Logo Euskadi.eus
Hizkuntza
v

Nazioarteko jardunaldien lan-saioak:
aurkezpena eta laburpena

Lau saiotan egituratu ziren kulturaren behatokiekin egindako nazioarteko lan-jardunaldiak:

  1. Behatokiaren eginkizuna kultura-sisteman
  2. Kulturaren behatoki bat antolatzea
  3. Esparru estatistikoa
  4. Behatokien arteko sare-lana

2. SAIOA: KULTURAREN BEHATOKI BAT ANTOLATZEA

Aurre Dokumentua

Parte-hartzea, koordinazioa eta eraginkortasuna

sesion2Lan publiko eta sektorialeko guneak (batzordeak, kontseiluak, lan- eta azterketa-taldeak…) biltzeko eta koordinatzeko beharrari buruz adostasun orokorra lortzea, behatoki horiek garatu eta sendotuko direla bermatzeko eta legitimatzeko. Gune horiek diagnostikorako zein kontrasterako esparruak dira, baita prozesuak eta emaitzak zabaltzeko ere.

Behatokien bizitza-zikloak eragin zuzena du sektoreekin duten loturan eta informazioaren sorkuntzan:

  1. behatokien lehen urteetan asko izaten dira talde-kopuruak eta iritzi-trukeak (bilerak...). Hasieran, behatokiak denbora nahikoa izan beharko du informazio hori biltzeko, baliatzeko eta orrazteko.
  2. behatokia sendotuago dagoenean, talde-kopurua eta bileren maiztasuna txikiagotu egin ohi da, eta joera/estrategia handiei ematen zaie garrantzia.

Ibilbide luzeagoa izan duten esperientzietan ez bezala (adibidez Quebec-ekoa), bestelako lan-taldeak sor daitezke: kultura-kudeatzaileek osatu beharrean haiek ordezkatzen dituzten elkarteek osatutakoak, esaterako, profesionalen elkarteak, etab., edota elkarteen elkarteak, joerak eta/edo estrategiak zehazterakoan garrantzi handiagoa duten guneak baitira.

Parte-hartzea eta eraginkortasuna elkartzeko zailtasunen artean aipatzen da sektoreko lan horiek errebindikaziogune gisa erabiltzea.

Halaber, talde horiek adierazitako eskari-kopurua bideratzeko arazoak hartu behar dira kontuan, eta lehentasunak ezarri behar dira dauden helburu eta baliabideen arabera.

Behatokiak eta organo estatistikoak

Behatokiek organo estatistikoekin duten loturari dagokionez, azpimarratzekoa da elkarrekin eta modu iraunkorrean lan egin behar dutela, honako hauek baliatzeko:

  1. zerbitzu horiek arlo teknikoan eman ditzaketen aholkuak (galdera-sortak egitea, etab.).
  2. eskura dagoen informazioa (eta, batzuetan, gutxiegi erabiltzen dena)
  3. organo horiek emaitzak nola zabaltzen dituzten

Nolanahi ere, epe luzeko lan-prozesuak dira, kulturaren sektorea gutxi ikusten baita “operazio estatistiko handietan”. Horrelakoetarako, sektoreko galdera espezifikoak sartu behar dira bestelako operazioetan, sektoreko Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionalak eta Lanbideen Estatuko Sailkapenak identifikatu behar dira, etab.

Emaitzak jakinaraztea eta zabaltzea

Oro har, emaitzak jakinarazteko orduan, estrategia tradizionalak (urteroko argitalpenak, memoriak, balantzeak, buletinak, papereko edizioak, etab.) eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiak erabiltzen dira elkarrekin.
Interesgarria da kultura-estatistikak buletin espezifikoen eta monografikoen bidez zabaltzea, egiten ari diren lanen emaitzekin.
Nabarmentzekoak dira Quebec-eko esperientzia (prentsako profesionalentzat RSS erabiltzen da –berriak–), edo Kataluniakoa (informatzaileak fidel egiteko, aurreko urteko emaitzen laburpena bidaltzen zaie galdera-sortekin batera). Era berean, azpimarratzekoa da informazio-baseak eguneratuta edukitzearen garrantzia (enpresak, profesionalak...).