Euskal erakundeek 'Grand Départ Pays Basque 2023'rako Euskadin inoiz izan den segurtasun-operatibo handienetako bat aurkeztu dute
- Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta lasterketak zeharkatzen dituen Euskadiko udalek beren mugikortasuna planifikatzeko eskatu diete herritarrei uztailaren 1ean, 2an eta 3an, hainbat orduz izango diren murrizketa handiegatik
- Bilboren kasuan, murrizketak 28an hasiko dira, egun horretan hasten baitira helmugako eremua muntatzeko lanak
- Mozketek eta aldaketek aireportuetarako sarbideei ere eragingo diete, bai eta garraio publikoaren ibilbide eta geralekuei ere; beraz, herritarrei behar besteko aurrerapenaz informatzeko eskatzen zaie
- Ibilbidetik eratorritako mugikortasun murrizpenei, Udako Irteera Operazioarekin eta Itsasarteko Pasabide Operazioarekin bat datozen datak gehitu behar zaizkie, Irungo mugari, AP-8ari, N-1ari eta AP-1ari bereziki eraginez
- Herritarrek Frantziako Tourraren errutometro ofizialak kontsulta ditzakete. Bertan Grand Départ Pays Basque 2023ko 3 etapek igaroko dituzten udalerrien zerrenda eta puntu kilometrikoak ikus daitezke. Informazio guzti hau Euskadiko irteera handiaren webgune ofizialean egongo da ikusgai
- Gainera, informazio guztia Waze aplikazioan kargatuko da laster. Bertan, ibilbide alternatiboak eskainiko dira kontsultatzen duenarentzat
Josu Erkoreka Lehen Lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Amaia Arregi eta Martín Ibabe Bilboko eta Donostiako Herritarren Segurtasuneko zinegotziek, hurrenez hurren, Livia López Vitoria-Gasteizko Kirol eta Osasun zinegotziak, Andoni Agirrebeitia Amorebieta-Etxanoko alkateak eta Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiko Lurralde Lehiakortasuneko eta Turismoko zuzendariak gaur goizean aurkeztu dute euskal erakundeek Euskadin uztailaren 1ean, 2an eta 3an egingo den Grand Départ Pays Basque 2023a dela-eta planifikatutako segurtasun- operatibo konplexua.

Euskadin aurrekaririk ez duen Segurtasuneko Plan integral bat da, Euskadiko segurtasun publikoan inplikatuta dauden euskal erakunde eta entitate guztien artean koordinatua: Ertzaintza, Tourraren hiru etapak zeharkatzen dituzten udal guztietako udaltzaingoak, 112 SOS Deiak, hiru hiriburuetako eta hiru foru aldundietako larrialdietako eta suteak itzaltzeko zerbitzuak, Osakidetza, errepideak eta trafikoa kontrolatzeko talde instituzionalak, etab.

Operatibo orokorraz gain, gaur goizeko aurkezpenean 2023ko Frantziako Tourraren etapetako baten irteera edo helmuga diren 4 udalerriek diseinatutako plan espezifikoak zehaztu dira: Bilbo, Vitoria-Gasteiz, Amorebieta-Etxano eta Donostia.
Segurtasun operatiboa eta irteera edo helmuga diren 4 udalerrian informazioa biltzen duen TXOSTEN OSOA (PDF, 34 MB) .

