatzen da, eta Atxurin haitzulo motako geltoki berria egongo da (sarrerak egungo Atxuriko geltokira eta Saralegi plazara).