FAN PARK ZALEENTZAKO GUNEA INAUGURATU DUTE BILBOKO AREATZAN
- Gune irekia eta doakoa da. Bertan, oro har, txirrindularitza-giroan eta, bereziki, Tourrean murgiltzeko esperientzia gozatu ahal izango da.
Babesleen stand-ak, animazioak, jokoak, opariak, tirolina erraldoi bat, bizikleten erakusketa edo bi gurpilen gainean ibiltzen ikasteko pistak dira gaur eguerdian Christian Prudhomme Frantziako Tourreko Zuzendariak, Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburu eta Bozeramaileak, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak eta Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatuak inauguratu duten Areatzako Fan Park zaleentzako gunean izango diren jardueretako batzuk

Ekitaldian ere izan dira Amaia Arregi Bilboko Udaleko Herritarren Segurtasun Saileko zinegotzia, Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enplegu Saileko zinegotzia, Asier Abaunza Bilboko Udaleko Hiri Plangintza, Proiektu Estrategiko eta Espazio Publiko Saileko zinegotzia eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasun eta Turismoko zuzendari nagusia. Multzoak ‘Maxoo’ izan du lagun bisitan, Frantziako Tourreko maskota ofiziala.
Ikusleek herri kirolen edo euskal dantzen erakustaldiez ere gozatu ahal izango dute, eta, gainera, zuzenean, pantaila erraldoian, taldeen aurkezpena eta Tourraren inaugurazio eguna jarraitu ahal izango dituzte. Era berean, alkoholik gabeko gune bat prestatuko da, eta bisitariek hainbat food truck-ez gozatzeko aukera izango dute (Gure Poke, Café Iruña, Arrese, Abasotas, Thate).
Fan Park zaleentzako gunea Areatzako estalpeetan dago eta hilak 29an (12etatik 21etara), 30ean (10etatik 21etara) eta uztailaren 1ean (10etatik 18etara) egongo da zabalik.
