Arautegia
Inprimatu11/2007 DEKRETUA, urtarrilaren 30ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan Ordezkaritza Organo Gorena Hautatzeko eta partzialki berritzeko prozesua arautu duen Dekretua aldatzen duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 25
- Hurrenkera-zk.: 733
- Xedapen-zk.: 11
- Xedapen-data: 2007/01/30
- Argitaratze-data: 2007/02/05
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Segurtasuna eta justizia; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Herrizaingoa; Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Azaroaren 12ko 258/1996 Dekretuak honako hau arautu du: Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan Ordezkaritza Organo Gorena hautatzeko eta partzialki berritzeko prozesua.
Otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, bere 32.3 artikuluan zehaztu duenez, haur-heziketako ikastetxeetan, sei gela baino gutxiagoko lehen mailako hezkuntzakoetan, hainbat udalerriren hezkuntza-beharrizanei erantzuten dieten ikastetxeetan, helduentzako heziketarako eta heziketa berezikoetan, bai eta ezaugarri bereziak dituzten gela edo ikastetxeetan, hezkuntza-administrazioak ikastetxe horien berezitasunari egokituko dio artikulu horretan zehaztutakoa, Ordezkaritza Organo Gorenaren osaera arautu baitu artikulu horrek.
Hezkuntza bereziko zentroetan eta hezkuntza bereziko unitateak dituztenetan, komenigarri da hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta egiten dieten hezkuntza-arreta osagarriko langileek berariazko ordezkaritza izatea, irakasleei eta administrazio eta zerbitzuetako langileei dagokienetik bereiz.
Beste alde batetik, otsailaren 19ko 1/1993 Legeak, Euskal Eskola Publikoari buruzkoak, bere 32.4 artikuluan eman dio Jaurlaritzari ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenaren arlo guztietako ordezkariak hautatzeko prozedura arautzeko ahalmena.
Ildo horretatik, egoki iritzi zaio ikastetxean ordezkaritza handiena duen ikasleen guraso-elkarteak hezkuntza-sektore horretako ordezkari bat izendatu dezala ikastetxeko Ordezkaritza Organo Gorenerako. Beraz, izendapen hori egiteko prozedura ere finkatu da.
Beste alde batetik, hezkuntza-sektore guztien partaidetza errazteko Ordezkaritza Organo Gorenetako kideen hautatze-prozesuetan, komeni da botoa ordezkatzeko edo botoa postaz emateko bideak ezartzeko aukera aurreikustea, beharrezkotzat jotzen den hauteskunde-prozesuetarako eta hezkuntza-sektoreetarako.
Adierazitako arrazoiak direla eta, beharrezko da azaroaren 12ko 258/1996 Dekretua zati batean aldatzea.
Horiek horrela, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak proposatuta, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren irizpenaren arabera, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2007ko urtarrilaren 30eko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
"3. artikulua.– 1.– Ordezkaritza Organo Gorenaren osaketa ikastetxe bakoitzeko antolamenduko eta jarduerako araudiak zehaztuko du, indarrean dagoen legeria errespetatuz.
– Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dituztenetan, ikastetxeko Ordezkaritza Organo Goreneko kide izango da, halaber, hezkuntza-arreta osagarriko langileen ordezkari bat.
– Antolamenduko eta jarduerako araudia onartu gabe duten ikastetxeen kasuan, Hezkuntza sailburuordearen erabakiak zehaztuko du Ordezkaritza Organo Gorenaren osaketa."
"18. artikulua.– Zuzeneko eta isilpeko sufragioz egingo dira botazioak. Hezkuntza-sektore guztiek ikastetxeetako Ordezkaritza Organo Gorenetako kideak hautatzeko prozesuetan parte hartzea errazte aldera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bide egokiak ezarri ahal izango ditu botoa ordezkatzeko edo botoa postaz emateko."
"22. artikulua.– Hezkuntza Bereziko berariazko ikastetxeetan eta hezkuntza bereziko unitateak dituztenetan, Ordezkaritza Organo Gorenerako irakasleriaren ordezkariak aukeratzerakoan, ikasle horiekiko ardura pertsonalizatua betetzen duten ikastetxeari atxikitako irakasleek hautesle eta hautagarri modura hartuko du parte, ez dira halakotzat hartuko, ordea, hezkuntza-arreta osagarriko langileak."
"Bigarren xedapen gehigarria
– Ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso-elkarteak bere esku izango du izendatzea sektore horrek hautatu behar duen ikasleen gurasoen lehen ordezkaria. Horretarako, komunikazioa bidaliko dio ikastetxeko zuzendariari, hautagaiak aurkezteko epea hasi baino lehen, izendatutako ordezkariaren izena adieraziz. Izendapen hori egin ezean, hauteskunde-prozesu arruntean beteko da plaza hori.
– Ikasleen gurasoen hauteskunde-erroldan egongo da ordezkari hori. Lau urteko agintaldia izango du, hasiera batean behintzat, eta ikasleen gurasoen ordezkari hautatuen arrazoi berberak izango ditu kargua uzteko, eta gainera, izendatu zuen ikasleen guraso-elkartearen erabakiz ere kendu ahal izango dute kargutik.
– Ikasleen guraso-elkarteak izendaturiko ordezkariak kargua utziz gero bere agintaldia amaitu baino lehen, une horretan ikastetxean ordezkaritza handiena duen guraso-elkarteak ordezko bat izendatuko du. Bi hilabeteko epean izendapenik egin ezean, honako honek beteko du postu huts hori: egindako azken hauteskundeari dagokion guraso-ordezkaritzaren ordezkoen zerrendako lehenak.
Edonola ere, Dekretu honen 42. artikularen 5. idatz-zatian xedatutakoaren arabera, berritze partziala burutzen den arte ordezkoa Ordezkaritza Organo Gorenaren kide izendatua izango da, ordezten duen pertsonaren agintealdiak zeukan iraupena edozein izanda ere.
– Ordezkaritza handieneko guraso-elkartetzat joko da ikastetxeko ikasleen guraso-kopuru handiena bazkidetuta duena."
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2007ko urtarrilaren 30ean.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (3)
- Ikus: AGINDUA, 2024ko irailaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan eskola kontseiluetako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesua zabalik dagoela adierazten duena.
- Ikus: AGINDUA, 2022ko irailaren 26koa, Hezkuntza sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko herri-ikastetxeetan ordezkaritza-organo gorenetako kideak aukeratzeko hauteskunde-prozesua zabaltzen duena.
- Aldatzen du: 258/1996 DEKRETUA, 1996ko azaroaren 12koa, Euskal Autonomi Elkarteko ikastetxe publiko ez-unibertsitarioetan OrdezkaritzaOrgano Gorena hautatzeko eta partzialki berritzeko prozesua arautzen duena.