Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila

Eusko Jaurlaritzak lau ardatz proposatzen ditu biodibertsitatearen galera saihesteko: ekosistemak babestu eta lehengoratzea; Natura 2000 Sarea bultzatzea; Naturaren ezagutza sustatzea; eta, lurralde zein natura-ondarearen kudeaketaren efizientzia

Foro_Bio_Bi_14_10_16_(3).jpg

2016.eko urriak 14

  • Euskadiko natura-ondarea 2030era arte babesteko jardueren gakoak zehaztu dituzte Eusko Jaurlaritzak eta foru aldundiek, Natura Sarearen sustapena  nabarmenduz 
  • Biodibertsitateari buruzko I. Foro Soziala: biodibertsitateari buruzko Europako BID-REX proiektua eta “Natura eta herritarren zientziari buruzko III. Jardunaldiak”
  • Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren aurkezpena
  • Euskal Autonomia Erkidegoan animalia ornodunen 700 espezie baino gehiago daude, ornogabeen 1.780 eta 7.600 landare-espezie

 

BILBO 2016/10/14

Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek gaur goizean aurkeztu dute ehunen bat espezialistaren aurrean “2030erako Biodibertsitate Estrategia”. Dokumentu hori izango da jarraibide datozen urteotan Euskadiko naturaren eta ekosistemen kontserbazioan, eta Natura 2000 Sareari ematen zaion bultzada nabarmendu behar da. Gaur hasita garatuko da “Euskadiko Biodibertsitateari buruzko I. Foro Soziala” Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) paraninfoan, Bilbon. 

 

Ostiraletik igandera bitartean administrazio publikoetako, unibertsitateko, alor pribatuko eta gizarteko ehunen bat eragilek ezagutuko eta aztertuko dituzte Eusko Jaurlaritzak 2030era arte emango dituen urratsak Euskadiko natura-ingurunea eta biodibertsitateak gizakiari eskaintzen dizkion zerbitzu ekosistemikoak (elikagaiak, energia, lehengaiak, airea eta ura, besteak beste) babesteko, eta horien egungo babes-egoera ere aztergai izango dute.

 

Eusko Jaurlaritzako Natura Ingurunea eta Ingurumen Plangintzako zuzendari Alexander Botok eman dio hasiera Euskadiko Biodibertsitateari buruzko I. Foro Sozialari, eta Euskadiko 2030erako Biodibertsitate Estrategiaren gakoak eta 2020rako Ekintza Plana aurkeztu ditu. "Estrategia landu da herritarren parte-hartze zabalarekin eta Eusko Jaurlaritzako beste sail batzuen, foru-aldundien eta eragile tekniko eta sozialen laguntzaz, eta biodibertsitatea galtzea saihesteko lau jarduera-ardatz planteatzen ditu: ekosistemak babestu eta lehengoratzea; Natura 2000 Sarea sustatzea; naturaren ezagutza eta kultura bultzatzea; eta lurraldea eta natura-ondarea eraginkortasunez kudeatzea”, esan du Botok.

 

Euskadiko natura-ondarearen diagnostikoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan animalia ornodunen 700 espezie baino gehiago daude, ornogabeen 1.780 eta 7.600 landare-espezie. Horien artean, ornodunen 46 espezie arriskuan daude –21 galzorian–, eta arriskuan daude landare baskularren 125 espezie ere, eta horietatik 54 galzorian. Eta, gainera, intereseko habitaten % 75 baino gehiago kontserbazio-egoera txarrean daude. Bestalde, Euskadiko 55 espazio daude sartuta babestutako naturguneen Europako Natura 2000 Sarean, guztira 1.500 kilometro koadro, eta horrek esan nahi du gure lurraldearen % 23 legez babestuta dagoela.

 

Foroan, Euskadiko Biodibertsitate Estrategia aurkezteaz gainera, Europako Interreg BID-REX proiektuan egindako aurrerapenen berri ere eman da. Proiektua da  “Biodibertsitateari buruzko datuetatik erabakietara: naturaren balioak hobetzea eskualde-mailako garapen-politikak hobetuz”, eta CTFC–Kataluniako Basozaintzako Zentro Teknologikoa izan du buru eta Eusko Jaurlaritzak ere parte hartu du.  

 

Alexander Botoren esanetan, “proiektu honen helburua da naturaren balioak hobetzea eskualde-mailako garapen-politikak hobetuz, horretarako, biodibertsitateari buruzko datu garrantzitsuen eta naturaren kontserbazioari buruzko erabakiak hartzeko prozesuen arteko harremana sortuta eta indartuta. Zehazki, Europako EGEF funtsekin eskualde ezberdinetan finantzatutako jardueren jarraipena egin nahi da eta aurrekontua esleitzeko lehentasunak ezarri nahi dira”.  

 

Herritarren zientzia

Aurkezpen hauez gainera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak 2014tik urtero antolatzen dituen Natura eta herritarren zientziari buruzko jardunaldiak ere egingo dira, eta helburua da arlo eta erakunde ezberdinetako (administrazioak, unibertsitatea, elkarteak, naturaren eta ekologiaren esparrua, ikerketa-zentroak, aholkularitza eta teknologiaren arloko enpresak eta abar) espezialistak elkartzea ideiak eta esperientziak partekatzeko, abiapuntuko egoera aztertzeko, herritarren zientziaren arloan lanerako ildo bateratuak zehazteko eta biodibertsitateari buruzko datuak jasotzeko. Edizio honetan, hiru arlo aztertuko dituzte bertaratzen direnek: udalerriak, hezitzaileak eta boluntarioak.