Osasun Saila

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean instalatutako OTA berriari esker, diagnostikoak, emaitzak eta pazientearen segurtasuna hobeak izango dira

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIaren Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostiko Zerbitzuan izan da, Jon Darpón Osasuneko sailburuarekin eta Mª Jesús Múgica Osakidetzako zuzendari nagusiarekin batera. Bertan, unitate berri horrek eskuratu berri duen OTA ekipamendua ikusi dute.

Hona hemen lehendakariaren hitzak: «Jaurlaritzak 720.000 euroko inbertsioa egin du azken belaunaldiko OTA hau eskuratzeko. Horrela, aurrera egiten jarraituko dugu Euskal Osasun Zerbitzuan abangoardiako teknologia izateko bidean».

Zehazkiago, lehendakariak Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Erradiodiagnostiko Zerbitzura egindako bisitan ikusi ahal izan duen moduan, ekipamendu berri honek teknologia aurreratuak erabiltzen ditu, eta, horrela, hobetu egiten dira diagnostikoaren kalitatea, pazientearen segurtasuna eta erosotasuna probak iraun bitartean. Esate baterako, zarata elektronikoa % 44 murrizten duen irudi-kate bat du. Horri esker, kalitate handiko 3D irudiak lortzen dira, eta erradiazio dosiak eta erabili beharreko kontrastea % 80ra bitarte gutxitu daiteke zenbait miaketatan.

Segundoko 55 irudiko abiadura du irudiak hartzeko, eta hori oso garrantzitsua da organoen mugimenduek eragindako akatsak saihesteko, batik bat umeen kasuan eta arnas aparatuaren miaketetan. Lehendakariak honela azaldu du: «Gailu berri honen bidez posible da toraxeko OTA bat 2 segundo eskasetan egitea. Bihotzeko probak egiteko, 5 taupada baino ez dira behar, eta, horri esker, ez da beharrezkoa izaten pazienteari sedazioa ematea. Ondorioz, proba erosoagoa eta seguruagoa da».

Informazio gehiago: deskargatu prentsa oharra

Azken aldaketako data: