Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua eta Tolosako alkatea udalerrian finkatuko den Osakidetzako ospitalearen behin betiko kokalekua bisitatu dute

2021-06-07

Tolosako sailburuak eta alkateak bilera egin dute udaletxean, zentro berria egiteko konpromisoa berresteko eta zonaldeko asistentzia-zerbitzua  hobetzeko hurrengo urratsak zehazteko.

 

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburua Olatz Peon Tolosako alkatearekin bildu da, eta udalerrian Osakidetzaren etorkizuneko ospitalea gauzatzeko lankidetzan jarraitzeko konpromisoa berretsi dute. Bileraren ostean, Iurreamendi bisitatu dute, Udalak egindako azterketaren ondorioz osasun-zentroa kokatzeko aukeratu duten gunea, alegia. Une honetan, Osasun Saila eta Osakidetza zentro berriaren hornidura zehazteko plan funtzionala garatzen ari dira, inguruko biztanleei asistentzia sanitarioa hobetzen jarraitzeko.

Bai Osasun Sailak bai Tolosako Udalak modu estuan lan egin dute lehen fasean. Fase horretan, bereizmen handiko osasun-zentroa kokatzeko aukerak aztertu dira. Bi taldeak pozik agertu dira; izan ere, Iurreamendik mugikortasunaren, irisgarritasunaren, azpiegituraren eta lurren jabetzaren irizpideak betetzen ditu, Udalak kokalekuei buruz egindako azterketan ondorioztatzen den bezala.

Tolosako alkateak sailburuaren bisita eskertu du, eta Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean orain arte egindako lankidetza-bideari balioa eman dio. Bestalde, Osasuneko sailburuak gogorarazi du Tolosaldeko, Gipuzkoako eta Euskadi osoko biztanleen osasuna dela bere lehentasuna, eta proiektu horrekin duen konpromisoa berretsi du, Osakidetzak eskualdean eskaintzen duen asistentzian aurrera egiteko.

Bi erakundeek lanean jarraituko dute proiektu hau garatu eta martxan jartzeko: Tolosako Udalak Hirigintza Antolamenduko Plan Orokorra aldatuko du eta Eusko Jaurlaritzak, bere eskumenen arabera, Plan Funtzionala egin eta etorkizuneko osasun-zentroaren eredua zehaztuko du.

 

Tolosa, 2021eko ekainaren 7a