Logo Euskadi.eus
Hizkuntza

Nazioarteko jardunaldien lan-saioak:
aurkezpena eta laburpena

Lau saiotan egituratu ziren kulturaren behatokiekin egindako nazioarteko lan-jardunaldiak:

  1. Behatokiaren eginkizuna kultura-sisteman
  2. Kulturaren behatoki bat antolatzea
  3. Esparru estatistikoa
  4. Behatokien arteko sare-lana

1. SAIOA : BEHATOKIAREN EGINKIZUNA KULTURA-SISTEMAN

Aurre Dokumentua

sesion1Behatokien premiak, helburuak eta funtzioak

Independentzia eta neutraltasuna. Parte hartzen duten eragile guztiekin neutrala izatea beharrezkoa dela adierazi da saioan. Baina, aldi berean, sustatu duten administrazioetatik/instituzioetatik hurbil daude behatoki gehienak (edo haien parte dira, esate baterako, Frantziakoa eta Kataluniakoa). Horregatik da beharrezkoa erabaki politikoetatik hurbil egotea, eta adierazten diren zuzeneko eskaerei erantzutea. Alde horretatik, ahalik eta independentziarik handiena nagusitu behar da. Beraz, neutraltasuna eta independentzia gorde behar dira.

Organo autonomoak eta bitarteko erakundeak. Sendotu ahala, behatokiek haien oinarri izango diren egitura autonomoak behar dituzte. Batez ere, kudeaketaren arloan izan behar dute autonomo.

Epe ertain eta luzera, lankidetza publiko eta pribaturako guneak izan behar dute behatokiek, eta inguruan dabiltzan eragile guztien parte-hartze kolektiboa ahalbidetu behar dute. Hortaz, instituzioen eta zerbitzuak jasoko dituztenen arteko erakundeak izan behar dute.

Funtzio berriak, informazioa barneratzeko premia. Saioan aipatu denez, behatokien funtzio nagusia estatistikak sortzea da. Hala ere, esperientziak erakusten du estatistika horiek jasoko dituztenek (instituzioak, kultura-sektoreak, zientzialariak, herritarrak) barneratu egin behar dituztela estatistikak. Eragile gehienek “ez dute denborarik” estatistikak aztertzeko. Hori dela eta, aztertze-lan hori ere behatokiak egin behar du. Horrela, sortutako jakintzak politika publikoetan eta eragile pribatuetan edo hirugarren sektorean izango du eragina eta, beraz, onuragarria izango da.

Esparru berriak edo eginkizun estrategikoak?

Esparru berriak. Kulturaren Euskal Behatokiaren proposamena asmo handikoa dela aipatu da saioan. Esparru klasiko edo tradizionalak eta balio-katea behar den bezala jasotzen dira. Alde horretatik, proposamena mailakatua izatea guztiz beharrezkoa dela uste da, sistema osoak iraun dezan.

Hala ere, esparru klasikoak aztertzeaz gain, sortzen ari diren zeharkako esparruak aztertu behar dira. Besteak beste, esparru hauek aipatzen dira: gazteen eredu eta ohitura kultural berriak (gazteenetatik –6 eta 14 urte bitartean– nerabeetara); horren barruan “gelako kultura” aipatzen da, orain arte ezagutu izan dugun kultura komunitarioa baino indibidualagoa; teknologia berrien eragina (ohitura kulturalen aldaketei oso lotua); kulturaren eta komunikazioaren arteko loturak (gazteen gaia eta ohitura kultural berriak hartzen ditu barne esparru horrek).

Testuinguru “txikietan” (esate baterako, EAEn) errazagoa da gai horiek jorratu eta joera handiak antzematea, hainbeste aldagai dituzten esparru horien azterketan gehiegi galdu gabe.

Instituzioen eta sektoreen arteko koordinazioa

Harremana instituzioekin/administrazioekin.  Instituzioekin eta sektoreekin izango dituzten harremanak bideratzeko, behatoki gehienek antolakuntza-egiturak sortzen dituzte, eragile horiek parte har dezaten.

Hori egiten dute Quebec-en. Hain zuzen ere, batzorde aholku-emaileak (8) eta sektorekoak (6) sortu dituzte, baita beste batzorde bat ere finantza-erakundeekin, eta beste bat zientziaren eta unibertsitatearen arloarekin harremanetan egoteko.

Departement d’Etudes, de la Prospective et des Statistiques erakundeak azterlan-batzorde baten bitartez lan egiten du. Batzorde horretan, sektoreetako ministerio-ordezkariak daude, eta gune horretan adierazten dira urtero sektoreen informazio-premiak. Beraz, zeharkako harremana dago sektoreekin; izan ere, administrazioetan dituzten bitartekoek adierazten dituzte haien premiak.

Sektoreekiko harremana. Arrisku bat dago: kultura-politikak kulturako sektoreentzat baino ez sortzea. Arrisku hori ekiditeko, kulturako sektoreentzat lan egin beharrean, kulturako sektoreekin lan egin daiteke. Horrela, kulturako sektore gisa pentsatzeaz gain bestela ere pentsatzera eta berehalako interesak gainditzera behartu nahi dira kulturaren arloko sektoreak.