Bilbao BBK Live 2023
Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendin izango da, aurten ere, uztailaren 6an, 7an eta 8an, eta hamazazpigarren edizioa izango den honetan 100 artista baino gehiago bilduko dira Bilboko mendian eta hirian. Maila handiko artistak bilduko dira jaialdian: Arctic Monkeys, Florence + The Machine, The Chemical Brothers, Phoenix edo Pavement; esperientzia hau huts egin ezinezko hitzordua izango da, aurten ere, Bilbo erdi-erdian dagoen natura-ingurune paregabean.
Bilbao BBK Live nazioarteko ekitalditzat har dezakegu jada, eta esperientzia sinestezina bizitzea bermatzeko osagai guzti-guztiak biltzen ditu hiru egunetan: musika ona, askotariko publikoa eta dibertsioa naturagune paregabe batean; hori guztia munduko gastronomia onenarekin onduta.
BILBAO BBK LIVE KOBETAMENDIN
Hamazazpigarren edizioa ostegunean, uztailak 6, hasiko da; egun horretan, Florence + The Machine talde britainiarra Euskal Herrira itzuliko da, eta ezinbesteko artista gehiago ere arituko dira, hala nola The Chemical Brothers, Fever Ray, M83, Arca edo Villano Antillano. Lehen egunean, Desire, Ry X, Dry Cleaning, Friolento, Art School Girlfriend eta eee gee ere ikusi eta entzun ahal izango ditugu.Estatuko musikariei dagokienez, Amaia, Delaporte, Colectivo Da Silva eta, Bartzelonatik zuzenean, Alex Serra & Totidub, Playback Maracas eta Faxu etorriko dira.Eta, beti bezala, jaialdian ohikoa den euskolabela: Txopet eta Bengo gipuzkoarra.
Ostiralean, uztailak 7, 90eko hamarkadan lider izan zen Pavement talde ikonikoa agertoki gainera itzuliko da berriro, eta 2023an Estatu osoko kontzertu bakarra izango da; Frantziatik etorrita, Phoenix taldeari esker denboran atzera egingo dugu bidaia, laurogeita hamarreko eta 2000ko hamarkadako indie arrakasta handien bitartez. Róisín Murphy polifazetikoa eta britainiar technoaren buru den Daniel Avery live bertsioan ere izango ditugu ostiraleko line-upean, lehendik iragarritako The Blaze, Jamie xx eta Dukirekin batera. Nanpa Básico, Bilbao, The Murder Capital eta Tinariwen taldeen txanda izango da jaialdiaren bigarren egunean.
Estatuko talentuari dagokionez, Morgan, La Élite, Baiucaren folklorea eta Cala Vento hurbilduko zaizkigu, Albany, La Plazuela, Dudi eta Maria Escarmientoren doinu urbanoekin batera. Getxotik Dadabe, baita Rüdiger ere.
Jaialdiaren azken txanpan Arctic Monkeys taldea izango da zerrendaburu, line-upean bilduzIdles, Röyksopp, Love of lesbian, 070 Shake, Perfume Genius edo Neo Pistea. Young Fathers, Miss Grit hegokorear-estatubatuar cyborg-a eta merkatuan single bakarra kaleratu duen The Last Dinner Party izango dira egun horretako nota diskordanteak. Larunbatean gitarrak izango dira protagonista jaialdian: La Paloma madrildarrak, Menta, Arde Bogotá edo Merina Gris. Panorama urbanoari dagokionez, Judelineren samurtasuna eta HOFE x 4:40 proiektuaren soinu-fusioa eta sekulako zuzenekoa eskaintzeaz gain, Rojuu eta Ben Yart artistek osatuko dute larunbateko programazio urbanoa. Irundik iritsiko zaizkigu Eneritz Furyaken post-folk doinuak. Jaialdiarekin zerikusirik ez duten arrazoiak direla medio, The Lathums eta Toccororo taldeek ez dute joko, azkenean, jaialdian.
BASOA. BASO ELEKTRONIKOA, ESKAPISMOAREN TENPLUA
Basoa guneko kartel eklektiko baina trinkoa abangoardiatik elektroniko puristenera doa: ostegunean, Anz, Call Super, HAAi, Sama Yax eta Violet; ostiralean Ben Ufo, Sherelle, Job Jobse, Dinamarca eta Dalila; eta larunbatean Young Marco, Avalon Emerson, John Talabot, GAZZI eta Fernanda Arrau. Gaur egungo elektronikaren guruak finkatzeko eta indartzeko gunea izango da, aurtengoan ere, eskapismoaren tenplua; Europako dantza-pista bereziena izango den basoa.
LASAI. MUSIKAREN ABANGOARDIA BILBOKO IKUSPEGI ONENEKIN BATERA
Lasai gunearen premisa minutuko 100 beat-ak ez gainditzea izan zen, eta funtsezko agertoki bihurtu da lasaitzeko, eta tempo geldoen eta intentsitate bizien maisuei tokia egiteko. Lehen egunean, soinu abangoardistak gailenduko dira agertokian: DJ Der, Formica, Olivia, Phoebe eta Xamana Jones. Ostiralean, GAZZI izango da agertoki gainean, honako hauekin batera: 8kitoo, Malibu, Ouri, Senda Fatal eta Tenguerengue. Larunbatean, Dinamarca arduratuko da Lasai agertokia hosteatzeaz, honako hauen laguntzarekin: Fantasilandia, Ghazal, Kebra, Linnea eta Sukumons.
BILBAO BBK LIVE HIRIAN
Bilbao BBK Live jaialdia Kobetamendin sortu zen 2006. urtean, eta Europako proiektu kualitatibo nagusietako bat izatera iritsi da. 2011z geroztik, Bereziak ekimenaren bitartez hiriaren erdialdea aktibatzen da, jaialdiaren espiritua eta zuzeneko musikaren esperientzia herritarrengana eta hiriko bisitariengana hurbilduta. Sarrera libreko ekimena izaten jarraituko du, eta Bilbo erdialdeko 4 agertokitan banatuko da, Bilbao BBK Live jaialdiaren espiritua hirira hurbilduz, eta bertako publikoari proposamen artistiko interesgarriez gozatzeko aukera emanez, kasu gehienetan kontzertu esklusiboak izanik, jaialdiko karteletik at.
Ekaina osoan, Herrian ekitaldiak izan dira Lekeition eta Mungian, eta Hirian, berriz, Basurtu auzo bilbotarrean; jaialdiaren programazio paraleloa bukatzeko, uztailaren 6an, 7an eta 8an Bereziak izango da.
Bilbao BBK Live jaialdia hasiko den egunean, andaluziar jatorriko Queralt Lahoz artista katalanak abiaraziko du Bereziak programazioa. Hurrengo egunean, Bilboko kaleak musikaz beteko dira Los Fresones Rebeldes, Saramalacara, Derek V. Bulcke ezagunekin eta 31 Fam, Ciutat eta Hidrogenesse katalanekin. Larunbatean, uztailak 8, jaialdiaren paralelo egiten diren jarduerak bukatzeko, doinu latinoak izango dira nagusi: bi Latin Grammy sarietarako izendatuta dauden Bandalos Chinos argentinarrak, Centavrvs laukote mexikarra eta Quitapenas taldearen binilozko fusio tropikala. Ángel Stanich sailkaezina, Juicy Bae lurrikara urbanoa eta Laguna Goons Getxon bizi diren malagarrak izango dira nota diskordantea larunbateko eguneko programazioan.
Aurten ere, Bilbao BBK Live jaialdiaren eskumuturrekoak abantailak eta deskontuak eskaintzen dizkizu Bilboko kultur etxe, museo eta saltokietan, Bilbao BBK Live Experience! ekimenaren bitartez. Jaialdira datozen pertsona guztiek jaialdiko eskumuturrekoa erakutsi eta abantailak baliatu ahal izango dituzten puntu guztiak biltzen dira ekimen honetan. Informazio guztia aurkituko duzu jaialdiaren webgunean.
ORDUTEGIAK, GARRAIOA ETA ESKUMUTURREKOAK
- Bilbao BBK Live 2023: Uztailak 6ko ordutegiak (jpg)
- Bilbao BBK Live 2023: Uztailak 7ko ordutegiak (jpg)
- Bilbao BBK Live 2023: uztailak 8ko ordutegiak (jpg)
- Bilbao BBK Live 2023: mapa (jpg)
Eskumuturrekoak ohiko tokietan hartu ahal izango dira, BBK salan astelehen eta astearteetan 11etatik 20etara eta San Mamesen eta BECen asteazkenetik larunbatera 10etatik 02etara.
Jendea modu ordenatuan igo dadin eta garaiz planifikatu ahal izateko, bigarren urtez, autobus-zerbitzua antolatu dute aurten ere, aurrez erreserba eginda. Jaialdiaren egun bakoitzean, Felipe Serrate kaletik abiatuko da autobusa, San Mames ondoan, 16:00etatik 23:00etara arte, 10 minuturo. Bidaiaren prezioa 3,5€ izango da, soilik igotzeko izango da eta aldez aurretik egin beharko da erreserba. Pertsona bakoitzak gehienez ere 10 txartel erosi ahal izango ditu. Aldi berean, San Mames-Kaputxinoetatik eta BEC!-etik ere abiatuko dira jaialdira joateko autobusak; doako zerbitzua da hori.
Doako autobusek erabilgarri jarraituko dute, bai jaialdira joateko, bai handik itzultzeko. Ohi bezala, joanekoan busak BECetik irtengo dira! (Barakaldo) Ansioko metro-geltokiaren ondoan – bertan 3.500 aparkaleku jarriko dira – eta San Mames ingurutik – Basurtuko Kaputxinoen kalearen atzekaldean, BAMI (Ogasuna-ETB) eraikinaren atzekaldean. Autobusek etengabeko zerbitzua eskainiko dute uztailaren 5eko (asteazkena) 12:00etatik igandeko (hilak 9) 15:00etara, eta zerbitzu-maiztasun aldakorrak izango dituzte, eskariaren eta aurreikusitako beharren arabera. Jaialdiaren egun guztietan, 16:00etatik aurrera gutxi gorabehera, Beyenako fabrika zaharraren inguruan geldituko dira, eta bertatik ikusleek jaialdi esparrura dituzten 800 metro eskasak egin beharko dituzte.
Era berean, programatutako kontzertuak amaitu ondoren, lotura-zerbitzua erabili ahal izango da itzulerako bidaia egiteko. Beyena parean prestatutako geltokitik, bertaratzen direnek Basurtu-San Mameseraino edo BECeraino hurbiltzen dituzten ibilgailuei itxaron ahal izango diete hesitutako guneetan.
Baita ere, kanpinlariek busak izango dituzte kanpinera joateko uztailaren 5etik, asteazkena, aurrera, eta jaialdiak irauten duen hiru egunetan zehar, bai kontzertu-esparrura bidean, bai kanpinera itzultzeko.
Laburrean
- Mota Jaialdia
- Data 2023(e)ko uztailaren 6(e)tik 2023(e)ko uztailaren 8(e)ra
- LekuaKobetamendi
Bilbao - Sarrerak Erosi
- Info Gehiago


