Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

REVERSE: Europan biodibertsitatea zaindu eta balioa emateko ohitura onak trukatzearen gaineko Europako egitasmoa

Eusko Jaurlaritzak, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren bitartez, Europan biodibertsitatea zaindu eta balioa emateko ohitura onak trukatzearen gaineko Europako egitasmo batean esku hartzen du (INTERREG IVC).

INTERREG IVC programaren helburua Europako lurralde-lankidetzaren bitartez berrikuntza eta ingurumen gaietan eskualdeak garatzea da. Izatez, programa horren eslogana hau da: Innovation & Environment – Regions of Europe sharing Solutions.  EGEF funts estrukturaletatik elikatzen da, eta indarraldia 2007tik 2013ra artekoa du. Europako kohesio-politikaren programazioaren aldiarekin bat dator denboraldi hori.

Helburua

REVERSE egitasmoak INTERREG IVC programako 2. lehentasunari erantzuten dio, azpigai honetan: Biodibertsitatea eta Natura-ondarea Zaintzea.

Bazkideak

Egitasmoan parte hartzen duten erakundeak 14 dira, eta horietako lau eskualdeko agintaritzak dira (Akitaniako Eskualdeko Kontseilua, Unbriako eskualdea, Murtziako eskualdea eta Euskal Autonomia Erkidegoa), bi tokiko agintaritzak dira, (Drama eta Txania, Grezian), eta gainerakoak erakunde publikoak dira (unibertsitateak eta ikerkuntzako zentro publikoak) edo irabazi asmorik gabeko erakundeak (Bio d’Aquitaine, adibidez). Guztira, zazpi herrialde daude ordezkatuta (Frantzia, Italia, Espainia, Grezia, Estonia, Eslovakia eta Alemania).

Buru den bazkidea Akitaniako Eskualdeko Kontseilua da. Koordinatzaile lana egiten du, eta Europako Batzordearekiko solaskidea da.

Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendariak hitzarmena izenpetuta formalizatu da Eusko Jaurlaritzaren partaidetza, 2010eko otsailaren 9an.

Aurrekontua

REVERSE egitasmoak bi milioi eta erdi euroko aurrekontua du guztira, egitasmoak irauten duen hiru urteko aldian banatuta, (2012ko abendura arte). Europako funtsetatik datorren finantziazioa ia-ia % 80koa da batez beste. Eusko Jaurlaritzari esleitutako aurrekontua 228.459 eurokoa da, eta erkidegoak finantzatzen du % 75

Proiektuaren ekintzak

Helburuak

  • Biodibertsitatearen babesaren arloan eskualdeko politiken eraginkortasuna hobetzea.
  • ‘Denak irabazle’ izateko lankidetzan konpromisoa hartzea.
  • Eskualde arteko mintegietan eta azterketa-bisitaldietan parte hartzea.

Bitartekoak

  • Ohitura onak trukatu eta partekatzea. Erabilgarriak direla erakutsi duten eta beste geografia-eremu batzuetara transferitzeko aukerak ematen dituzten eskualdeko ohiturak identifikatzea.
  • Ohitura onen zabalkundea egitea, eta gomendioak ematea biodibertsitatea zaintzeko politiketan eta ekintza-planetan.
  • Eskualdeetako agintaritzek biodibertsitatea zaintzeko metodoen eta politiken gaitasuna eta ezagutza hobetzea.

Eskualdeko mintegia. Vitoria-Gasteiz, 2011ko abenduaren 1ean - EUSKADIKO BIODIBERTSITATEAREN KARTA

Mintegiaren helburua Eskualdeko Kartaren edukien zirriborroa lantzea izan zen, biodibertsitatea eta REVERSE proiektuak arreta berezia eskaintzen dien hiru gaien ingurukoa izango dena (nekazaritza, turismoa eta lurralde plangintza), baita laugarren arlo bati buruzkoa ere, gizarte bezala izendatua. Hainbat lagunek jaso zuten Mintegian hartzeko gonbitea, ondoko eragileak ordezkatzeko: gaiei lotutako autonomia erkidego eta lurralde historiko mailako administrazioak eta erakunde erabaki-hartzaileak, iraunkortasunarekin konprometitutako tokiko administrazioak, eta Mintegiko gaiei buruzko adituak, enpresetan, administrazioetan, ikerketa zentroetan, unibertsitateetan, elkarteetan, eta abar dihardutenak.

46 lagunek parte hartu zuten baterako saioaren ondoren, gaikako taldeetan egin zen lan. Partaideek emandako datu eta iritziekin Mintegiko partaidetza eta ebaluazioa aztertu ahal izango dira.

Jarraian ikus daitekeen egitarauan kontsulta daitezke baterako saioaren edukiak, baita taldeko lanaren emaitzak ere:

09.00 – 09.15 Ongietorria. Maria Aranzazu Leturiondo, Ingurumen Sailburuordea, Eusko Jaurlaritza

09.15 – 09.30 Biodibertsitateari buruz partekatutako etorkizun-senerako osagaiak (PDF, 30 KB). Germán Alonso, Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaria, Eusko Jaurlaritza. 

09.30 – 09.45 REVERSE proiektuaren aurkezpena (PDF, 1 MB). Marta Rozas, Biodibertsitatearen Zerbitzuburua, Eusko Jaurlaritza. 

09.45 – 10.15 Eskualdeko Karta testuinguruan kokatzea eta helburuak (PDF, 53 KB). Mintegiaren helburu eta itxaropenak. Azucena Salazar, REVERSE proiektuaren koordinatzailea, Eusko Jaurlaritza. 

10.15 – 10.30 Mintegiaren gaiari buruzko sarrerako bideoa. ITZULPENA (PDF, 34 KB)

Martin Sharman Framing Biodiversity at Positive Visions 2010 from Positive Visions / Biodiversity on Vimeo.

10.30 – 11.00 Kafea

11.00 – 13.15 Taldeko saioak

  • Nekazaritza eta Biodibertsitatea taldea
  • Turismoa eta Biodibertsitatea taldea
  • Lurralde Plangintza eta Biodibertsitatea taldea
  • Gizartea eta Biodibertsitatea taldea
     

13.15 – 14.00 Bateratzea, ondorio orokorrak eta ebaluazioa

Eskualdeen arteko I. mintegia. Burdeos, 2010eko ekainaren 23an eta 24an

Maiatzean zehar, bazkideak proposamenak aurkezten joan ziren, eta Akitaniako eskualdeak (burua) eta Unbriako eskualdeak arduratu ziren hautapena egiteaz, mintegiko lan-saioetan aurkezteko eta sakon eztabaidatzeko.  Guztira 40 proposamen egin ziren gutxi gorabehera, 8 hautatu ziren, eta izenburu hauekin banatu ziren:

  • Nekazaritzako biodibertsitatea in situ zaintzea eta bilakaera (Bio d’Aquitaine, FR) 
  • Nekazaritzako biodibertsitatea zaintzeko politikak (Lazioko eskualdea, IT)
  • ‘On-farm’ zaintzea sustatu eta gehitzea (Unbriako eskualdea, IT eta Bio d’Aquitaine)
  • Lurraldea eta paisaia babesteko biodibertsitatea (Txaniako Nekazaritzako Erakunde Mediterraneoa, GR)
  • Nekazaritzaren eta biodibertsitate naturalaren arteko lotura (Eusko Jaurlaritza (2) eta Murtziako eskualdea, ESP)

Eusko Jaurlaritzak egindako bi proposamenak, epigrafe berean sartu arren, gai horren bi alderdi oso desberdini zor zaizkio. 

Bi horietako lehenean, ‘BZGak zaintzeko neurriak ezartzeko partaidetza-prozesuak, nekazaritzan hanpadura jarrita’ (Participative process in establishing conservation measures for a SAC, with emphasis in agriculture) Natura 2000 Sareko guneetan finkatu behar diren zaintza-neurriak diseinatzeko partaidetza-prozesuetan azaldu dira, eta tokiko eragileak, interesa duten taldeak eta oro har herritarrak inplikatzeko aukera ematea da helburua. BZGen kasuan, zehazki, inplikazio horren bidez, eraginkortasun handiagoa lortu nahi da zaintza-neurrietan eta berme handiagoa neurriak ezarri eta garatzean.

Bigarren proposamena, ‘Lurzoruko mikrobio-biodibertsitatea, ingurumen-adierazle gisa’ (Microbial Biodiversity as environmental indicador) ikerketen emaitzak praktikan jartzeari lotutako proposamen bat da, eta nekazaritzako ohiturak hobetzeko tresna gisa biodibertsitatea erabiltzeko aukera planteatzen du.

Eskualdeen arteko II. mintegia. Creta, 2010eko azaroaren 23, 24, 25 eta 26an

Gai horri buruz, 9 ‘ekintza onak’ aurkeztu ziren, ondorengo atal hauetan banatuak:

  • Estrategia-ikuspegiak
  • Natura-gune babestuen kudeaketa eta biodibertsitatea babestea
  • Turismoa balioztatzeko eta ingurumenarekiko sentikortasunerako ekintzak

Eusko Jaurlaritzak lau proposamen aurkeztu zituen. Haietako bi, ekintza konkretuetaz ziren – ‘Erabileren erregulazioa: Oreinen orroa Gorbeiako Parke Naturalean’ eta Ornitologia turismoa Plaiaundiko Parke Ekologikoan’-  2. eta 3. izenburuetan sartu litezkeenak, hurrenez hurren.

Hala ere, mintegian aurkeztu eta horiei buruzko eztabaidatzeko hautatutako proposamenak estrategia-ikuspegiarekin lotutakoak izan ziren:  ‘Zerbitzu hornitzeko Q- kalitate turistikoa ezartzea Euskadiko Natura-Gune Babestuen Sarean’ eta ‘Turismo Iraunkorraren Europar Charter-a burura eramatea Valderejo Parke Naturalean’. Biak ponentzia berberean aurkeztu ziren. 

Eskualdeen arteko III. mintegia. Murcia, 2011ko martxoaren 28tik apirilaren 1era

Ohitura onak trukatzeko REVERSE proiektuan aurreikusitako 3. Mintegian aurkezteko, Eusko Jaurlaritzak proposatutako ohitura onetako hiru hautatu ziren: Añarbeko Erreserba (Hernaniko Udala), EAEko Hezeguneen Lurralde Plan Sektoriala (Eusko Jaurlaritza) eta Arabako LHko ekologiaren eta paisaiaren konektibitatearen estrategia (Arabako Foru Aldundia).

Lehen biak bakarrik aurkeztu ziren ‘Eremu sentikorrak babesteko lurralde plangintzako tresnak’ izenburuarekin. Garatu ziren beste gai batzuk hauek izan ziren: ‘Ekologia korridoreak’, ‘Lurralde plangintzako politika orokorretan biodibertsitatea errespetatzea’ edo ‘Lurralde plangintzan erabakiak hartzeko tresnak’.

Eskualdeen arteko IV. mintegia. Perugia (Umbria, Italia), 2011ko irailaren 27tik 30era

Umbriako mintegia gomendioen proposamenean kontzentratu da, hain zuzen ere, jardunbide onak aurreko hiru topaketetan analizatu eta eztabaidatu ondoren. Arlo bakoitzaren inguruan bilerak eta lan-talde espezifikoak egin dira.

Eusko Jaurlaritzak EAEko hezeguneei buruzko lurraldeko sektore plana aurkeztu du, baita ingurumen-zerbitzuak bermatzeko helburuarekin (adib. Añarbeko basoko erreserba eta Garate-Santa Barbarako Plan Berezia) biodibertsitatea balioesteko eta haren elementu jakin batzuk bereziki babesteko ikuspuntutik idatziriko plan berezien adibide batzuk ere, eta Lurralde Plangintzari buruzko lantaldeko gainerako partaideek oso erreferentzia interesgarri gisa aurkeztu dituzte. Biodibertsitatearen kontserbazioaren eta balioespenaren ikuspuntua plangintza-instrumentuetan barne hartzea oso eztabaida-gai garrantzitsua izan da mintegian zehar. Datozen hilabeteetan sakonki landuko den beste gai interesgarri bat Natura 2000 Sare ekologiko europarra eta lurralde plangintzako estrategiekin eta politikekin estatu mailan, nahiz toki eta eskualde mailan duen lotura da. Konektibitate ekologikoa eta ‘green infrastucture’ kontzeptua ere garatu egingo dira. 

Eskualdeen arteko V. mintegia. Bruselas, 2012ko otsailaren 1etik 3ra

Bosgarren mintegian Karta europarrak landu ziren bereziki, bi ekimenen bitartez: kideen gaikako bilerak edukietan sakontzeko, eta Europako Batzordeko hainbat Zuzendaritza Nagusitako (DG) ordezkariekin bilerak haien ekarpenak jasotzeko. Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzaren aldetik bi ordezkarik hartu zuten parte mintegian, eta besteak beste lurralde plangintzari zuzendutako Karta europarraren kideen eztabaidako bilerak koordinatu zituzten.

Mintegi honetan proiektuaren bi produktuek izango duten itxura fisikoari oniritzia eman zitzaion ere, eta jardunbide egokien gidaren edukiei azken ukituak eman zitzaizkien. Karta europarrak idazten kideek egindako lanen ondorioz dokumentu mardul samarrak sortu dira, eta horregatik mintegian erabaki zen sinadurak biltzeko Karten bertsio motzak osatuko direla.

Eskualdeen arteko VI. mintegia. Estonia, 2012ko maiatzaren 22tik 25era

Laneko saioen gai nagusiak ondokoak izan dira: hiru Europa mailako Karten eta “karta trinkoaren” eztabaida eta onespena, eta proiektuaren amaierako biltzarraren antolaketa. Aldi berean, Eskualde mailako Kartak idatzi eta aurkezteko prozeduren inguruko informazioa trukatu da, baita horiekin bat egingo dutenak bilatzeari buruz ere. Bestalde, Akitaniak, lidergoa duen kide gisa, proiektuaren amaierako txostena prestatzeko prozeduraren inguruko xehetasunak eman zituen.

Europa mailako Karten inguruan, joan den otsailean Bruselan ospatutako mintegitik hona lantzen joan diren dokumentuak aurkeztu ziren. Mintegi hartan gai bakoitzaren inguruan (Nekazaritza, Lurralde Plangintza eta Turismoa) Europako Batzordeko ordezkariekin bilerak egin ziren, eta azken hauek zirriborroen gaineko iradokizunak eta ñabardurak aurkeztu zituzten. Horrela, gai bakoitzaren gaineko arduradunak ekarpen horiek barneratu ondoren, zirriborro berriak aurkeztu eta eztabaidatu ziren, eta behin betiko onespena eman zitzaien.

Berariazko lan-saioan “karta trinkoaren” zirriborroa aurkeztu zen. Karta hori idazteko ardura Biodibertsitate eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritzari egokitu zaio, eta beronen xedea hiru gaikako karten ideia nagusiak laburbiltzea, hiru gaietako ekintza gakoak azpimarratzea eta Europa mailan atxikidurak jasotzeko testua aurkeztea da. Aurkeztutako dokumentuak harrera oso beroa izan zuen eta bere edukiak puntuz puntu eztabaidatu ziren. Hainbat alderditan ñabardurak proposatu ziren, behin betiko dokumentuan jasoko direnak.

Amaierako biltzarra. Emaitzak

Biltzarrean hainbat Europako erakundeetako adituek (Europako Ingurumen Agentzia, IUCN, Europar Batzordeko Ingurumenaren Zuzendaritza Nagusia eta Europako Parlamentua) hartu zuten parte mahai-inguru batean. Mahai-inguru horretan Europa mailan biodibertsitatearen etengabeko narriadura gerarazi eta haren balio agerian jartzeko erronka eta ekimenerako aukera nagusiak aztertu zituzten. Mahai-ingurua, "What European policy for biodiversity conservation in the coming years?” goiburua zuena, partaide bakoitzari galdera zehatzak eginez antolatu zen, eta horrek solasaldi interesgarria sorrarazi zuen.

REVERSE egitasmoaren ondorio nagusiak aurkeztu ziren. Ondorio horien bidez Europako arlokako (nekazaritza, lurralde plangintza eta turismoa arloetan, egitasmoaren ardatza-gaiak direnak) politiketan  biodibertsitatea behar den bezala kontuan hartzeko gomendio batzuk eman zituzten. Ondoren, egitasmoaren emaitzak aurkeztu ziren:

 

Azken aldaketako data: 2017/09/11