Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2003ko martxoaren 3koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena. Honen bidez, proiekturik eta azken ikuskapen-ziurtagirik behar ez duten tentsio txikiko instalazio elektrikoak abian jartzeko prozedura telematikoa arautzen da.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 65
- Hurrenkera-zk.: 1968
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2003/03/03
- Argitaratze-data: 2003/04/01
Gaikako eremua
- Gaia: Ekonomi Jarduerak; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Industria; Gobernua eta herri administrazioa; Informazio etak komunikazioak
Testu legala
"Euskadi informazioaren gizartean" izeneko planak zenbait helburu ditu "On line Administrazioa" garatzeko jarduera-esparruan, hala nola, informazio- eta komunikazio-teknologia berrien bitartez herritarrei hurbildu eta eskuragarri bihurtzeko helburua. Horrenbestez, teknologia horiek eta sinadura elektronikoa zein enkriptazio-sistemak oinarri direla, erabat funtsezkoa da zerbitzuak prozedura telematikoen bitartez ematea, Administrazioa herritarrari hurbiltzeko eta zerbitzu publikoen eragingarritasuna areagotzeko.
Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak ere 45. artikuluan ezartzen du herritarrek teknika eta bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoak erabil ditzaketela, beren eskubideak betez herri-administrazioekin harremanetan jarri behar direnean.
Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak gauzatzeko prozeduretan badira batzuk teknika telematikoen bitartez kudea daitezkeenak, eta, horietako bat, kudeaketa-lan errazak dituelako eta jende askori eragiten diolako, honako hauxe dugu: proiekturik eta azken ikuskapen-ziurtagirik behar ez duten tentsio txikiko instalazio elektrikoak abian jartzeko prozedura. Instalazio horiek arautzeko, berriz, xedapen hauek ditugu: Behe Tentsioko Araudi Elektroteknikoa, irailaren 20koa, 2413/1973 Dekretuak onartutakoa; Industria eta Merkataritza Sailaren Agindua, 1989ko urriaren 20koa, behe-tentsioko instalazio elektrikoak abian jartzeko, handitzeko, titularitatez aldatzeko eta aldizka aztertzeko bete behar dituzten baldintzak ezartzen dituena; eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren Agindua, 2000ko abenduaren 26koa, industria-instalazioak martxan jartzeko prozedurak errazteko dena.
Berria da guztiz administrazio honentzat baliabide telematikoak erabiltzea prozeduretan eta, ondorioz, agindu honetan jasotzen den prozedura esperientzia piloto gisa ezartzen da, betiere, horrelako jardueretan erabilgarri den araudian ezarritako prozedura aldatu gabe.
Azken batean zera nahi izan da: esperientzia hori erabilgarria izan dadila herritarrentzat zein administrazioarentzat, lehenengoei administrazioarekin baliabide telematikoz harremanak izateko aukera emanez eta, bigarrenari, aukera emanez baliabide horiek erabiltzeko batez ere gorago aipatutako izapideetan, bereziki kanpoko eraginkortasuna dutenetan.
Era berean, kontuan izan da sinadura elektroniko aurreratua sartzea dela berme handiena ematen duen bidea, sinadura elektronikoari buruzko irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege-Dekretuan jaso eta arautzen denaren arabera; aginpidetza duen organoaren eta parte hartzen duen herritarren nortasuna jakin daiteke, datuak eskuratu eta erabiltzeko ahalmena baimena duten pertsonei bakarrik ematen zaie, eta agirien benekotasun eta osotasuna bermatzen da; eta betekizun horiek guztiak eskatzekoak dira prozedura batean baliabide telematikoak sartu ahal izateko.
Baliabide teknikoak sartzean kontuan izan dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 45. artikuluan jasotako aurreikuspenak, eta, horrela, bermatuta geratzen da baliabide teknikoen bateragarritasuna. Horretarako, jendaurrean jarri dira administrazio publikoak erabiliko dituen programa eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak 2003ko otsailaren 26ko 41 zenbakiko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Teknika telematikoak erabiltzeko orduan, arreta berezia jarri da herritarren eskubideak bermatu daitezen, izaera pertsonala duten datuak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera.
Azkenik, prozedura honetan egiaztagiriak emateko zerbitzua IZENPE,S.A.ri dagokio, baltzu hori eratu baitute zerbitzu horretarako Eusko Jaurlaritzak eta hiru Foru Aldundiek, esparru publikoan egiaztagiri-zerbitzua emateko denak batera elkarlanean eta lankidetzan dihardutela erakutsiz.
Horrenbestez, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen urriaren 16ko 223/2001 Dekretuan ezarritako ahalmenak erabiliz,
Hona hemen agindu honen xedea: legeztatzeko orduan proiekturik eta azken ikuskapen-ziurtagirik behar ez duten tentsio txikiko instalazio elektrikoak abian jartzeko helburuaz, teknika telematikoen bitartez erabilitako prozedura ezartzea, horrela araututa baitago, industria-instalazioak martxan jartzeko prozedurak errazteko, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2000ko abenduaren 26an emandako Aginduan.
Agindu honetan araututako prozedura erabili ala ez norberak erabakiko du bere borondatez, jakinda prozedura hau erabiltzeko aukera ere baduela, dokumentazioa Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetako erregistroetan aurkeztu ordez.
Bitarteko telematikoak erabiliz honako tramite hauek ere egin ahal izango dira:
Instalazio-agiria elektronikoki sinatuta aurkeztu ahal izango da Administrazioan.
Administrazioak izapidetutako instalazio-agiria bidali ahal izango da.
Izapidetutako instalazio-agiriaren jakinarazpena egin ahal izango da.
Agindu honetan xedatutakoaren arabera, bide telematikoz egin daitezkeen izapideek sinadura elektroniko aurreratua erabiliko dute; sinadura elektroniko hori egiaztatutako ziurtagiri batean oinarrituta egongo da, eta sinadura egiteko sistema seguru batek sortua izango da, irailaren 17ko 14/1999 Errege Lege-Dekretuaren 3. artikuluan araututako moduan. Era horretara egindako sinadura elektronikoak eta eskuz egindako sinadurak balio juridiko berbera izango dute, batak, bide elektronikoz kontsignatutako datuei dagokienez, eta, besteak, paperean kontsignatutako datuei dagokienez.
Sinadura elektroniko aurreratua erabili nahi dutenek, ondorio horretarako, baimendutako egiaztagiria izan beharko dute, honekin batera doan II. eranskinean xedatutakoaren arabera.
Administrazio organoek agindu honetan jasotzen diren egintza edo jakinarazpenak emateko erabiltzen dituzten teknika elektroniko, informatiko eta telematikoek bermatu egingo dute, betiere, aginpidetza duen organoaren nortasuna eta aginpidetzaz baliatzen dela.
Web nabigatzaileen eta zerbitzarien arteko komunikazioak benetakotasunez, isilpekotasunez, osotasunez burutuko dira, eta elkarri trukatutako mezuei uko egin gabe.
Euskarri, baliabide eta aplikazio elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak segurtasun neurriak izango ditu, honako hauek bermatu ahal izateko:
Erabilera murriztua izango dutela eta bertan jasotako datuak eta informazioa baimendutako pertsonei baino ez zaiela eskuratuko.
Datu eta informazioetan aldaketarik edo galerarik egongo ez dela eta komunikazioen intertzeptazioei aurre hartuko zaiela.
Prozesu informatikoak baimenik gabeko manipulazioetatik babestuko direla.
Agindu honetan jasotako izapideak euskarri telematikoz egitea aukeratuz gero interesdunek, ezin izango dute beste baliabide edo euskarririk erabili.
Jasotzen badira agiriak, idazkiak edo komunikazioak euskarri elektroniko, informatiko edo telematikoetan eta, era berean, paperean, bakar-bakarrik izango dira kontuan era elektroniko, informatiko edo telematikoz jasoak.
Administrazioak teknika elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzeak, agindu honen esparruan, araubidean finkatutako mugak izango ditu eta, bereziki, izaera pertsonalen datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren birtualtasuna bermatuko du.
Teknika horiek erabiltzearren ez da inolako murrizpenik edo bazterkeriarik egongo inolaz ere, herritarrek zerbitzu publikoak edo bestelako administrazio-jarduera edo prozedura eskuratu ahal izateko.
Bide telematikoz ezin aurkez daitekeen dokumentazioa kasuan-kasuan erabilgarri den arauetan ezarritakoari jarraituz igorri beharko da.
Teknika elektroniko, informatiko eta telematikoz sortu diren agiri, idazki eta egintzak, bide horietatik egin beharreko izapideen euskarri direnean, agiria sortu deneko formatu berean gordeko dira, bai etakopiatzeko beharrezko den informazioaren identitatea eta osotasuna bermatzen dituen beste edozein eratan ere.
Agiriak biltzen diren baliabide edo euskarriek segurtasun-neurriak izan beharko dituzte bermatzeko bildutako agirien osotasuna, benekotasuna, kalitatea, babesa eta mantendua gutxienez 10 urteko epean; batez ere, erabiltzaileen nortasuna eta sarbideen kontrola bermatuko dituzte.
Horretarako, aipatutako baliabide edo euskarrietan bildutako agiriak eskuratu ahal izateko, 30/1992 Legearen 37. artikuluan eta, hala behar izanez gero, izaera pertsonalen datuen babeserako abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko da.
Aipatutako baliabide edo euskarrietan bildutako agiriak kasuan kasuko administrazio espedientearen barruan jasoko dira, horiek zati diren gainerako jarduerekin batera, gauzatu izan diren euskarria gorabehera.
Arrazoi teknikoak direla eta, ezin denean bide telematikoa erabili edo komunikazioa behar bezala egiten ez bada, paperean egin ahal izango dira agiriok. Betiere, bermatu beharko da edukiaren osotasuna eta hitzez hitzezkoa dela.
Bihurtze prozesu horren ondorioz, bide edo euskarri telematikoetan bildutako jatorrizko agiriaren kopiak jatorrizko agiriak duen balio eta eraginkortasun bera izango ditu. Horretarako, kopia legeztatua eman beharko da, Euskal Autonomi Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen eremuan agirien kopiak eta egiaztagiriak emateari eta sinadurak legeztatzeari buruzko ekainaren 18ko 149/1996 De-kretuan jasotako betekizunen arabera.
Horrela egindako kopiak identifikazio kode bat eramango du, kasuan kasuko espedientean sartu ahal izateko moduan.
Interesatuek euskarri telematikoz aurkeztutako agiri, idazki edo komunikazioei dagokienez izango balitz bihurtze hori, kopia konpultsatua egingo litzateke eta eraso beharko litzateke jatorrizkoa eta hura berdin-berdinak direla, aipatutako ekainaren 18ko 149/1996 Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Prozedura hau instalatzaileak berak erabili ahal izango du zuzenenan; horretarako baina, instalatzaileak Euskal Autonomia Erkidegoko Industria Saileko lurralde-bulegoetako batek emandako instalatzaile elektrikariaren agiri profesionala izan beharko du eta, horrekin batera, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulego batek tentsio txikiko instalazio elektrikoen esparruan baimendutako enpresa baten titularra izan beharko du, edo, bestela, legezko kontratua eta harekiko lan-harreman juridikoa dituela, baimendutako enpresa baten plantillako langile izan beharko du.
Aurreko paragrafoan aipatutako enpresei dagokienez, baimendutako enpresa izateko Egiaztagiria beste autonomia-erkidegoetan lortutakoa denean, bere instalatzaileek bide telematikoak erabili ahal izan ditzaten, baldintza batzuk bete beharko dituzte aldez aurretik, hain zuzen ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak maiatzaren 17an emandako 175/1994 Dekretuaren 19. artikuluan ezarritako betekizunak, horren bitartez bateratzen baita agiri profesionalak lortzeko prozedura, eta hor zehazten baitira baimendutako enpresek bete beharreko eskakizunak, industria-segurtasunaren arloan instalazioak, mantenimendu-lanak eta bestelako jarduerak egin ahal izateko.
Era berean, bitartekaritza-agente baten bidez ere egin ahal izango da prozedura hau. Baimendutako instalatzaileak, instalazio-agiriak era telematikoan horrelako agenteen bitartez aurkeztu nahi baditu, lehenago idatziz eman beharko die horretarako baimena.
Instalazio-agiriak modu telematikoan aurkeztu ahal izateko, instalatzaileak, edo, hala dagokionean, bitartekaritza-agenteen langileak, alta emanda egon beharko du aplikazioan. Horretarako, baimendutako enpresak edo bitartekaritza-agenteak, izapideak modu telematikoan egiteko kasuen arabera, ados dagoela egiaztatu beharko du, horretarako, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean III. eranskina behar bezala beteta aurkeztuta.
Bitartekaritza-agente izan daitezke enpresa-elkarteak, zuzenbide publikoko korporazioak eta irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuak, baldin eta, beren jarduera-esparrua Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan izanik, hala eskatzen badute eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak hala egiaztatzen badu, interesdunen proposamenen arabera, bitartekaritza-zerbitzua kudeatzeko gaitasunaren eta bermearen ezaugarriak egoki direla erabakiz gero, betiere, hurrengo artikuluen arabera.
Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko Energia Zuzendaritzari dagokio bitartekaritza-agenteen egiaztagiri-eskabideei buruz ebaztea.
Bitartekaritza-agente izan nahi duten erakundeek ondoren aipatuko den dokumentazioa aurkeztu behar dute, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz:
Eskaria egin duena eta bere legezko ordezkaria identifikatzeko eta egiaztatzeko dokumentazioa.
Bitartekaritza-zerbitzuaren funtzionamendua azaltzeko txostena, honako hauek zehaztuta:
Bitartekaritza-zerbitzuan jarduteko erabiliko diren baliabide teknikoen zerrenda.
Bitartekaritza-zerbitzuak dakartzan zereginetan jardungo duten giza baliabideen zerrenda eta zeregin horien antolamendua.
Zerbitzua emateko erabiltzekoak diren komunikazio- eta informatika-sistemak egokitzeko betebeharra onartzea.
Bitartekaritza-agente izateko egiaztagiri-eskabidea Energia Zuzendaritzak ebatzi eta jakinaraziko du bi hilabeteko epean.
Epe hori igarota, esanbidez ebazpenik eman ez bada, eskabidea baietsia izan dela ulertu behar da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako.
Ebazpena eskabidea ezestekoa ere izan daiteke, baldin eta, aurreko artikuluan ezarritakoaren arabera, bitartekaritza-zerbitzua kudeatzeko gaitasunaren eta bermearen ezaugarriak modu egokian egiaztatu ez badira.
Ebazpenaz bitartekaritza-agente izateko eskabidea ezesten bada, ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Administrazio eta Planifikazio sailburuordeari.
Proiekturik eta azken ikuskapen-ziurtagirik behar ez duten tentsio txikiko instalazio elektrikoak abian jarri ahal izateko indarrean dagoen araudiak ezarritako betebeharrei kalterik egin gabe, Agindu honi dagokionez, bitartekaritza-agenteek honako betebehar hauek izango dituzte:
Bitartekaritza-agenteak jabetzan gorde beharko du instalatzaileari, agentearen izenean elektronikoki instalazio-agiriak sinatzeko, eman dion baimena.
Administrazioak era elektronikoan sinatutako instalazio-agiriaren kopia bat eman behar dio, paperean inprimatuta, baimendutako instalatzaileari.
Era telematikoan erabilitako informazioa eskuratzeko bidea eman behar die, bakoitzari bere izenean dagoena, instalatzaileei eta baimendutako enpresei.
Zerbitzua emateko erabilitako komunikazio- eta informatika-sistemak egokitu behar ditu, Industria Sailak, sisteman berrikuntzak edo aldaketak egin direlako beharrezko iritzita, hala eskatzen dionean.
Baimendutako instalatzaileak era telematikoan izapidetzeko igorri dizkioen instalazio-orriak artxibatu behar ditu.
Instalazio-orria erabat eta behar bazala beteta dagoela egiaztatu behar du, eta bertan agertzen diren datu teknikoak kontrolatu behar ditu, era telematikoan izapidetzen hasi aurretik.
Agindu honen arabera bitartekaritza-agenteek betekizun dituzten betebeharretarik edozein bete gabe utziz gero, gerta liteke, dagokion espedientea izapidetu ondoren, izaera hori galtzea eta bitartekaritza-agente izateari utzi behar izatea.
Baimendutako instalatzaileak berak zuzenean instalazio-agiriak modu telematikoan aurkeztu nahi dituenean, honako bide honi jarraitu beharko dio sistema telematikoan sartzeko:
Honako web-orrira sartu: http:www.ej-gv.net/boletines
Txartel kriptografikoa sartu txartel-irakurgailuan, eta PIN zenbakia sartu erabiltzailea nor den egiaztatzeko.
Aukeratu "Nuevo Boletνn" edo "Buletin berria" eta horko datuak bete, instalazioaren eskema hari-bakarra ere sartuta.
PIN zenbakia sartu, aplikazioak "firmar" edo "sinatu" aukera erakusten duenean, horrela gauzatuko baita instalazio-orriaren sinadura elektronikoa.
Administrazioak aurrez baimendutako bitartekaritza-agente baten bitartez, instalazio-agiria modu telematikoan aurkeztu nahi bada, baimendutako instalatzaileak honako hauek bidali beharko dizkio: instalatzaileak sinatutako instalazio-agiari dagokion dokumentua, elektronikoki izapidetzeko baimena duen enpresak zigilatuta, eta instalazioaren eskema hari-bakarra.
Bitartekaritza-agentea sistema telematikoan sartu ahal izateko, artikulu honen 1. zenbakian ezarritako moduan jokatu beharko du.
Instalazio-orria modu telematikoan betetakoan, dagokion bitartekaritza-agenteak sinadura elektronikoa egin beharko du.
Instalazio-agiria era telematikoan aurkeztu ondoren, izapidetutako instalazio-agiria elektronikoki sinatuta sortuko du Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak instalazio-agiria elektronikoki sinatzen duenean, horrek esan nahi du dagozkion diligentziak egin direla, eta arauz ezarritako betekizunak eta segurtasun-baldintzak formalki betetzen dituela; agiri hori ematea baina, ez da instalazioaren egokitasun teknikoaren aldeko adierazpena.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak interesdunekin komunikatzeko bide telematikoak erabiltzen dituenean, betiere, bermatuta geratu behar da administrazio-egintzak jakinarazteko 30/1992 Legearen 58. eta 59. artikuluetan ezarritako betekizunak betetzen direla.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, datu-basean grabatuta geratuko dira eguna eta ordua, jakiteko noiztik dagoen eskuragarri jakinarazpena interesdunarentzat; era berean, interesduna eduki horretan sartzen deneko eguna eta ordua ere grabatuta geratuko dira.
Informatika-aplikazioak instalazio-agiri bakoitzaren izapidetze egoera zein den eta eragiketa bakoitza zein egunetan eta zein ordutan egin den begiratzeko aukera emango die instalatzaileei, baimendutako enpresei, bitartekaritza-agenteei eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailari.
Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak sisteman sartzeko bidea emango die energia elektrikoa banatzen duten konpainiei, Administrazioak elektronikoki sinatutako instalazio-agirien berri izan dezaten, eta, hala dagokionean, agiri horiek inprimatzeko modua izan dezaten.
Aplikazioak sinatutako mezu elektronikoa bidaliko die Administrazioak energia elektrikoa banatzen duten konpainiei, instalazio-agiria elektronikoki sinatu dela jakinarazteko.
Instalazio-agiriaren barruan dagoena ikusi ahal izateko, konpainiak baimendutako pertsonak edo/eta pertsonek honako urrats hauek egin beharko dituzte:
Idatzi honako web-helbide hau:: http:www.ej-gv.net/boletines
Txartel kriptografikoa sartu txartel-irakurgailuan, eta PIN zenbakia sartu erabiltzailea nor den egiaztatzeko.
Sakatu "Imprimir Boletνn" edo "Buletina inprimatu" aukera.
Erregistro Telematikoa eratu da, agindu honetan araututakoari jarraituz, izapidegintza telematikoan erabiltzen diren eskabideak, idatziak eta jakinarazpenak jasotzeko eta igortzeko, betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako betekizunak errespetatuta.
Urteko egun guzti-guztietan, eguneko hogeita lau orduetan, egin ahal izango da izapidegintza telematikoa, eta Erregistroak ere denbora horretan guztian jardungo du.
Erregistro Telematikoan egindako idaztohar guztiak informatikoki Erregistro Nagusian ere sartuko direla bermatuko da, betiere, indarrean dauden arauetan ezarritakoari jarraituz.
Agindu honetan ezarritakoari jarraituz, bitarteko elektroniko, informatiko edo telematikoak erabiliz izapidetutako eta onartutako jardunei dagokienez, hirugarrenen aurrean ondorioak izateko, papera euskarri dela, informazio idatzia eskuratzea beharrezkoa balitz, baimendutako inprimaketa-sistemak ere erabil litezke.
Hatz-marka digitala txertatuta dutenak, horiexek izango dira baliozko inprimaketa baimenduak.
Administrazioak elektronikoki sinatutako instalazio-agirien inprimaketa baimendua eskuratu ahal izango dute instalatzaileek, baimendutako enpresek, bitartekaritza-agenteek, hala dagokionean, bai eta energia banatzeko konpainiek ere; horretarako, "Imprimir justificante" edo "Egiaztagiria inprimatu" aukerari sakatu behar zaio, arestian aipatutako web-helbidean.
Lehena.
Energia zuzendariari eskumena ematen zaio egoki iritzitako xedapenak eman ditzan eta hartu beharreko neurriak har ditzan, agindu honetan xedatutakoa garatzeko eta ezartzeko.
Bigarrena.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2003ko martxoaren 3a.
Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,
JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.
AURKEZPEN TELEMATIKOA: Komunikazio eta datuak hornitzeko sistema da, informatika eta telekomunikazioak batera erabiltzetik sortzen diren teknika eta baliabideen bidez.
PIN: Identifikazio pertsonalerako zenbakia da, beharrezkoa dena enpresen ordekaritzaren erabiltzailearen egiaztagiria aktibatu eta erabiltzeko, hain zuzen, X 509 3 bertsioa, egiaztatze erakundeak egiaztagiria eskatzen dutenei emango diena, hura eman aurretik.
NABIGATZAILEA: TCP/IP zein interneten oinarritutako datu sareen bidez web zerbitzariak, bai eta zerbitzari horiek duten informazioaren aurkezpena ere, eskuratzea ahalbideratzen duen programa informatikoa da.
Ondorio hauetarako, honako hau izango dira hauek:
TCP/IP (Transmision Control Protocol/Internet Protocol): Interneten interkonexio eta trafikoa ahalbideratzen dituen protokolo taldea da.
Web zerbitzaria: Interneten informazioa eskuratzen duen sistema informatikoa da.
ZIFRATU-GAKOAK: Zenbait prozedura matematikoren bidez informazioa eraldatu edo zifratzeko erabiltzen diren zenbakiak edo zenbaki-kateak dira.
Egiaztagirietan bi gako erabiltzen dira: gako publikoa eta gako pribatua; horrela, gako pribatuarekin zifratzen dena bakarrik deszifratu daiteke gako publikoarekin eta alderantziz.
ERABILTZAILEAREN EGIAZTAGIRIA: Egiaztatze agintaritzak ematen duen egiaztagiri elektronikoa da, eta bere formatua ITU-T-ko (International-Telecommunications Union-Telecommunication) X-509 gomendioaren 3 bertsioan oinarritzen da.
EGIAZTATZE AGINTARITZA: Erabiltzaile edo zerbitzari jakin baten datu identifikatzaileak egiaztatzen dituen erakundea da eta bere egiaztagiria ematen duena.
SINADURA ELEKTRONIKO AURRERATUA: Sinadura elektronikoa zera da: datu-multzo bat da, era elektronikoan antolatua, beste datu elektroniko batzuei atxikita edo funtzionalki horiei asoziatuta, eta sinadura jasotzen duen agiriaren egilea edo egileak formalki identifikatzeko balio duena. Sinadura elektroniko aurreratua zera da: izenpetzailearen identifikazioa ahalbideratzen duen sinadura elektronikoa eta izenpetzaileak berariaz bere kontrolpeko bideez sortua izan dena; ondorioz, sinadura elektronikoa bakar-bakarrik egongo da lotuta harekin eta hari dagozkion datueikin. Horrela, horietan aldaketarik eginez gero, erraz antzeman daiteke.
BEHE-TENTSIOKO AGIRIEN APLIKAZIOAK IZENPETUTAKO POSTA ELEKTRONIKOKO MEZUA: behe-tentsioko agirien aplikazio-zerbitzariak erabiltzaileari bidaltzen dion s/mime postako mezu izenpetua da, mezuaren jatorria eta edukiaren osotasuna bermatzen duena. Egiaztatze agintaritzak ematen du aplikazioaren sinaduraren egiaztagiria, web zerbitzariaren egiaztatze politikaren arabera.
HATZ-MARKA: Datuen item berezia da, ezaugarri berdinak dituen beste bat bilatzeko kalkuluaren bidez egin ezin dena.
Agindu honetan araututako izapidetze telematikoak burutu ahal izateko, beharrezkoa izango da, Izenpe,S.A. Egiaztagirien zerbitzu-emalearen bitartez, X509 egiaztagiri onartua izatea, 3 bertsiokoa, "herritarraren egiaztagiri onartua" izeneko motakoa.
Prozedura hau erabili nahi dutenek, beren identitatea egiaztatzeko, administrazio-eskumenak dituzten herri-adimistrazioetan diharduten zerbitzuetan bertaratu beharko dute, eta beren Nortasun Agiria erakutsi beharko dute, edo, hala badagokio, Egoiliar Agiria.
Egiaztapen hau, hasiera batean behintzat, Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko langileek egingo dute, nahiz eta gero, pixkanaka, interesdunek izapide hori egin ahal izateko bulegoen kopurua handitu daitekeen. Bulego horien zerrenda eguneratua eta beren lan-ordutegia honako web-helbidean kontsultatu ahal izango da: http://www.euskadi.net/industria.
Egiaztagiriak eskatu, kudeatu, igorri eta ukatzeko baldintza teknikoak, baita jardunekoak eta segurtasunekoak ere, Izenpe egiaztapen-lanetan jarduteko adierazpen-agirian daude azalduta, eta honako helbide honetan daude argitaratuta: www.izenpe.com/pki
Erabiltzailearen ordenadore pertsonalean erabili behar den sofwarea hauxe da:
Sistema operatzailea Windows 95 edo goragokoa.
Nabigatzailea, Internet Explorer 5.01 (edo bertsio berriagoa).
Posta-bezero bateragarria, S/MIME. Adibidez, honako hauek betetzen dute betekizuna: Outlook Express 5.0, Outlook 98/2000 edo Netscape Messenger 4.5.
Aplikazioa Solaris 2.6 sistema operatzailea duten zerbitzariekin exekutatzen da, eta Weblogic 4.5, eta Oracle 8 datu-baseak erabiltzen ditu. Mezuak bidaltzeko posta-kudeatzailea Mikrosoft Exchange 5.5 da NT 4 sp 6 sistema operatzailean.
jn/and.ak (helbidea: ; NAN /IFK zk.: ), baimendutako enpresaren / bitartekaritza-agentearen (*) izenean eta haren ordezkari gisa, legez agiri hau gauzatzeko nahikoa gaitasun izanik,
jn/and.ari (helbidea: ; NAN /IFK zk.: ; posta elektronikoaren helbidea: ), ondorio hauetarako:
Bide telematikoak erabiliz, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean egin beharreko izapideak egin ditzan, proiekturik eta azken ikuskapen-ziurtagirik behar ez duten tentsio txikiko instalazio elektrikoak abian jarri ahal izateko, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak 2003ko martxoaren 3an emandako Aginduan ezarritakoaren arabera.
(e)n, 200 e)ko aren (e)an
Sin.:
jn/and.
Sin.:
jn/and.
(*) Ezabatu, ez dagokiona.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: AGINDUA, 2000ko abenduaren 26koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, instalazio industrialak martxan jartzeko prozedura sinplifikatzeko.
- Ikus: AGINDUA, 2006ko martxoaren 9koa, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuarena, igogailuak zerbitzuan jartzeko prozedura telematikoa arautzen duena.
- Ikus: 149/1996 DEKRETUA, ekainaren 18koa, Euskal Autonomi Elkartearen Administrazio Orokorraren eta organismo autonomoen eremuan agirien kopiak eta ziurtagiriak emateari eta sinadurak legeztatzeari buruzkoa.