|
Eskubideak eta betebeharrak
|
Deskripzioa
|
|
Herritarren eskubideak
|
-
Herritarrek honako eskubide hauek dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin dituzten harremanetan:
- Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldeko hizkuntza ofizialetan kalitate-maila berarekin erabiltzeko eta artatua izateko eskubidea, herritarren hizkuntza-eskubideen erabilera arautzen duen legeriaren arabera.
- Ahalik eta denbora laburrenean artatua izateko eskubidea.
- Agintariek eta enplegatu publikoek tratatua izateko eskubidea, errespetuz, begirunez, berdintasun- eta inpartzialtasun-baldintzetan eta bereizkeriarik gabe, jaiotza, sexu, arraza, jatorri, erlijio, sexu-joera, iritzi edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatik.
- Administrazioarekin harremanak izateko arreta-modalitatea aukeratzeko eskubidea, non eta ez den nahitaezkoa bitarteko jakin bat erabiltzea dekretu honetan, administrazio-prozedura erkidearen araudian edo kasuan kasuko prozeduraren araudi espezifikoan xedatutakoaren arabera.
- Ordezkari bidez jarduteko eskubidea.
- Harremanetan baliabide elektronikoak erabiltzen laguntzea, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 12.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.
- Gailu mugikorretarako webgune eta aplikazioen irisgarritasunari.
- Administrazio publikoarekin Sarbide Elektronikoko Puntu Orokor baten bidez komunikatzeko eskubidea.
- Eskatutako informazioa, orientazioa edo kudeaketa jasotzeko eskubidea, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoaren eskumena bada.
- Informazioa eta arreta argi eta erraz ulertzeko moduan jasotzeko eskubidea, hizkera argia erabiliz modalitate, bitarteko, kanal eta euskarri guztietan.
- Hizkuntza argiaren irizpideekin diseinatutako inprimaki, instantzia eta eskaera errazak.
- Izaera pertsonaleko datuak babestu eta horien segurtasuna eta konfidentzialtasuna bermatzeko eskubidea, eta, bereziki, datu horiek kasuan kasuko prozeduran edo jarduketan aurreikusitako helburuetarako bakarrik eskatu eta tratatzekoa, indarrean dagoen legeria erabat errespetatuz. Nolanahi ere, pertsonak edozein unetan baliatu ahal izango ditu informazio-, atzipen-, zuzenketa-, ezabatze- eta ahazte-eskubideak, zuzenean Herritarrei Arreta Emateko Sistema Integralaren bidez, bai eta tratamendua mugatzeko eskubidea ere.
- Legeek aitortzen dieten beste edozein.
Eskubide horiek ez diete kalterik egingo administrazio-prozedurako pertsona interesdunei legerian aitortutako gainerako eskubideei.
|
|
Herritarren betebeharrak
|
-
Era berean, herritarrek, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin dituzten harremanetan, betebehar hauek dituzte:
- Zerbitzuen ordutegiak eta funtzionamendua errespetatzea, betiere langileen oharrak kontuan hartuta.
- Puntuala izatea eta aurrez aurreko hitzorduaren egunean eta orduan joatea, eta bertara joaterik ez badago, abisatzea.
- Uneoro errespetatzea herritarrei arreta emateko bulegoen arauak eta erregistro-arloko laguntza-bulegoen arauak.
- Lortutako informazioa berrerabiltzeari buruz indarrean dagoen legerian aurreikusitako betebeharrak betetzea.
- Zerbitzu publikoak egoki eta arduraz erabiltzea, fede onaren eskakizunen arabera, administrazio-eskumenak baliatzea oztopatu gabe.
|
|
Agiriak ez aurkezteko eskubidea
|
-
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legean aurreikusitako kasuetan, administrazio-prozeduretan interesdunek agiririk ez aurkezteko duten eskubidea gauzatuko du Administrazioak.
Horrela, administrazio-izapidetzea errazteko eta eskubide hori bermatzeko, ez da interesdunen baimenik eskatuko Euskal Sektore Publikoari buruzko maiatzaren 12ko 3/2022 Legearen 72.1 artikuluan araututako kasuetan.
-
1. – Izapidetze administratiboa sinplifikatzeko eta herritarrek herri-administrazioen esku dauden datuak eta dokumentuak ez aurkezteko duten eskubidea bermatzeko, ez da interesdunen baimenik eskatuko, baldin eta, administrazio publikoek beren eskumenen esparruan dituzten eginkizunak betetzean:
a) Eskatzen den informazioa administrazio-prozedura arautzen duen arauan baldintza gisa agertzea.
b) Administrazio-prozedura alderdiak eskatuta hasten denean, eta, beraz, interesdunak eskaera egiten duenean.
c) Informazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorrean edo administrazioen arteko elkarreragingarritasun-zerbitzuetan eskuragarri egotea.
d) Bereziki babestutako datu pertsonalei buruzkoa ez denean.
-
Administrazio-prozedura bakoitzean, interesdunei jakinaraziko zaie Administrazioaren esku dagoen dokumentazioa ez aurkezteko eskubidea dutela, eta, ildo horretan, prozedurak eskatzen dituen datuak edo dokumentuak kontsultatu, bildu eta egiaztatuko direla.
Era berean, tratamenduari aurka egiteko eskubidea dutela jakinaraziko zaie interesdunei. Aurka egiteko eskubidea izateko, interesdunak berariaz alegatu beharko ditu aurkakotzaren arrazoiak, eta tratamenduaren arduradunak haztatuko ditu arrazoi horiek. Aurka dagoela adierazi ondoren, beharrezkoa izango da interesdunak agiriak aurkeztea, eskaeraren organo hartzailearen egiaztapen-ahalmenei kalterik egin gabe.
Horri guztiari urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.2 artikuluan ezarritako salbuespena aplikatuko zaio.
Prozedura izapidetzen duen administrazio-organoak datuak edo dokumentuak baldin baditu edo datu edo dokumentu horietara sarbide elektronikoa badu, prozeduran sartuko ditu. Organo lagatzailearen fitxategietan jasota geratuko da organo lagatzaileak datuak edo dokumentuak eskuratu dituela.
Prozedura izapidetzen duen administrazio-organoak ez baditu datuak edo dokumentuak, datu edo dokumentu horiek dituen organoari eskatuko dizkio, eta elektronikoki bildu beharko ditu bere sare korporatiboen bidez edo datuen bitartekaritza-plataformei edo horretarako gaitutako beste sistema elektroniko batzuei kontsulta eginez.
Salbuespenez, prozedura izapidetzen duen administrazio-organoak ezin baditu datuak edo agiriak eskuratu, interesdunari jakinaraziko dio, zergatia adierazita, dagokion prozedura arautzen duen arauan aurreikusitako epean eta ondorioekin aurkez ditzan. Salbuespen gisa, jatorrizko dokumentua aurkezteko edo jatorrizko dokumentua erakutsiz ekarritako kopiak erkatzeko eskatu ahal izango dio interesdunari, administrazio-prozedurari buruzko legerian xedatutakoaren arabera.
|
|
Baliabide elektronikoen erabilera aukeratzeko eskubidea
|
-
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin bitarteko elektronikoen bidez harremanak izatera behartuta ez dauden pertsona fisikoek une oro aukeratu ahal izango dute harekin bitarteko elektronikoen bidez erlazionatzen diren ala ez beren eskubideak eta betebeharrak gauzatzeko.
Pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoarekin komunikatzeko aukeratutako bidea edozein unetan aldatu ahal izango du, baina prozedura izapidetzeko eskumena duen organoari jakinarazi beharko dio, aldaketa jasota gera dadin.
Prozedura izapidetzeko eskumena duen organoak jakinarazpena jaso eta hurrengo bosgarren egun baliodunetik aurrera sortuko dira jakinarazpenaren ondorioak.
Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoak bitarteko elektronikoak erabiliko ditu pertsona fisikoekin komunikatzeko, pertsona horrek berariaz eskatu edo onartu badu. Eskabidea eta adostasuna bitarteko elektronikoen bidez eman eta jaso ahal izango dira.
|