Osasun Saila

Eusko Jaurlaritzak 2,6 milioi euro bideratuko ditu adikzioen prebentzioan lan egiten duten tokiko erakundeentzat eta kolektiboentzat (Gobernu Bilera 2018-06-05)

logoconsejo.jpg

2018.eko ekainak 05

Osasun Sailak lehentasuna eman dio adikzioei modu integralean aurre egiteari eta esparru komunitariotik jokabide osasungarriak sustatzeari, herritarrekin egiten diren zerbitzuen hurbiltasunagatik

Jon Darpón Osasuneko sailburuak proposatuta, Eusko Jaurlaritzak gaur onartu duen diru-laguntzen deialdiaren aginduaren bidez, diru-laguntzak emango dira: adikzioen prebentzioko udal-taldeak sortzeko eta mantentzeko; prebentzio komunitarioko tokiko programa espezifikoak garatzeko; eta irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek jokabide osasungarrien sustapeneko eta prebentzioko proiektuak egiteko. Aginduak, 2018ko ekitaldirako, 2.618.400 euroko laguntza hartzen du aintzat hiru kapitulu horietarako.

Osasun Sailak ezartzen du, Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearen arabera, osasunaren sustapenak eta prebentzioak lehentasuna dutela adikzioei askotariko diziplinetatik eta modu integralean aurre egitean. Prebentzioaren arloan, berriz, esparru komunitarioak du lehentasuna, pertsonei eta parte diren komunitateei egiten dieten zerbitzuen hurbiltasunagatik —batez ere udalerrietan eta mankomunitateetan garatzen baitira—.

Ildo horretan, agindu honen bidez, jarraipena emango zaio prebentzio komunitarioko talde teknikoak sustatzeari; era berean, adikzioen arloan udalek tokiko planen edo, hala badagokio, foruko planen bidez garatzen dituzten programekin eta jardunekin ere jarraituko da. Horrez gain, arlo horretan irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeek egiten dituzten jardunen garrantzia ere nabarmentzen du. Eta hori guztia, 2017-2021 aldiko Euskal Autonomia Erkidegoko Adikzioei buruzko VII. Planaren edukiekin bat eginik.

Hartara, honela banakatzen dira laguntzak:

  • 1.174.135 euro zuzenduko dira tokiko erakundeek adikzioen prebentzio komunitarioko talde teknikoak sortzera eta mantentzera.
  • Tokiko planei atxikitzen zaizkien adikzioen prebentzio komunitarioko programak garatzeko eta, jardun-esparru horretan, jokabide osasungarrien sustapenerako programak garatzeko 561.765 euro gorde dira.
  • 882.500 euro zuzenduko dira adikzioen arloko prebentzio-proiektuak, arriskuak eta kalteak murrizteko proiektuak eta jokabide osasungarriak sustatzeko proiektuak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko gizarte-ekimeneko erakundeentzat.

Hilabeteko epea izango da eskaerak aurkezteko, agindu hori EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.