Tratu-berdintasunari eta diskriminazioari buruzko Euskal Kongresua
- Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko V. Euskal Kongresua 2027ko urriaren 21ean eta 22an izango da, Gasteizen.
- Kongresuaren edizio berri horri buruzko aldizkako informazioa jaso nahi baduzu, bete formulario hau:
2027ko Kongresuari buruzko informazio-eskaera
Oharra: Eremu guztiak bete behar dira

- 2025eko urriaren 16an eta 17an Tratu-berdintasunari eta diskriminazio ezari buruzko IV. Euskal Kongresua egin zen. “Diskriminazioaren aurkako borrokan aurrera egiteko estrategiak” lelopean, Kongresuak denona den helburu batean jarri zuen arreta: pertsona guztiak babestuko dituen eskubideen kultura indartzea, arreta berezia jarrita historikoki diskriminatuta egon diren kolektiboetan, arrazializatutako pertsonetan bereziki, direla jatorri migratzailekoak, direla Ijito Herrikoak edo LGTBI kolektibokoak. Lanerako ikuspegi nagusia erakundeek eta gizarteak diskriminazio-egoerak prebenitzeko, antzemateko, artatzeko eta konpontzeko duten gaitasuna indartzea izan zen.
- Gaiari heltzean, bereziki kontuan hartu zen nazioarteko nahiz hurbileko testuingurua. Ageri-agerikoa da atzerapausoak eta tentsioak daudela giza eskubideen onarpenean eta babesean. Horregatik, Kongresuaren planteamendua izan zen adieraztea zer egoeratan zegoen tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren gaia, eta, horretarako, esku hartzeko esperientzia eta tresna baliagarriak partekatu ziren, arreta berezia aurrerapenetan jarrita, oztopoak-oztopo.
- Horregatik guztiagatik, Kongresuaren helburu nagusia hau izan zen: eragile instituzionalen, akademikoen, juridikoen eta sozialen arteko ezagutza- eta esperientzia-trukea sustatzea, tratu-berdintasunean aurrera egiteko eta diskriminazioaren aurrean ematen den erantzuna hobetzeko.
- Ikuspegi arauemaile edo formalistak saihesteko, programak esparru-ponentziak eta praktika profesionalera bideratutako mahai tematikoak konbinatu zituen, eta ikuspegi juridikoak, instituzionalak, akademikoak, komunikatiboak eta komunitarioak txertatu zituen. Ikuspegi integral horri esker, aukera izan zen diskriminazioari beste ikuspegi batetik heltzeko: ez bakarrik eskubideen urraketa indibidual gisa, fenomeno sozial gisa baizik, hainbat ingurunetan (administrazioa, espazio publikoa, sare sozialak, justizia, hedabideak, arreta-zerbitzuak) adierazten baita eta erantzun integralak behar baititu.
- Bi modu horietatik heltzea funtsezkoa izan zen Kongresuari erabilera operatiboa emateko —trukea eta diagnostikoa—. “Ezagutzeaz” edo “sentsibilizatzeaz” gain, tresnak ere eman ziren, hala nola interpretazio-esparruak, esku hartzeko ikuspegiak, komunikazio-estrategiak, hurbilketa metodologikoak eta auzitara eramateko moduak, tratu-berdintasunean lan egiten dutenen jarduteko gaitasuna indartzeko, oso eremu desberdinetatik.
- Programarako esteka

- 2023ko urriaren 5etik 6ra, Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko III. Euskal Kongresua egin zen Donostian. Kongresuaren gai nagusia eta edizio horren izenburua “Diskriminazioaren aurkako estrategien erronkak eta aukerak” izan zen.
- Donostiako Aquariumean egin zen, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren konpromiso eta sustapenarekin, eta Biltzen (Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua) arduratu zen kongresua zuzentzeaz eta haren idazkaritza teknikoaz.
- Kongresua Eraberean sarearen bi urtez behingo lan-esparruaren barruan egin zen, eta konpromiso honetan gauzatu zen: espazio teknikoak sor daitezen indartzea, beste eragile akademiko, sozial eta instituzional batzuekin benetako berdintasunaren alde gogoeta egiteko eta elkarlanean jarduteko.
- Programarako esteka

- 2021eko abenduaren 1etik 3ra, Bilbon, Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko II. Euskal Kongresua egin zen. Kongresuaren gai nagusia eta edizio horren izenburua “Gorroto-diskurtsoari aurre egiteko erantzunak” izan zen.
- Zenbait ikuspegitatik planteatu zen: zuzenbidetik, politika publikoetatik eta gizarte zibil antolatuaren ekintzatik. Era berean, adierazi zen zer ezaugarri berezi zituzten diskriminazioaren aurka babesten diren kolektiboek (jatorri nazionala, etnikoa edo arrazakoa; sexu- eta genero-aniztasuna; desgaitasuna; erlijio-sinesmenak...).
- Kongresuan arlo horretako hainbat adituk parte hartu zuten, diskriminazioaren aurkako borrokaren eguneroko jarduna eta diskriminazioaren agerian jartzeko modu desberdinak ongi ezagutzen dituztenak. Horrez gain, berdintasunaren alde lan egiten duten arduradun instituzionalak ere izan ziren.
- Programarako esteka

- Familia Politikako eta Aniztasuneko Zuzendaritzak antolatu zuen Kongresua, Eraberean sarearen ekimenez, eta Biltzen - Gizarteratzea eta Kulturarteko Bizikidetzaren Euskal Zerbitzua arduratu zen kongresuaren idazkaritza teknikoaz. Kongresua 2018ko abenduaren 13an eta 14an egin zen, Gasteizen, “Askeak eta berdinak duintasun eta eskubideei dagokienez” izenburupean.
- Kongresuaren helburua izan zen diskriminazioarekin eta gorroto-delituekin lotutako esperientziei buruz hausnartzea eta esperientzia horien berri ematea elkarri, bi helburu nagusirekin: batetik, agenda politiko, instituzional eta sozialean are gehiago indartzea tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioa, eta, bestetik, etorkizunean gerta daitekeenaren zantzuak identifikatzea, arlo horretako ekintzak haien arabera bideratzeko.
- Programa ofizialaz gain, Kongresuaren eragina zabaldu egin zen: beste programa paralelo bat egin zen hiru lurralde historikoetan banatuta, diskriminazioaren aurkako borrokaren inguruko jarduerekin. Programa paralelo horri abenduaren 10ean ekin zitzaion, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean.
- Programarako esteka

