Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Zebra muskuiluaren ale helduak aurkitu dira Nerbioi ibaian, Basaurin

Argitalpen-data: 

Mendikosoloko urtegian larbak agertu ondoren egindako laginketetan

2012ko irailean Mendikosoloko urtegian larbak eta ale helduak aurkitu ondoren, laginketa berriak egin dira eta horien bitartez ale helduak aurkitu dira Nerbioi ibaian, Basaurin (Bizkaia), Lapatza industrialdearen inguruan, eta Arizeko auzoan. Aurrekariak kontuan izanda, itxarotekoa zen muskuilua aurkitzea urtegitik uretan behera, eta orain baieztatu egin da. 

Zebra muskuiluaren ale helduak dira; hala ere, esan beharra dago espeziea Mendikosoloko urtegitik uretan behera finkatzeko lehenengo fasean dagoela. Baieztapen honekin Nerbioi ibaia zebra muskuiluaren presentzia duten puntuei gehitzen zaie: Ebro ibaia, bertan kopurua handia da; Uribarri-Ganboa (bertan larbak, eta ale heldu gutxi batzuk aurkitu dira) Undurraga eta Urrunagako urtegiak eta Santa Engracia, Arratia eta Ibaizabal ibaiak. 

Gaur, urriak 16, arlo honetan EAEn eskumenak dituzten erakundeek osaturiko jarraipen- eta koordinazio-batzordea batu da. Batutakoak: Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxiki den Uraren Euskal Agentzia, Kantauriko Konfederazio Hidrografikoa, Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoa eta Iberdrola). 

Horren barruan hainbat jarduera proposatu, koordinatu eta burutzen dituzte espezie horrek izan dezakeen eragina murrizteko (hala nola populazio berriak goiz topatzeko lanak; aleak deuseztatzea, hori egin ahal izan denean; araudiak egokitzea eta betetzen direla zaintzea; dibulgazio- eta sentsibilizazio-lanak; desinfektatzeko estazioak ipintzea...). Euskal Autonomia Erkidegoan Zebra-muskuilua Kontrolatzeko Erakundeen arteko Hiru Urteko (2013-2015) Ekintza Plana lantzen ari da batzordea; haren bidez, ildo eta neurri koordinatuak zehazten dira orain arte eraginik nozitu ez duten ur-masak kolonizatzea saihesteko eta dagoen ekosistemei ekarritako eraginak ahalik eta txikienak izan daitezen. 

Ekintza guzti hauekin espeziearen zabaltzea mugatu nahi da, haren kalteak potentzialak (bai ekologikoak bai ekonomikoak) murrizte aldera. Batzordean adostutako neurriak definitzerakoan, eraginkortasun ekonomikoa eta ingurumenarentzat aproposenak izatea bilatzen da. Espeziearen zabaltzea ahalik eta gehien mugatu edota atzeratzea garrantzitsua da oso, orain kolonizatu gabeko ur masak babesteko. Lan hauek laguntzen dute espeziearen zabaltze abiadura murrizten eta zabaltzearen hedadura moteltzen. 

Azkenik, gogorarazi beharreko bi mezu. Alde batetik, jakinarazi behar da espezie horren hedapenak eragina izan dezakeela bai ingurumenean, bai azpiegituretan; halere, ez da inolaz arriskutsua gisa-osasunerako. Beste alde batetik, Zebra-muskuilua hedatzeko bide nagusia giza jarduerak dira, nabigazioa bereziki, ontzietan eta arrantza-ekipoetan itsatsita gelditzen baita. Horregatik, prebentzio-neurriak areagotzea oso garrantzitsua da zebra-muskuiluak okupatutako eremuetatik haratago dauden beste ur batzuetara garraiatzea saihesteko.