Argi izan behar da ezaugarri horiek dituen behatokia berezia dela, Institutu Estatistiko batek egiten duen lanarekin alderatuta. Behatokia ez da sortu Institutuak egiten duen lana zehaztasun handiagoarekin egiteko, baizik eta falta den informazioa betetzeko.
Alde batetik, kulturaren sektoreko premiei erantzun behar die (parte hartzen duten sektoreko eragileei); bestetik, administrazio publikoen premiei.
EUROSTATen arauekin koordinatuta, hurbiltasun geografikoaren berezitasuna zaindu behar du, eta tresna metodologiko espezifikoak (sailkapen-kodeak...) sortu behar ditu, baita haren errealitate txikiari eta tamainari egokitutako lan-prozesuak ere.
Orain arte egindako lana optimizatzea komeni dela azpimarratu da saioan. Bestelako erakunde edo profesionalek lehenago sortutako ahaleginak edo inputak erabili behar dira, behatokiaren premietara egokituta, baina egindako lana baliatuz.
Funtsezko arloetan edo kultura-jardueraren muinean lan egin behar du behatokiak, eta mugan dauden arloek sortzen dituzten sakabanatzeak saihestu behar ditu.
Prozesuak pixkanakakoa izan behar du, eta apurka-apurka esparruak betetzen joango den prozesu gisa ulertu behar dira behatokiak egingo duen lana nahiz esparru estatistikoaren laguntza.
Kulturako zenbait alderdi neurtzeko zailtasunak/irtenbideak
Direktorio onak izatea funtsezkoa da lurralde txikietan lan egiterakoan; izan ere, egingo diren lan gehienek zerrendatuta edukiko dituzte partaide guztiak.
Balioztatzea egiteko adierazle sintetikoak sortzea
Adierazle sintetikoak/agregatuak aztertzeko interesa orokorra da, hasierako fasean gaudela adostu den arren. Dena dela, garatu beharreko alderdia da.