Osasun Saila

Osakidetza kolon-ondesteko baheketa egiten hasi zaie 70-74 urte bitarteko euskal herritarrei

Argitalpen-data: 


      Kolon-ondesteko_baheketa.jpeg
  • Baheketaren estaldura 74 urtera arte luzatzean, Osakidetza neurri hori hartzen duen estatuko osasun-zerbitzu aitzindarietako bat bihurtu da.
  • Kolon-ondesteko baheketa zabaltzeari esker, adin-tarte horretan koloneko tumoreen detekzioa % 25 handitzea aurreikusten dute

Osakidetzak 70 eta 74 urte bitarteko euskal herritar guztiak deitzen ditu kolon-ondesteko minbiziaren baheketa-programan parte hartzera. Hala, pixkanaka, 70 eta 74 urte bitarteko 120.000 euskal herritarrek gutun bat jasoko dute beren etxeetan, non kolon-baheketa test bat egiteko gonbidapena egingo zaien.

Osakidetzaren kolon-ondesteko baheketan xede-populazioa handitzea, berez, irizpide zientifikoen eta osasun-irizpideen ondorio da, eta baheketaren arduradunek uste dute garrantzi estrategikoa dutela Euskadiko biztanleriaren % 5,4ra heltzen den kolektibo bat babesteko orduan.

Horrela, baheketa 70-74 urte bitarteko adin-tartera luzatzeko arrazoi nagusietako eta aipagarrienetako bat da, hain zuzen ere, neurri horri esker kolon-ondesteko minbiziak % 25 gehiago detektatuko direla adin-talde horretako pertsonen artean. Gainera, Osakidetzak baheketaren adina luzatzea onuragarria da, estatistikoki frogatuta baitago 70 urtetik gorako minbizi inbaditzaileen garapena prebenitzen duela.

Euskadi, kolon eta ondesteko baheketaren abangoardian

Horrela, Euskadi erreferente sendo bilakatu da estatuan kolon-ondesteko minbiziaren populazio-baheketan. Kolon-ondesteko baheketa 74 urtera arte luzatzeak Osakidetza aitzindari bihurtzen du estatu mailan kolon-ondesteko baheketari dagokionez, neurri hori 70 eta 74 urte bitarteko adin-tarte osoan aldi berean martxan jarri duen lehen autonomia-erkidegoetako bat baita.

Gainera, kontuan izanda Europar Batasunak 2022an kolon-ondesteko baheketa 74 urtera arte luzatzeko gomendioa egin zuela, neurri horri esker, Euskadi liderra da horretan ere.

Ibilbide luze eta arrakastatsua izan duen baheketa

Kolon-ondesteko baheketa 74 urtera arte luzatu ondoren, Osakidetzak 50-74 urte bitarteko 350.000 pertsona gonbidatuko ditu urtero baheketa-programara.

Baheketaren xede-populazioa 74 urtera luzatu arren, helburua da partaidetza-indizeari gaur egungo % 72an eustea. Izan ere, horren arabera, Osakidetza nazioarteko erreferentea da biztanleriaren kolon-ondesteko baheketan parte hartzeari dagokionez.

Euskadi izan zen lehen autonomia-erkidegoetako bat martxan jartzen, 2009an. 2013an 50-69 urte bitarteko euskal herritarrengana heldu zen eta lehenengo autonomia-erkidegoa izan zen helburu hori lortzen.

2024an Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak baheketa hau 50-74 urte bitarteko euskal herritar guztiei luzatzeko erabakia hartu zuten.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)