Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Nabigazio-lizentzia

Nabigazio-lizentziak orain arte itsas-kirol federazioek emandako baimena (Titulina) ordezkatzen du, urriaren 10eko 875/2014 Errege Dekretuakezartzen duen bezala.

Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzak emango ditu Euskadin nabigazio-lizentziak.

Nabigazio-lizentziaren eskudantziak

6 metrorainoko luzera duten laketontziak eta fabrikatzailearen arabera horientzako egokia den motor potentzia egokia dutenak, egun-argiz nabigatzeko eta portutik, itsasaldetik edo babeslekutik edozein norabidetan 2 milako distantziara baino gehiagora iritsi gabe. "C" motako moto nautikoak, 55 CV-tik beherako potentziakoak ere gobernatu ahal izango dituzte.

Itsas-kirol federazioen baimena edo "Titulina" ordeztu

Baimen hori daukatenak, eskudantzia berberak izaten jarraitu ahal izango dute, edo "Titulina" delakoa "Nabigazio-lizentzia" titulu berriagatik ordeztu. Horretarako, 4 orduko praktika egingo dute federazioan edo zentro homologatu batean.

Badira aurreko araudiaren arabera lortutako tituluak, hau da, Aisialdirako ontziak gobernatzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 26ko FOM/3200/2007 Arauaren arabera lortutakoak. Bada titulu horien jabeek, tituluek ematen dizkien eskudantziak gorde ahal izango dituzte edota araudi berriaren araberako tituluengatik ordeztu.

Jakintza teorikoen ikasgai-zerrenda

1. Teoria ordu bi emango dira. III. eranskinean bildutako eduki praktikoetarako sarrera egin da ordu horietan. Era berean, balizatu gabeko hondartzetan, balizatutako hondartzetan eta haietara sartzeko kanaletan nabigatzeko mugei buruzko ezagutzak emango dira. Itsasoko eta portuetako barne-nabigazioari buruzko araudia. A eskualdeko alboko markak. Ontzia gobernatzeko modua, zabuak eta buruzkak saihesteko, eta olatuekiko trebesean nabigatzearen garrantzia. Itsasoan abordatzeak prebenitzeko nazioarteko erregelamenduaren honako arauak: 4tik 8ra, 11tik 19ra eta 37a (IV. eranskina barne hartuta).

2. VHF irrati-estazio eramangarria erabiltzeko oinarrizko ezagutzak: 16. kanala ezagutu, haren erabilera larrialdietan eta ohiko oinarrizko komunikazioak; baita Itsas Salbamenduarekin harremanetan jartzeko modua (16. kanala, 112 eta 900 202 202 telefonoak).

Prestakuntza teoriko hau gelan eman ahal izango da edota praktiketako ontzian bertan.

Segurtasuneko eta nabigazioko arauzko oinarrizko praktiken ikasgai-zerrenda

Nabigazio-lizentzia lortzeko praktikak lau ordukoak izango dira eta jarraian zehaztutako prestakuntza emango da. Meteorologia baldintzak kontuan hartuta, nolabaiteko malgutasuna izango da praktikak egiteko. Nolanahi ere, praktiketako aipatutako ordu kopurua bete egin beharko da eta ikasgai guztiak eman beharko dira.

1. atala. Segurtasuna eta itsasora irten aurretik egin behar diren egiaztapenak. Segurtasuneko materiala ezagutu eta erabiltzen jakin, itsasontziaren puntu kritikoak berrikusi eta itsasora irten aurretik egin behar diren egiaztapenak.

- Salbamendu-txalekoaren erabilera eta haren elementuak ikuskatu. Txalekoa ondo doitu eta jartzearen garrantzia. Eskuko bengalak, haiek erabiltzean kontuan hartu beharreko arreta-neurriak eta nola funtzionatzen duten azalpena. Behe-laino turuta eta heliografoaren erabilera. Xukatzeko ponpa. Ontziko botika-kutxa eta haren edukia.

- Itsasontziaren puntu kritikoak berrikusi: hondoko balbulak, helizearen hodia (bozina), lema-arima, leihoak eta kroskoko bestelako irekiguneak. Itsasoratu aurretik egin beharreko egiaztapenak: itsasontziaren egoera orokorra, xukatzeko ponpa, espazio hutsak egiaztatu, erregai-maila, edateko ura, baterien karga. Ontzian dauden pertsona-kopurua egiaztatu, baita segurtasun-elementuen baliotasuna ere.

2. atala. Motorrak. Propultsio-instalazioetako osagaiak identifikatzea. Motorra abiarazi eta funtzionamenduaren egiaztapenak.

- Karelez kanpoko motorrak: berezitasunak eta haiek erabiltzean kontuan hartu beharreko arreta-neurriak. Motorra abiarazi aurreko egiaztapenak: atmosfera leherkorrik ez dela ziurtatu, mailak, loka-puntua eta abiatze-bateriaren karga. Berotze-alarma eta olio-maila. Motorra abiarazi eta hozketa-ponparen funtzionamenduaren egiaztapenak, ihes-hodiko kearen kolorea eta motorraren soinua, pertsona bat uretara erortzen denerako maniobrak.

- Zurrusta-propultsioa: ezaugarriak, azeleragailua kakoari eraginda eta ponparen eta haizebidearen inguruan hartu beharreko arreta-neurriak.

3. atala. Sokak. Soken eta oinarrizko korapiloen erabilera.

- Sokak erabiltzean hartu beharreko arreta-neurriak. Oinarrizko korapiloak: kotea, lastegia, ballestrinkea. Nola erabiltzen diren azaldu. Sokak finkatzeko modua bita eta adarbikoetan.

4. atala. Maniobra.: Maniobrak moila-barrenean, atrakatzeak eta desatrakatzeak. Segurtasun-abiadura.

- Amarratzea utzi aurretik hartu beharreko arreta-neurriak: beste itsasontzi batzuk, oztopoak edo sokak uretan. Desatrakatze maniobra haizearen eta korrontearen arabera. Helizearen biraketaren ondorioak maniobra egin bitartean. Bilakaera aurrera eta atzera eginez. Ziaboga. Bilakaera-kurba. Segurtasun-abiadura. Ikuskera-angelua eta maniobrak kai-muturretan eta ikuspen gutxiko bestelako tokietan.

- Lehorreko amarratzeko lekuak ikuskatu.

- Amarrak prestatu ontzian. Defentsak jarri eta abarloatzerakoan hartu beharreko arreta-neurriak. Atrakalekura hurbildu. Lazafrinaren erabilera. Amarren erabilera: luzeak, saihetsaldekoak eta esprinak. Adarbikoetera, mutiloietara eta zirgiloetara amarratzeko modua. Atrakatzea haizearen eta korrontearen arabera.

5. atala. Ainguratzea, zaintza eta itsasbidearen kontrola. Ainguratze-maniobra eta aingura altxatzea. Bainua hartzen ari direnekin eta urpekariekin hartu beharreko arreta-neurriak.

- Ainguratokia hautatzeko kontuan hartzekoak: babeslekua, haizea, korrontea eta ainguratokia. Hondoan hondarra, lohia edo hartxintxarrak dituzten ainguratokiak, ezaugarriak. Katearen luzera, hondoa eta itsasoaren eta haizearen egoera kontuan hartuta. Ainguratzea tinkotu. Aingura altxatu.

Bainua hartzen ari direnekin eta urpekariekin hartu beharreko arreta-neurriak: Ainguratokira hurbiltzerakoan eta handik irteterakoan, eta motorrak martxan jartzean ainguratuta gaudela.

6. atala. Segurtasun-maniobrak

Itsasora erortzeko arriskuak identifikatzea. Pertsona bat uretara erortzen denerako jarduteko modua.