Osasun Saila

Euskadik Prestakuntza Espezializatuko 577 egoiliar plaza eskainiko ditu 2025-2026 ikasturtean, orain arteko handiena, aurrekoan baino 11 plaza gehiagorekin

Argitalpen-data: 


      Consulta_Osakidetza.jpg

BAME 2025-2026 DEIALDIA

  • Aurten ere Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan baimendutako plaza-kopururik handiena eskaintzen du Euskadik, guztizkoaren herena baino gehiago, eta nabarmentzekoak dira deialdi honetan lehen aldiz eskaintzen diren Larrialdietako eta Emergentzietako Medikuntzako prestakuntzarako 5 plazak
  • Osakidetzak 2024-2025 ikasturte honetan eskainitako plaza guztiak betetzea lortu du, eta nabarmentzekoa da 2024an egoiliar prestakuntza osatu zuten familia-medikuen % 78,4  kontratatu zituela eta erizain espezialisten % 78,7
  • Azken hamarkadan, Euskadin bizi diren gazteen prestakuntza-plazen eskaintza % 84 hazi da

Osakidetzak Osasun Prestakuntza Espezializatuko 577 plaza eskainiko ditu guztira 2025-2026 deialdian, eta, beraz, inoizko handiena izango da, iaz baino 11 plaza gehiago.

Hala, azken hamarkadan, Euskadin bizi diren gazteen prestakuntza-plazen eskaintza % 84 igo da. Alberto Martínez Osasun sailburuak nabarmendu duenez, plazen hazkunde jarraitua funtsezkoa da erretiroa hartzeko bidean dauden profesionalak ordezkatuko dituzten gazteen prestakuntza bermatu ahal izateko, eta hori funtsezkoa da osasun-sistema gero eta zaharragoa den eta gaixotasun kroniko eta mendekotasun gehiago dituen gizarte baten erronketara egokitzen jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur jakinarazi duenez, aurten ere Euskadik ahalik eta plaza gehien eskainiko ditu Lehen Mailako Arretari lotutako kategorietan, hori baita bere lehentasun estrategikoetako bat. Zehazki, 115 dira Familia eta Komunitate Medikuntzako plazak, hau da, % 53ko igoera azken hamarkadan; 37 Familia eta Komunitate Erizaintzan, duela hamar urteko kopurua laukoiztuz; eta 30 Pediatrian, hau da, orduan baino % 66 gehiago.   

Gainera, deialdi honetan, lehen aldiz,  Larrialdietako eta Emergentzietako Medikuntzako espezialitateko 5 plaza eskaintzen dira. Espezialitate berri horrek espezializazio-arlo horretako osasun-premiei erantzuten die, eta lau urteko iraupena izango du. Lehenengo biak Familia eta Komunitate Medikuntzako espezialitatekoak izango dira.

2024-2025 ikasturtean eskainitako Prestakuntza Espezializatuko egoiliarren plaza guztiak beste urtebetez betetzea lortu ondoren, orain, BOEn laster argitaratuko den 2025-2026 deialdian, 11 plaza gehiago eskaintzen dira, zifra errekor horretara iritsi arte (577). Hona hemen horien banaketa:

Kategorien arabera

  • BAME fakultatiboen 438 plaza (espezialitate medikoetako plazak barne).
  • BAEE erizaintzako 115 plaza
  • BEP psikologia klinikoko 14 plaza
  • FIR ospitaleko farmaziako 9 plaza
  • Ospitaleko erradiofisikako plaza 1 (kategoria berria)

Lurraldeka, prestakuntza espezializatuko 577 plazak honela banatzen dira: 110 plaza Araban, 314 plaza Bizkaian eta 153 plaza Gipuzkoan.

Prestakuntza hori Euskadin irakaskuntzarako akreditatuta dauden 17 zentro/unitateetan egiten da: 7 ospitale, 2 irakaskuntza-unitate, lanbide anitzeko 6 irakaskuntza-unitate eta erizain espezialistentzako 2 irakaskuntza-unitate.

Azpimarratzekoa da Osakidetzak 2024an egoiliar prestakuntza osatu zuten medikuen % 72,2 kontratatu zuela, nabarmentzekoa da Familia eta Komunitateko Medikuntzako profesionalen % 78,4 kontratatu zela, eta erizain espezialisten % 78,7.

 

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)