Osasun Saila

Koronabirus berriaren aurrean Euskadin jarduteko informazioa eta gomendio orokorrak

Euskadiko egoera

Orain arte ez da kasu bakar bat ere hauteman gure autonomia-erkidegoan, eta ez dago, beraz, aparteko neurririk hartu beharrik. Kutsatzeko arriskua oso txikia da.

Hala eta guztiz ere, Euskadik badu jarduketa-protokolo bat, eta ospitaleetako larrialdietako eta Etengabeko Arreta Puntuetako (EAP) profesionalak, Osakidetzako larrialdien sarea eta kasu hauetarako ESI bakoitzean arduradun zuzenak dituzten ospitaleetako zerbitzuak hartzen ditu bere baitan. Hori guztia zainketa epidemiologikoaren sareak gainbegiratzen du, Gaixotasun Infekzioso Berrien Euskadiko Aholku Batzordeak lagunduta.

Zer da koronabirusa?

Koronabirusak birus familia zabal bat dira, eta normalean animaliei bakarrik eragiten diete. Batzuek animalietatik pertsonetara transmititzeko gaitasuna dute. Koadro klinikoa hotzeria arrunta izan daiteke, baina baita gaixotasun larriago batzuk ere, arnas sindrome akutu larria (SRAS-CoV) eragin zuen koronabirusarekin eta Ekialde Hurbileko arnas sindromea (MERS-CoV) eragin zuenarekin gertatu zen bezala.

2019ko abenduan etiologia ezezaguneko 27 pneumonia kasu identifikatu ziren aldi berean, horietatik zazpi larriak, eta Wuhan hiriko (Txina) itsaskien, arrainen eta animalia bizien handizkako merkatu batekin erlazionatuta zeuden. 2020ko urtarrilaren 7an identifikatu zen agerraldia eragin zuena Koronabirus berri bat zela, 2019-nCoV izena eman diotena.

Lehenengo kasuetan gaixotasunaren inkubazio-aldia 2-12 egunekoa izan zela uste da, baina beste Betanokoronabirus batzuk, MERS-CoV eta SARS-CoV, ezagututa, 14 egunekoa ere izan daiteke.

Zer egin dezaket babesteko?

Arnas eritasunen aurrean norbera babesteko neurri orokorren artean daude eskuak sarri garbitzea (urarekin eta xaboiarekin edo alkoholdun soluzioekin), batez ere gaixo dauden pertsonekin edo ingurukoekin zuzenean kontaktuan egon ondoren; arnas eritasunaren sintomak dituzten, besteak beste, eztula edo doministikuak egiten dituzten, pertsonekin kontaktu estua izatea saihestea; metro inguruko distantzia gordetzea arnas eritasun akutuaren sintomak dituzten pertsonekin; ahoa eta sudurra behin erabiltzeko mukizapiekin edo oihal batekin estaltzea eztula edo doministiku egiten denean, eta eskuak garbitzea.

Neurri horiek ohikoak diren eritasunen aurrean ere babesten dute, gripearen kasuan, esate baterako.

Euskadin ez dago aparteko neurririk hartu beharrik ez animaliekin ez elikagaiekin infekzio hori saihesteko.

Zein dira sintomak?

Sintomarik ohikoenak eztula, eztarriko mina, sukarra eta aire falta dira. Kasurik larrienetan, infekzioak pneumonia, arnasa hartzeko zailtasun handia, giltzurrunetako gutxiegitasuna edo heriotza eragin dezake. Kasurik larrienak adinekoetan edo beste gaixotasunen bat, hala nola, bihotzeko edo biriketako gaixotasunak, edo immunitate-arazoak, dituzten pertsonetan gertatzen dira normalean.

Hartu behar al da neurri bereziren bat Txinatik jasotzen diren salgaiekin?

Europako Batzordeak ez du aparteko neurririk hartu giza kontsumorako edo erabilerarako Txinatik datozen salgaiei egiten zaizkien kontrol ofizialei dagokienez. Oraingoz, beraz, orain arteko gomendio berberak aplikatuko dira, eta ez dago salgaiei buruzko inolako murrizketarik ez gomendio berezirik.

Egoera honetan bidaiatu al dezaket Txinara? Zer arrisku dut?

Osasunaren Mundu Erakundeak ez die inolako murrizketarik ezarri Txinarako bidaiei eta Txinako merkataritzari, baina Txinan birusak eragindako lurraldeetara ez bidaiatzea gomendatzen da, ezinbestekoa ez bada. Horrez gainera, komeni da aurretik jakitea destinoko lekuan nolabaiteko murrizketarik ezarri duten Txinako agintariek.

Birusa Hubeiko probintzian agertu zen, eta bertan hauteman da infekzioaren transmisio jarraitua. Aholkatzen da, orokorrean eta, bereziki, Hubeiko probintzian, gutxi egindako haragirik ez jatea eta bizirik edo hilda dauden animalia basatiekin edo etxe-animaliekin hurbileko kontakturik ez izatea. Horrez gainera, higiene-neurriak areagotu behar dira arnas-infekzioak dituzten eta birusak eragindako eremuan berriki egon diren pertsonekin kontaktua izanez gero.

Osasun Ministerioak honako web-orrian eguneratzen ditu bidaiarientzako gomendioak: https://www.mscbs.gob.es/profesionales/saludPublica/sanidadExterior/salud/home.htm)

Zer egin behar dut Txinan izan banaiz?

Txinatik itzultzen diren eta osasun-arazorik ez duten pertsonek bizimodu normala egin dezakete familiarekin eta lagunekin, eta, orokorrean, baita eskola eta lan eremuan ere.

Bidaiatik itzuli ondorengo bi asteetan arnas-infekzio akutu batenak izan daitezkeen sintomak izanez gero, hala nola, sukarra, eztula edo aire-faltaren sentsazioa, etxean edo ostatuan geratu behar duzu eta berehala jarri behar duzu Osasun Aholkuarekin (900 20 30 50)  harremanetan. Osasun-zerbitzuek ebaluatuko dute zure osasun-egoera, bidaiaren aurrekaria eta koronabirus-kasuekin kontakturik izan duzun.

Jarduteko Protokoloa (PDF, 1 MB) (abre en nueva ventana)

Beste galdera eta erantzun batzuk (PDF, 428 KB) (abre en nueva ventana)

Azken aldaketako data: