Osasun Saila

Bilbo-Basurtuko ESIak paziente kirurgikoen mina kontrolatzeko proiektu bat jarri du abian

Argitalpen-data: 


      Monitores.jpg

Urriaren 17a - Minaren aurkako Munduko Eguna

  • Ekimena 11 ospitaleratze-unitatetan ezarri da, pazienteen mina semaforo baten koloreen arabera sailkatzen duten pantailak jarrita.
  • Sistema horri esker, ebakuntza osteko mina gutxitu ahal izango da eta ospitale honetan urtean ospitaleratzen diren 12.000 paziente kirurgikoren erosotasuna hobetuko da, haien errehabilitazioa eta errekuperazioa erraztuta.
  • Lehen fase honetako emaitzek erakusten dute minaren erregistroak hobetu direla proiektua ezarri den unitateetan, % 92tik % 97ra igo da eguneroko minaren balorazioa duten pazienteak

Osakidetzako Bilbo-Basurtuko ESIko zentroa den Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak paziente kirurgikoen mina monitorizatzeko eta kontrolatzeko proiektu bat jarri du abian, 11 ospitaleratze-unitatetan. Helburua da ospitalean urtean ospitaleratzen diren 12.000 paziente kirurgikoren prebalentzia murriztea eta euren erosotasuna hobetzea. Horretarako, pazienteen mina semaforo baten koloreen arabera sailkatzen duten pantailak jarri dira. Hala jakinarazi dute Osasun Sailak eta Osakidetzak, bihar, urriak 17, ospatuko den Minaren aurkako Mundu Eguna dela-eta.

Mina osasun-arazoa da, eta horri heltzea lehentasunezkoa da, mina arintzea pertsonaren eskubidea eta profesionalen betebeharra baita.

Martxoan hasitako proiektu honen helburu nagusia, mina monitorizatu eta kontrolatuz, ebakuntza osteko minaren prebalentzia murriztea da, horrela ebakuntza kirurgiko baten osteko erosotasuna hobetuta. Horretarako, pantailak jarri dira erizaintzako kontroletan, aldi berean, ospitaleratutako paziente guztien minaren intentsitate-erregistroak azkarrago eta modu bisualagoan bistaratzeko.

Pantaila horietan pazienteen mina sailkatzen da, ikusmen-eskala analogikoaren (EVA) irizpideen arabera, kolore-sistema baten bidez. Valentín Crespo erizain arduradunak azaldu duenez, “semaforo baten koloreei lotutako sistema sinple eta oso bisuala da. Mundu guztiak erraz ezagutzen eta interpretatzen duen kolore-kodea. Berdea minik ez duten edo min arina duten pazienteei esleitzen zaie (EVA eskalako balioak 0-2 artean); laranja, min moderatua duten pazienteei (3-5); eta gorria, min handia duten pazienteei, 6tik 10era nazioarteko eskala honetan”.

ERREGISTROAK ETA EMAITZAK

Kirurgia osteko pazienteen minaren balorazioa hainbat unetan erregistratzen da: pertsona ospitaleratzean; txandaka bakoitzean behin gutxienez; min larriko gertakari berri baten agerpen bakoitzean; analgesikoen dosi bat eman ondoren; eta, azkenik, altan.

Lehen fase honetako emaitzek erakusten dute hobetu egin direla minaren erregistroak, % 92tik eta % 97ra igo baita egunero minaren balorazioa daukaten pazienteak, proiektua ezarri den unitateetan. Horri esker, Cresporen hitzetan, informazio gehiago lortuko dugu, ebakuntza osteko minaren prebalentzia murrizteko eta pazientearen errehabilitazioa eta errekuperazioa errazteko hobekuntzak ezartzeko. Hori guztia, ahaztu gabe, ebakuntza osteko erosotasuna. Eta horrekin batera, ikusezina dena ikusaraziko dugu, hau da, mina ikusaraziko dugu tratatu ahal izateko eta pazienteen bizi-kalitatea hobetuko dugu.

Gainera, eguneko gutxieneko erregistroak gehituta, minaren jarraipena areagotu egin da, hau da, “paziente bakoitzak eguneko une desberdinetan duen minaren balorazio gehiago ditugu, eta, horri esker, min larriko tontor gehiago erregistratzen dira”, Crespok nabarmendu duenez. Urtebetean, erakunde honek egunean bi balorazio edo gehiago zituzten erregistroen % 8 izatetik % 70 izatera igaro da, eta horrek aukera ematen du egun bakoitzean paziente bakoitzaren minaren intentsitatearen bilakaera monitorizatzeko.

Proiektua ezartzeko, unitate horietako erizaintzako ia 250 profesional eta ikasleri prestakuntza eman zaie, proiektua eta horren abantailak ezagutarazteko eta ospitaleko mina murrizteko.

Informazio gehiago Irekia atarian (Leiho berrian irekiko da)