Arautegia
Inprimatu348/1994 DEKRETUA, irailaren 6koa, Arautu gabeko Lanbide Heziketa emateko Berariazko Lanbide Heziketako ikastetxeetako funtzionarien bateragarritasuna aldarrikatzen dutena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Dekretua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza, Unibertsitateak eta Ikerketa; Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapena
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 182
- Hurrenkera-zk.: 3447
- Xedapen-zk.: 348
- Xedapen-data: 1994/09/06
- Argitaratze-data: 1994/09/23
Gaikako eremua
- Gaia: Hezkuntza; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Funtzio publikoa
Testu legala
Administrazio Publikoen zerbitzura dihardutenen bateraezintasunari buruzko abenduaren 26ko 53/1984 Legeak administrazio publikoen zerbitzura dihardutenen bateraezintasunen araubide orokorra arautzen du. Lege horretako 3. atalean ezartzen denez, Autonomi Elkarteetako gobernu organuek, eurek dituzten eskuduntzen eremuan, bigarren egiteko bati ekiteko bateragarritasuna, irakaskuntza mailako egitekoekin lotutakoa alegia, aldarrikatu ahal izango dute; egiteko horrek zudu publikoa izan beharko du. Hezkuntza Sistemaren Antolaketa Orokorrari buruzko urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren 30. atalean ezartzen denez, hainbat profesio era kualifikatuan betetzeko ahalmena ematen duena joko da Lanbide Heziketatzat. Horren barruan sartzen dira, alde batetik, Hasierako edo Berariazko Lanbide Heziketa, Araututako Heziketa izenaz ere ezagutzen dena; eta bestetik, lehenengo lanerako hezitzeko, enpresetan aktiboak etengabe gaitzeko eta langileak oro har birlaneratzeko diren heziketa iharduketak burutzen dituena, Arautu gabeko Heziketa izenaz ezagutzen dena hain zuzen ere. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legeko 55. atalean ezartzen denez, Berariazko Lanbide Heziketa irakasten duten bigarren mailako ikastetxeek Arautu gabeko Lanbide Heziketa irakatsi ahal izango dute; iharduketok ikastetxearen kudeaketa proiektuan daude jasota. Euskal Herriko Autonomi Elkarteko unibertsitatekoez kanpoko irakaskuntzako irakasleen kidegoei buruzko otsailaren 19ko 2/1993 Legeko gehigarrizko xedapenetatik hamazazpigarrenean ezartzen denez, Eusko Jaurlaritzak bateragarri lez jo ditzake, zudu publikorako direla eta, Arautu gabeko Lanbide Heziketako eta Araututako Lanbideko iharduketen arteko bateragarritasuna, Berariazko Lanbide Heziketa ematen duen ikastetxe baten lanposturen bat betetzen duen langileentzat. Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 1994ko irailaren 6an egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hauxeXEDATU DUT: 1. atala.- Euskal Autonomi Elkarteko ikastetxeetan lanean diharduten funtzionariek Arautu gabeko Lanbide Heziketako eta Araututako Lanbideko iharduketak ematea bateragarri lez hartzea dekretu honetan ezartzen den moduan, zudu publikoko lez jo baitaiteke irakaste lan hori. 2. atala.- Arautu gabeko Lanbide Heziketako iharduketak zeintzuk diren jakin nahi duten irakasleek baimen espresua eskatu beharko diote, banan banan eta aldez aurretik, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Langilegoaren Kudeaketa zuzendariari. 3. atala.- Arautu gabeko Lanbide Heziketa ematezko bigarren iharduketa horretan aritu ahal izateko, honako baldintza hauek bete beharko dira: a) Urtean ez dira 250 ordutik gora emango. b) Ez Arautu gabeko Lanbide Heziketaren eraketak ez eta horren garapenak ere, ez dute kalterik izan beharko. c) Berariazko Lanbide Heziketan duten lanari legozkiokeen lanaldia eta ordutegia ezingo dituzte aldatu irakasleek. Nahitatez bete beharko dituzte euren ohizko lanari dagozkion baldintzak. d) Lanerregimenpean ihardungo dute, ez egun osoan eta epealdi jakin batean. 4. atala.- Bateragarritasunerako baimena lortu ahal izateko behar-beharrezkoa izango da aurreko atalean aipatzen diren baldintzak Zehatz-mehatz betetzea. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako Zuzendaritzak txostena eman beharko du aldez aurretik. AZKEN XEDAPENAK Lehenengoa.- Dekretu hau garatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko baimena ematen zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari. Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitartzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra dekretu honek. Vitoria-Gasteizen, 1994ko irailak 6. Lehendakaria, JOSÉ ANTONIO ARDANZA GARRO. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, FERNANDO BUESA BLANCO. Lehendakaritza, Lege Araubide eta Autonomi Garapenerako sailburua, JOSEBA M. DE ZUBIA Y ATXAERANDIO.