Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza Saila

Arautegia

Inprimatu

205/2025 DEKRETUA, urriaren 21ekoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duen Dekretua bigarrenez aldatzekoa.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Dekretua
  • Organo arau-emailea: Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saila
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 212
  • Hurrenkera-zk.: 4665
  • Xedapen-zk.: 205
  • Xedapen-data: 2025/10/21
  • Argitaratze-data: 2025/11/04

Gaikako eremua

  • Gaia: Ekonomi jarduerak; Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Industria; Gobernua eta Administrazio Publikoa

Testu legala

49/2014 Dekretuaren bidez arautu zen Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluaren osaera (49/2014 Dekretua, apirilaren 8koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duena). Dekretu hura 58/2021 Dekretuak aldatu zuen (58/2021 Dekretua, otsailaren 9koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duen Dekretua aldatzekoa).

Eusko Jaurlaritzak, ikerketaren eta berrikuntzaren aldeko bere apustu estrategikoaren barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko I+G+B politika bultzatzen jarraitu nahi du, euskal gizartearen bizi-maila eta enpleguaren kalitatea hobetuz eta aurrean ditugun erronka nagusiak konponduz, eta garapen ekonomiko eta sozial orekatua eta jasangarria bermatu nahi du Euskal Autonomia Erkidegoan.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana da Euskal Autonomia Erkidegoko I+G+B politika bultzatzeko Eusko Jaurlaritzaren oinarrizko tresna. Plan hori testuinguru estrategikoa osatzen duten plan eta estrategien multzo baten barruan dago.

Testuinguru estrategiko horretan, Eusko Jaurlaritzak funtsezko hainbat ekimen bultzatzen jarraitzen du zientzia, teknologia eta berrikuntza indartzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Euskadi Basque Country 2030 Agendak GJH garapen jasangarrirako helburuekiko konpromisoa markatzen jarraitzen du, eta Europako Horizon Europe esparru-programak, berriz, Europaren gaitasun berritzailea eta zientifikoa indartzen du. Horri Europako Itun Berdea gehitu behar zaio, zeinak klima-aldaketaren eta ingurumen-degradazioaren erronkei aurre egin nahi baitie.

Gainera, Eusko Jaurlaritzak azken urteetan estrategia eta plan erabakigarriak jarri ditu abian erronka ekonomiko, sozial eta teknologiko berriei erantzuteko. Besteak beste, IKUR 2030 estrategia, zeinaren helburu nagusia baita Euskadik nazioartean abangoardiako eta berrikuntzako zientzia-gune gisa eta epe labur eta ertainean berrikuntza sustatzeko abangoardiako zientziaren sorrera bultzatzen duen zientzia-gune gisa duen posizionamendua indartzea, ikerketa-eremu estrategiko hauetan ardaztuta: neurozientziak eta biozientziak; teknologia kuantikoak; neutroi eta neutrinoen zientzia, eta superkonputazioa eta adimen artifiziala. Era berean, estrategia espezializatuagoak garatu dira, hala nola Basque Quantum Estrategia (BasQ) eta Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia; batak mundu osoan zientziaren eta teknologia kuantikoaren eremuan Euskadik duen posizionamendua indartzen du, eta besteak susperraldi demografikorako baldintza onuragarriak sortu nahi ditu.

Era berean, 18/2024 Dekretutik eta 36/2024 Dekretutik eratorritako organigrama instituzional berriaren ondorioz, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail bat sortu da lehen aldiz, eta sail horri, besteak beste, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskadi 2030 Plana bultzatzeko eta koordinatzeko eginkizuna eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako mandatariak betetzen zituen eginkizunak esleitu zaizkio (18/2024 Dekretua, ekainaren 23koa, lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio orokorreko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta sail bakoitzaren egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena da; 36/2024 Dekretua, berriz, 18/2024 Dekretua aldatzen duena). Egitura berri horrek indartu egiten du politika zientifiko eta teknologikoak diseinatzeko eta ezartzeko orduan dagoen koherentzia, baina, aldi berean, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren gobernantza arautzen duen arau-esparrua egokitu beharra dakar.

Kide anitzeko organoaren funtzionamendua ikusita, komenigarritzat jo da lehendakariak libreki izendatutako mandataria ordeztea eginkizun betearazleak izango dituen idazkariaren figura sortuta, eta eginkizun horiek berariaz ematea zientzia eta berrikuntza arloko sailburuordearen kargua duen goi-mailako pertsonari. Hori lehendakariak ekainaren 23ko 18/2024 Dekretuan egin zuen berregituraketatik dator. Dekretu horretan, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sail berri bat eratu zen, eta, 17.1 artikuluan azaltzen den bezala, ikerketa teorikoa eta aplikatua edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana bultzatzeko eta koordinatzeko funtzioak eman zitzaizkion, eta 494/2024 Dekretuaren bidez sailburuordetza bat sortzea erabaki zen (494/2024 Dekretua, abenduaren 23koa, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena da).

Aldaketa horretan sartu da, halaber, batzordeko lehendakariordearen figura sortzea, lehenago mandatariarentzat jasotako ordezkaritza-lana indartzeko lehendakariak egokitzat jotzen duen lekuetan, eta organo hori sortzeko arauaren berariazko babesarekin. Eskumen hori Eusko Jaurlaritzan zientziaren eta teknologiaren arloan eskumena duen sailburuari eman zaio.

Horiek horrela, egokitzat jotzen da 49/2014 Dekretua bigarrenez aldatzea (49/2014 Dekretua, apirilaren 8koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duena), Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Planaren gobernantza-eredua eguneratzeko eta indartzeko eta testuinguru estrategiko eta instituzional berrira egokitzen dela bermatzeko.

Horrenbestez, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2025eko urriaren 21eko bilkuran eztabaidatu eta onetsi ondoren, honako hau

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duen 49/2014 Dekretuaren 4. artikuluaren 1. apartatua aldatzen da, eta honela geratzen da:

  1. Hauek dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko kideak:

    1. Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Kontseiluko buru egiten du.

    2. Eusko Jaurlaritzan zientziaren eta berrikuntzaren arloko eskumena duen saileko burua. Lehendakariorde gisa arituko da.

    3. Eusko Jaurlaritzan kulturaren arloan eskumena duen saileko burua.

    4. Eusko Jaurlaritzan ekonomiaren arloan eskumena duen saileko burua.

    5. Eusko Jaurlaritzan industriaren arloan eskumena duen saileko burua.

    6. Eusko Jaurlaritzan osasunaren arloan eskumena duen saileko burua.

    7. Eusko Jaurlaritzan elikaduraren eta nekazaritzaren arloetan eskumena duen saileko burua.

    8. Lurralde historiko bakoitzeko Foru Aldundiko ahaldun nagusia.

    9. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko, Deustuko Unibertsitateko, Mondragon Unibertsitateko eta Euneiz Unibertsitateko errektoreak eta Nafarroako Unibertsitateko Tecnun Ingeniaritza Eskolako zuzendaria.

    10. BRTA Basque Research and Technology Allianceko zuzendaria.

    11. Teknologia-zentroen ordezkari bat, lehendakariak izendatua.

    12. Ikerkuntza kooperatiboko zentroen ordezkari bat, lehendakariak izendatua.

    1. BERC Oinarrizko Ikerketa eta Bikaintasun Zentroen ordezkari bat, lehendakariak izendatua.

    2. Ikerbasque Zientziarako Euskal Fundazioaren ordezkari bat.

    1. Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren ordezkari bat.

    2. I+G arloko inbertsio pribatua bultzatzen duten sektore eta enpresen lau ordezkari, lehendakariak izendatuak.

    3. Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiako lehendakaria.

    4. Zientziaren eta berrikuntzaren arloetan eskumena duen sailburuordea. Kontseiluko idazkaria izango da.

Apirilaren 8ko 49/2014 Dekretuaren 6. artikulua aldatzen da, eta honela geratzen da:

«6. artikulua. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko idazkaria.

  1. Kontseiluko idazkari-lanak zientziaren eta berrikuntzaren arloko sailburuordetzako buruak egingo ditu.

  2. Idazkariari dagokio Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluak hartutako erabakiak betetzen direla zaintzea, bai eta haren funtzionamendua bultzatzea eta koordinatzea ere, eta, bereziki:

    1. Jardueren Urteko Memoria egitea eta Kontseiluari aurkeztea.

    2. Bere eginkizunak betetzean, egiten diren jarduketen jarraipena egitea.

    3. Bere jarduketetarako beharrezkoak diren akordio eta hitzarmenak egitea eta izenpetzea Kontseiluak erabakitako esparruaren barruan.

    4. Lehendakariordea ez badago, gaixo badago edo haren kargua hutsik badago, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ordez aritzea, lehendakariak eskuordetza emanda, zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren arloetako erakunde, organo edo organizazio publiko eta pribatuetan.

    5. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko idazkariaren berezko egitekoak betetzea.

    6. Kontseiluak edo lehendakariak haren esku uzten dituzten gainerako eskuduntzak.

  3. Kontseiluko idazkariak idazkaritza tekniko bat izango du aukeran, behar duen laguntza emango diona dekretu honek edo Kontseiluak edo haren lehendakariak ematen dizkion eginkizunak betetzeko.

6 bis artikulua gehitzen da, honela idatzita:

«6. artikulua. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseiluko lehendakariordea.

  1. Zientzian eta berrikuntzan eskumena duen saileko burua izango da Kontseiluko lehendakariordea.

  2. Lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du hura ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo haren kargua hutsik dagoenean.

  3. Lehendakariordeari dagokio, halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen ordezkaria izatea, lehendakariak ordezkaritza eskuordetuta, erakunde, organo edo organizazio publiko eta pribatuetan zientziaren, teknologiaren, ikerketaren eta berrikuntzaren arloetan.

    AZKEN XEDAPEN BAKARRA. Indarrean jartzea.

    Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

    Vitoria-Gasteiz, 2025eko urriaren 21a.

    Lehendakaria,

    IMANOL PRADALES GIL.

    Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua,

    JUAN IGNACIO PÉREZ IGLESIAS.

Gaiarekin lotutako edukiak


Eskumenak eta transferentziak

Ez dago lotutako edukirik.

Garrantzi juridikoko dokumentazioa

Ez dago lotutako edukirik.