Italiako kasuari begira, sare-lana egitea ezinbesteko ikusten da eskualde-behatokiak sortzeko, eta finantziazioa bilatzeko beharra azpimarratzen da. Europan azterketa-lana egiteko masa kritikoa edukitzea komeni dela ere adierazi da saioan.
Sare-lanaren adibideak: Italiako kasuaz gain, Eurostat dago, hau da, Europako metodologien sarea, baita Circle ere (haren funtzioen barruan, informazioa eta jakintza partekatzen dira).
Sare-lanaren abantailak eta mugak
Sare-lana egiten denean, behatzen denari buruzko ikuspegiak elkartu daitezke. Jakintza jasotzea, sortzea eta zabaltzea nabarmentzen dira lan-esparruen artean. Sare-lanaren bideragarritasuna aztertu behar da. Besteak beste, hauek dira arrakasta izaten lagundu dezaketen faktoreak: elkarrekikotasuna, konfiantza, jardunbide onenak ikastea, lehentasunezko loturak proposatuz elkartzea eta nodo interaktiboekin diseinu deszentralizatua egitea. Hain zuzen ere, balio erantsia bilatuko zen expertiseren elkarrekiko korrespondentziaren bidez.
Ikusten ez den guztiak du garrantzia sare-lanean. Ikerketa, berez, sare-logika baten barruan dago. Horrenbestez, hori onartzeko eta babesteko apustua egiten da, baina kontuan hartu behar da kostu bat izango duela.
Kulturaren behatokiek sarean lan egiteko benetako aukerak
Sarean lan egiteko baldintza da gai erakargarriak aukeratzea, lan-esparruak, osagai eragileak, etorkizunerako proiektu zehatzak; izan ere, horixe da finantziazioa lortzeko modu bakarra. Zenbait proposamen egin dira, esate baterako, gazteek kultura kontsumitzeko dituzten modu berriak, teknologia berriei lotutakoak; globalizazioak kulturan duen eragina; informazioa lortzeko metodologiak; hiri- eta landa-aglomerazio txikietarako informazio-eredua osatzea, udaletako arduradunentzat erabilgarria izango baita; kulturaren hirugarren sektorean egindako lanak trukatzea (inkesta-ereduak, satelite-kontuak, balio-adierazleak); erabili ohi diren baino adierazle eta indize sofistikatuagoak lantzea. Elkarrekin jorratu beharreko lan-esparru horietarako, behin eta berriz aipatu da saioan gaiak nahiz tresnak berritu egin behar direla.
Bukatzeko, euskal behatokiaren euskarri birtuala edukitzea adostu da –extranet–, dokumentazioa bertan jartzeko. Urtarril amaierara arteko epea ezarri da gaiak baloratzeko, proiektua martxan jartzearen kostuak kalkulatzeko eta bestelako erakundeetara nola zabaldu aztertzeko. Parte-hartzaileek argi utzi dute Jardunaldietan hasitako lankidetzarekin jarraitzeko asmoa dutela.