Osasun Saila

Osasun sailak 1.000 osasun langiletik gora prestatu ditu "Adin Txikikoak eta Alkohola" programa Osakidetzan hedatzeko

plan_salud.jpg

2016.eko abenduak 15

Erreferentzia-eragile gisa jardungo dute programari modu integral eta homogeneoan heltzeko Euskal Osasun Zerbitzuaren sare osoan, prebentzioaren, diagnostikoaren eta adin txikikoen alkohol-kontsumoaren tratamenduaren alderdietan

Eredu berriarekin, esku hartzeko esparrua, orain arte Urgentzietara, Osasun Mentalera eta Larrialdietara mugatua, Lehen Mailako Arretara, Ospitaleko Arretara eta Osasun Kontseilura zabalduko da

 

Osasun Sailak eta Osakidetzak 1.000 langiletik gora prestatu dituzte dagoeneko. Erreferentzia-eragile gisa jardungo dute “Adin txikikoak eta alkohola” programa Euskal Osasun Sistema Publikoaren sare osoan hedatzeko. Programa Eusko Jaurlaritzak jarri zuen abian aurreko legealdian, adin txikikoen artean gehiegizko alkohol-kontsumoa eteteko helburu nagusiarekin, eta portaera horietarako permisibitatezko giro sozialarekin amaitzeko; izan ere, mundu osoan gora doan fenomenoa da, Osasunaren Mundu Erakundeak berak berresten duen bezala.

OMEren beraren gomendioen arabera, eta Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 Osasun Planarekin eta Eusko Legebiltzarrak aurten bertan ia aho batez berretsitako Adikzioen eta Droga Mendekotasunen gaineko Arreta Integralari buruzko Legearekin bat etorrita, Adin txikoak eta alkohola programak neurri-bateria bat aurreikusten du, zenbait euskal erakunderen artean modu koordinatuan hedatzen ari dena erkidegoaren ingurunean, hezkuntza-esparruan, adikzioen eremuan, araudi-alderdian, sentsibilizazioaren eta hedapenaren arloan eta osasun-laguntzan.

Hain zuzen, langileen prestakuntza lehen eta ezinbesteko urratsa da programari modu integral eta homogeneoan heltzeko, prebentzioaren, diagnostikoaren eta adin txikikoen alkohol-kontsumoaren tratamenduaren alderdietan, Osakidetzaren sare osoan.  

Orain arte, alkohol-kontsumoko arazoak zituzten adin txikikoei zuzendutako esku-hartze gehienak Urgentzien, Larrialdien eta Osasun Mentalaren zerbitzuetan kontzentratzen ziren.

 

Eredu berriarekin, esku hartzeko esparrua zabaldu egiten da, jarduketa arlo hauetara homogeneizatuta:

 

  • Lehen Mailako Arreta: Pediatria, Pertsona Helduak, Etengabeko Arretako Guneak eta Emakumearen Saila.
  • Ospitaleko Arreta: Adin Txikikoen Kontsultak eta Ospitaleratzea, Ginekologia eta Obstetriziako Kontsultak eta Ospitaleratzea eta Psikiatriako Kontsultak eta Ospitaleratzea.
  • Osasun Kontseilua.

 

Emandako trebakuntza-ikastaroek laguntzako eta dibulgazioko materiala hartzen dute barnean, eta osasun-langileei zein zuzendariei eta erdi-mailako arduradunei zuzendu zaizkie.Horrela, Erakunde Sanitario Integratu guztietan erreferentzia-langilearen figura sartu da, eta Euskadiko osasun-zentro guztietara zabaldu da dagoeneko. Adin txikikoekin zuzeneko harremana errazteaz gain (eta horrek gomendioen eraginkortasun handiagoa dakar berekin), esku-hartze mota honek jarduketa-esparru desberdinetako langileen arteko koordinazioa hobetuko du.

Osasun-esparru hertsiaz gain, Adin txikikoak eta alkohola programak beste arlo batzuetan garatu ditu ekintzak. Hona adibide batzuk:

                  -Festa- eta aisialdi-esparruetan “hurbiltasun programak” izenekoak indartzea eta hedatzea; eta gazteen etorri handiko ekitaldi eta festetan alkohol-abusua prebenitzeko programa espezifikoak bultzatzea. 2015ean soilik, 27.000 gaztetik gora izan ziren partaide programa horietan.

                 -Alkohol-kontsumoaren arriskuak murrizteko esku-hartzeak gazte-lokaletan. 2015ean 397 gaztek hartu zuten parte.

                 -Ohitura osasungarriak sustatzeko programa, ostalaritzari zuzendua, 2015ean 1.342 langileren parte-hartzea izan duena.

                 -Alkohol-banaketarako prestakuntza-materiala prestatzea (“Banaketa arduratsua“).

                 -Adikzioei buruzko laguntza-aginduan balorazio-irizpide bat sartzea, adin txikikoen artean alkohol-kontsumoaren prebentzioa lehenesten duena.

                 -Informazio-kanpaina, oro har gizarteari zuzendua alkohol-kontsumoaren arrisku eta kalteen prebentzioari buruz.

                 -Titulartasun publikoko prebentziozko baliabide didaktikoak sortzea, “online”, irakasleei, familiei eta ikasleei zuzendua, ikasleen artean alkohol-kontsumoa prebenitzeko.

                 -Alkohol-kontsumoaren prebentzio unibertsaleko programa bat diseinatzea eta pilotatzea, ikasleei eta hezkuntza-komunitateari zuzendua.

 

Vitoria-Gasteiz, 2016ko abenduaren 15a