Arautegia
InprimatuAGINDUA, 2025eko ekainaren 27koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez laugarrenez aldatzen baita honako agindu hau: Agindua, 2008ko martxoaren 10ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan -fondo publikoekin ordaindutakoetan- ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Agindua
- Organo arau-emailea: Hezkuntza Saila
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 141
- Hurrenkera-zk.: 3285
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2025/06/27
- Argitaratze-data: 2025/07/28
Gaikako eremua
- Gaia: Administrazioaren antolamendua; Hezkuntza
- Azpigaia: Gobernua eta Administrazio Publikoa
Testu legala
Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2013ko uztailaren 3ko, 2016ko maiatzaren 6ko eta 2019ko apirilaren 10eko aginduez aldatu egiten da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2008ko martxoaren 10eko Agindua, zeinetan finkatu egiten baitira honako oinarrizko arauak: egutegiak prestatu eta onartzeko kontuan izan beharrekoak; guztia ere, koherentzia pedagogikoa eta antolaketakoa bateragarri egitekotan, betiere, ikastetxeen autonomiarekin.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak, abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoak sartutako aldaketan, 120.4 artikuluan ezartzen duenez, ikastetxeek, beren autonomia baliatuz, besteak beste, eskola-egutegia edo eremuetako, arloetako edo irakasgaietako eskola-ordutegia handitu ahal izango dute, hezkuntza-administrazioek ezarritako baldintzetan eta aplikatzekoa den araudiak, lanekoa barne, ahalbidetzen dituen aukeren barruan, eta inola ere ez da diskriminaziorik eragingo, eta familiei ez zaie ekarpenik eta hezkuntza-administrazioei betebeharrik ezarriko.
Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak hamaikagarren xedapen gehigarrian, eskola-egutegiari buruzkoan, ezartzen du administrazio eskudunek eskola-egutegia egokitu ahal izango dutela, kontuan hartuta kirol-irakaskuntzen berezitasunak eta kirol-modalitate edo -espezialitate batzuetako irakaskuntzak, garatzen diren eremuaren arabera, aldi baterako baldintzen mende daudela.
Bestalde, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, arte-irakaskuntzak, hizkuntzen irakaskuntzak eta kirol-irakaskuntzak konplexuagoak izateak justifikatzen du ikasleei ikasturte berria aurkezteko eguna eskola-eguntzat hartzea, ez, ordea, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Hezkuntza Bereziko mailetan.
Araudi hori ikusita, eta araubide bereziko kirol-irakaskuntzak berariazko aldi eta egunetan ematea beharrezkoa denean, beharrezkoa da agindu hori aldatzea, estaldura eta segurtasun juridikoa emate aldera.
Horrenbestez,
Agindu honek aipatzen dituen hezkuntza-mailetan, eskolak urte bakoitzeko irailaren 1aren eta hurrengo urteko ekainaren 30aren arteko aldian emango dira. Salbuespen gisa, lantokiko prestakuntza egiteko, aldatu egin daitezke adierazitako muga horiek, enpresen jardueraren lan-baldintzek horrela jokatzea eskatzen badute. Nolanahi ere, hezkuntza-maila bakoitzaren azken ikasturtea amaitzeko egutegia finkatzerakoan, kontuan hartu beharko dira ondorengo irakaskuntzetara sartzeko prozeduretarako ezarri diren datak, ikasleek prozedura horietan parte hartzeko duten eskubidea bermatzeko.
Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen kasuan, eskola-egutegia irakaskuntza horien berezko berezitasunetara egokitu beharko da, araubide bereziko kirol-irakaskuntzen antolamendu orokorra arautzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak ezartzen duen bezala. Egutegi horrek aurreko paragrafoan adierazitakoaz bestelako hasiera- eta amaiera-aldi bat finkatu ahal izango du, aldi baterako baldintzapean dagoen kirol-modalitate edo -espezialitate bakoitzaren berezko eskakizunak kontuan hartuta.
Kirol-irakaskuntzen egutegiak indarrean dagoen araudiak eskatzen duen gutxieneko eskola-egun kopurua ematea bermatu beharko du. Halaber, atsedenaldiei eta antolaketa pedagogiko egokiari dagokienez, ikasleen eta irakasleen eskubideak errespetatzen direla bermatuko da, indarrean dagoen araudiaren arabera.
Hezkuntzako sailburuordeak, irakaskuntzak ematen diren ikastetxearekin edo ikastetxeekin koordinatuta, kirol-irakaskuntzen egutegia behar bezala ezartzeko jarraibide eta aldi espezifikoak ezarriko ditu, prestakuntza-beharrak eta emandako kirol-modalitateen urtaroko ezaugarriak edo ezaugarri bereziak kontuan hartuta. Prozedurak barne hartuko du ikastetxeak egutegi-proposamena bidaltzea Hezkuntza Ikuskaritzari, eta genero-ikuspegia hartuko du kontuan proposamena egiteko.
Agindu honetako 3., 4. eta 5. artikuluetan aipatzen diren ikastetxeetako eskola-egutegietan ikasleei ikasturte berriaren aurkezpena egiteko erabiliko den eguna eskola-eguntzat hartu ahal izango da.
Eskola-egutegia egiteko, dagokion urteko Autonomia Erkidegoko lanegunetako jaiegunen egutegi ofizialaren arabera jaiegun-izaera dutenak izango dira jaiegunak, baita dagokien herri edo lurraldeko zaindarien jaiegunak ere. Edonola ere ezin izango da jaiegun hauetakoren bat eskola-egun edo eskolak ematen diren egun bezala hartu.
Araubide bereziko kirol-irakaskuntzen ordutegi-plangintza, duten izaera espezifikoaren arabera eta aipatutako 1363/2007 Errege Dekretuan eta Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera, malgutasunez antolatu ahal izango da, kirol-modalitate edo -espezialitate bakoitzaren eskakizunetara egokituta. Horren barruan sartzen da asteko edozein egunetan eskolak emateko aukera, igandeak barne, eta beste irakaskuntza batzuetarako oro har eskolarik gabekotzat jotzen diren aldietan, irakaskuntzen ezaugarriek hala eskatzen dutenean.
Eskolen araubidea egunean gehienez 10 orduko lanaldi trinkoetan antolatu ahal izango da, baldin eta plangintza hori beharrezkoa bada kirol-arrazoiengatik edo prestakuntza espezifikoagatik. Nolanahi ere, oreka egokia bermatu beharko da prestakuntzaren eta atsedenaldien artean. Ildo horretan, gutxienez lau atseden-egun programatu beharko dira elkarren segidako eskola-jarduerako hamabost eguneko.
Hezkuntzako sailburuordeak, irakaskuntzak ematen diren ikastetxearekin edo ikastetxeekin koordinatuta, kirol-irakaskuntzen ordutegi-plangintza behar bezala ezartzeko jarraibideak ezarriko ditu, kirol-modalitate bakoitzaren ezaugarri espezifikoak, ikasleen prestakuntza-beharrak eta aplikatu beharreko lan- eta pedagogia-araudia kontuan hartuta. Ordutegi-plangintzan egiten den edozein aldaketak legez ezarritako mugak bete beharko ditu, eta irakasleen eskubideak errespetatu beharko ditu.
Era berean, bermatuko da eskola-orduen guztizko kopurua ez dela indarreko araudiak eskatutako gutxienekoa baino txikiagoa izango, eta prestakuntzaren antolaketa ziklo/gradu eta kirol-espezialitate bakoitzerako ezarritako helburuetara egokitu beharko da.
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2025eko ekainaren 27a.
Hezkuntzako sailburua,
MARÍA BEGOÑA PEDROSA LOBATO.
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2024ko abuztuaren 2koa, Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariarena, zeinaren bidez jendaurrean jartzen baita agindu-proiektu hau: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan -funts publikoekin ordaindutakoetan- ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duen agindua laugarrenez aldatzen duena.
- Aldatzen du: AGINDUA, 2008ko martxoaren 10ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxeetan ¿fondo publikoekin ordaindutakoetan¿ ikasturte bakoitzeko eskola-egutegia egiteko oinarrizko arautegia zehazten duena.