Baieztatutako elgorri-kasuak —azaroan Bizkaian atzemandako agerralditik eratorritakoak— 34 dira gaur egun; horietatik 16 osasun-esparruko profesionalen kasuak dira, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez.
Kasu guztiek bilakaera ona izan dute, txertaketa-tasa altuak dituzten herrialde eta eskualdeetan —adibidez Euskadin— ohikoa den eredu epidemiologikoari jarraiki; izan ere, bertan txerto-estaldura % 96,79koa izan da (2023an) lehen dosirako, eta % 92,44koa bigarren dosirako.
Hala ere, hasiera-hasieratik Saileko Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak eta Osakidetzak ezarritako zaintza- eta jarraipen-protokoloak aktibo egoten jarraitzen du. Horri esker, garaiz identifikatu ahal izan dira —funtsezko faktorea— kasuak, eta kontaktuen inguruan egin beharreko azterketa egin ahal izan da, hala badagokio, esposizio-osteko profilaxia ematea balioetsiz.
Kutsadura ahalik eta txikiena izan dadin, Osasun Publikoak aldi baterako gomendatzen du, alde batetik, prebentzio-neurriak zorroztea —adibidez maskara erabiltzea, bai langileen artean, bai pazienteen eta laguntzaileen artean, osasun-ingurunearen barruan, bereziki larrialdien eremuetan—, eta, bestetik, alerta mantentzea kontsultetan, susmo kliniko txikienaren aurrean diagnostiko goiztiarra egin ahal izateko. Elgorria airez, tanta bidez eta kutsatutako jariakinekin kontaktuan egonda transmititzen da; hala, maskarak birusaren sakabanatzea murrizten du eta beste paziente eta laguntzaileak babesten ditu.
Baina, batez ere, EAEko osasun-agintariek txertaketan jartzen dute arreta, gaixotasuna ez hedatzeko prebentzio-tresna eraginkorrena bezala. Hala, Osasun Sailak txertaketa egunean edukitzearen garrantzia azpimarratu du, bai haurren artean, bai helduen artean. Bereziki garrantzitsua da dosirik jaso ez duten edo dosi bakarra jaso duten pertsonen txertaketa-egoera aztertzea eta eguneratzea; egoera hori ohikoagoa izan daiteke 70eko eta 80ko hamarkadetan jaiotako pertsonen artean, baita Euskadikoa ez den txertaketa-egutegiak dituzten herrialde edo eskualdeetatik datozenen artean edo gure ingurukoak baino txertaketa-estaldura txikiagoak dituzten herrialdeetako biztanleen artean ere.
Osasun Sailak eta Osakidetzak gogorarazi dute elgorria gaixotasun arina izan ohi dela. Sukarra eta exantema moduko sintomak izanez gero, eztula, errinitisa/koriza edo konjuntibitisa moduko hiru sintoma hauetako batekin edo gehiagorekin batera, telefonoz kontsultatu behar da erreferentziazko osasun-langileekin, eta komeni da maskara erabiltzea. Elgorriaren birusa pertsonen artean kutsatzen da, airez, eta haren transmisio-aldia exantema (larruazalean orban gorrixka) agertu baino 4 egun lehenagotik 4 egun gerora artekoa da.
Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)