Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila

Laida hondartzako duna- sistemaren berreskuratzea (Urdaibai) [ LIFE / NATURE / 000031 / ES ]

Gaur egun, duna-sistema gutxi dago euskal kostaldean. Halaere, garai batean, duna-sistemak ugariak ziren hondartzetan. Azken 200 urteotan, asko murriztu dira, kasurik onenetan, horien zati txikiak bakarrik geratu dira eta horrek ondorio bi ekarri ditu: hondartza eta kostaldearen egonkortasuna txikitzea eta ozta-ozta bizirik irautea beste inon aurkitu ezin diaitezkeen espezieak.

Laidako dunak –Lagan daudenekin batera– Urdaibaiko Biosferaren Erreserban izan diren duna -sistema bakarrak dira. Laidako hondartzan 1950eko hamarkadaren erdi ingururaino izan ziren dunak, baina itsasoko ekaitz handi baten ondorioz, desagertu egin ziren. 1960ko hamarkadatik aurrera, gizakiak kostaldean eragin zuen presioaren ondorioz (zapaltzea, harea ateratzea, ibilgailuak, etab.), dunetako landarediak ez zuen hondartzan finkatzerik izan, eta, hala, itsasoaren eta haizearen ekintza areagotuta, ingurua higatu eta harea galdu zen. Urdaibaiko Biosfera Erreserbaren helburu nagusietako bat ekosistema naturalak birsortzea  eta kontserbatzea da.

Laidan bat egiten dute interes sozialak –aisialdian hondartzaz arduraz gozatu eta erabiltzeko – eta duela 50 urte desagertutako ekosistema bat birsortzeko interes ekologikoak. Dunak daudeneko itsasadarraren zonaldea Urdaibaiko Itsasertza eta Paduretako GKE (ES2130007)-an eta Urdaibaiko itsasadarreko HBEB (ES0000144)-an dago. Urdaibaiko dunak (13,3 ha) azalera handiena dutenak dira euskal kostaldean. Natura 2000 sarean 32,2 duna ha daude. Horietatik, Urdaibaiko dunak euskal GKE-en 41,3 % dira azaleran. Ekosistema horiek oso eskasak eta eraldatuak dira. Gainera, desagertzeko arriskuan daude. Laida hondartzako berreskuratze proiektuak Europear Batasunaren LIFE-Natura finantziaketa-tresnak bultzatuta dago.

HONDARTZAK BIRSORTZEA. Dunen sorrera

Duna-sistemak dinamikoak eta ahulak dira. Oso ekosistema gutxik dute dunak bezain azkar aldatzeko gaitasuna.

Duna bat modu naturalean sortzeko, 3 elementu hauek bateratu behar dira, nahitaez: 

  • Harea izatea.
  • Harea mugitzeko gai den haizea.
  • Harea metatzeko tokia.

Dunen sorrera urratsez urrats:

  1. Olatuek harea arrastatu eta itsasertzean metatzen dute. Denborarekin, metaketaren ondorioz, hondartza sortzen da. Haizeak oso erraz garraiatzen du eguzkiarekin lehortutako harea.
  2. Laidako dunak birsortzeko prozesua itsasertzeko sistemaren funtzionamenduaren ezagutzan oinarrituta dago. Dunak sortzeko lanak prozesu natural horiek azeleratzeko egin dira.
  3. Baina haize-mota guztiak ez dira harea mugitzeko gai. 16 km/h-tik gorako haizeintentsitatea behar da haizeak harea garraia dezan. Zenbat eta indar handiagoa izan haizeak, handiagoa da garraiatzeko gaitasuna. Oztoporik ez badago, haizeak hareatzaren gainazala higatu eta itsasora itzuliko du harea.
  4. Dunak sortzeko prozesuan eragin handia dute oztopoek –oskolak, harri-koskorrak, enborrak, etab.–, haizearen indarra txikitu eta inguruan harea finezko metaketak eragiten baitituzte. Laidan, haizeak iparraldetik zein hegoaldetik jotzen du, eta hondarra pilatzen du oztopoen alde bietan. Haizea selektiboa da. Harea fina baino ez du garraiatzen. Oskolak bertan geratzen dira, eta, duna handitzen doan neurrian, oskolak estali egiten dira.
  5. Dunak sortzeko harea metatzen duen oztopo nagusia landaredia da. Landareek harea hartzen dute oinarrian eta dunarekin batera hazten dira.

Duna sortzen doan neurrian, espezieak ugaritu eta hainbat giro sortzen dira. Landareak finkatuta daudenez, dunak ere finkatu egingo dira, eta, horrela, hondartza kontsolidatu egingo da higatzaile naturalen aurka.

DUNAK EUSKAL HERRIKO KOSTALDEAN (PDF, 400 KB)

HONDARTZAK BIRSORTZEA. Dunen sorrera (PDF, 392 KB)

DUNEN FUNTZIOAK

Kostaldeko dunek funtzio ugari dituzte, baina ez dira ezagunak.

Ba al dakizu...? 

  • Dunek hondartza kontsolidatzen dutela eta harea galtzea eragozten dutela, eta, ondorioz, harea metatu eta itsasertza babesten dutela. 
  • Dunak egonkortuta, harea estuariorantz garraiatzea eragozten dela. Horrela, itsasadarraren sakoneraren galera mantsotzen da ingurumen eta diru-aurrezkiak sorraraziz dragatzelanetan.
  • Dunei esker, hondartzek erabilera ugariagoak dituztela. Dunen erliebeak haizearengandik babestutako eremuak sortzen ditu, intimitate handiagokoak. Halaber, erlaxazioari, natura behatzeari eta lasaitasunari lotutako aisialdirako alternatibak eskaintzen ditu urtaro guztietarako. 
  • Dunak luze eta zabal hazten direla, hondartza erabiltzeko eremua handitzen dutela eta aisialdirako gune zabalak sortzen dituztela. Eguzkiaz eta uraz gozatzeko hondartzaren azalera asko handitzen da horiei esker.
  • Dunek itsasertzeko paisaia dibertsifikatzen dutela, eta erakargarri eta naturalagoa egiten dutela. * Duna habitat baliotsua dela arriskuan dauden espezie askorentzat. Guztion erantzukizuna da habitat horiek berreskuratzea.

DUNEN FUNTZIOAK (PDF, 359 KB)

DUNETAKO LANDAREAK

Dunen ekosistemak urriak dira Euskal Herriko kostaldean, eta nahitaez kontserbatu behar dira, landare babestu askok bizi behar badute.

Dunetako landareek hainbat sistema garatzen dituzte ingurune gogor horretan bizi ahal izateko. Landare gehienek hosto mamitsuak izan ohi dituzte eta horietan pilatzen dute gordeta izan dezaketen ur eskasa. Landare horiek haizeak garraiatutako harearen kolpeak jasateko eta partzialki lurperatuta egoteko gai dira.

Horietako batzuek, harenondokoak (Ammophila arenaria), esaterako, harea batzen dute berez; horien bizitza-zikloak oso lotura estua du harea batzeko prozesuarekin. Beste batzuk, itsas ezkertea (Calystegia soldanela), adibidez, lurraren gainean garatzen dira eta lore ederrak dituzte; lur azpian, berriz, sustraiek duna egonkortu eta irmotzen dute, sustraisare zabala osatzen baitute. Laidako duna-sistema birsortzeko proiektua martxan jarri zenetik urte batzuk igaro dira, eta nabarmena da hareatza horretan garai batean izandako espezieek berriz kolonizatu dutela ingurunea. Lehenengo, itsas kakilea (Cakile maritima), itsas salsolia (Salsola kali) eta itsasoko piper-belarra (Polygonum maritimum) azaldu ziren, eta horiekin sortu ziren hasierako dunak. Gero, Ammophila arenaria eta Elymus farctus landareen babesean, beste batzuk garatu dira: Honkenya peploides, itsas armika (Eryngium maritimum), dunetako esnebelarra (Euphorbia paralias) eta itsas lilipa ederra (Pancratium maritimum). 2004ko udaberrian, milazka frantsesa azaldu da (Tamarix gallica).

Dunetako landareek dituzten mehatxuak: ingurumenaren kondizio naturalez gain (haizea, itsas ekaitzak, etab.), landare ahul horiek dituzten mehatxu nagusiak hauek dira: zapaltzea eta dunetan haiekin lehiatzen arituko diren landare exotiko inbaditzaileak azaltzea.

DUNETAKO LANDAREAK (PDF, 415 KB)

DUNETAKO BIZTANLEAK

Kostaldeko dunak antzina-antzinatik izan dira hainbat hegazti-espeziek kumatzeko hautatzen duten tokia. Zoritxarrez, gaur egun, hegazti espezie habiagileak ez dira EAEko hareatzetan finkatzen, hareatzak eta dunak oso txikiak direlako, eta gizakiek presio handia egiten dutelako kumaldian. Hegazti interesgarrienetako bat txirritxo txikia da. Hegazti eder horri “espezie kaltebera” kategoria eman zaio, eta dunetan habiak egin ditzakeen hegazti horietako bat da. Itsas mikak ziur aski garai batean gure kostaldeetan egin izan zituen habiak, kostaldeak lasai eta basatiagoak zirenean. Landareak bezalaxe, dunetan oso animalia interesgarriak bizi dira; bereziak dira eta oso gaizki kontserbatu dira.

Dunetan bizitzeko hainbat estrategia erabiltzen dituzten intsektuak garatzen dira. Philantus triangulum noragabeko liztorra da eta tamaina bereko intsektuekin zein handiagoekin (ezti-erlea, adibidez) harrapari gisa aritzen da. Cicindela hybrida kakalardoa dunetako harrapari aditua da. Inurri-leoia (Myrmeleon fornicarius) da nabarmenena. Intsektu bitxi horrek inbutuformako tranpak jartzen ditu harean, inurriak behera erori eta han harrapatzeko.

Dunetan, bestalde, narrastiak ere bizi dira. Eskinko hiruhatza da nabarmenena, eta dunetako faunako bitxitzat jotzen da. Kalterik egiten ez duen narrasti horrek (ziraunaren antzekoa) bi esku txiki gordetzen ditu oraindik.

Aipatzekoa da, neguan, Europako iparraldetik etorritako fokak detektatu direla. Kostaldeko dunak migratzen ari diren (udazkenean eta udaberrian) hainbat hegazti-espeziek atseden hartzeko gune garrantzitsuak ere badira.

DUNETAKO BIZTANLEAK (PDF, 379 KB)

HAREAK MILAKA ELEMENTU DITU

Itsasoak itsasertzaren kontra egiten duen higaduraren ondorioz sortutako substratu sedimentarioa da harea. Itsasertzaren zati bakoitzeko konposizio litologikoaren araberakoa da hondartzako harea. Laida hondartzako harea itsasoak kostaldeko harrietan eragiten duen higadura bortitzaren ondorioz sortu da. Itsasoak harri-koskorrak eta oskolak arrastatu eta itsaslabarren kontra botatzen ditu; horrela, apurtu eta gero eta zati txikiagoak sortzen dira, eta azkenean, harea eratzen da. Zati txiki horiek mugitu egiten dira itsaslasterren bidez, eta jalki egiten dira sedimentazio- eremuetan, hots, hondartzetan.

Urdaibaiko hondartza gehienak harea-pikor ertainez eta finez osatuta daude, baina hainbat senaia harea lodiz, uharriz edo harkoskoz osatuta daude.Hareak, materia geldoez gain (kuartzoa, feldespatoak, harri-klastoak eta oskolzatiak), ornogabe mikroskopikoz osatutako komunitate erraldoia du. Besteak beste, oso garrantzitsuak dira kolenboloak. Harean dagoen materia organiko urria metabolizatzen dute eta energia erabilgarri bihurtzen dute landareek. Bestalde, oso talde interesgarria da foraminiferoena. Animalia mikroskopiko horiek bioadierazle gisa erabiltzen dira. Laidako harean itsaso zabaleko foraminiferoak daudela ikusi dute. Horrek adierazten du Laidako hondartzako harea itsasotik datorrela.

HAREAK MILAKA ELEMENTU DITU (PDF, 427 KB)

ZER EGIN DEZAKEZU ZUK?

Laidako duna birsortzeko proiektuak zure laguntza behar du. Proiektua arrakastatsua izandadin, oinarrizko hainbat portaera errespetatu behar dira. Hondartza eder eta handiagoa izan nahi badugu, dunak eta horietan bizi direnak errespetatu behar ditugu. 

  • Ez sartu dunen eremura. 
  • Gogoratu dunak sortze-prozesuan daudela. Zapaltzen badira, kalte handiak eragin daitezke landaredian.
  • Ez hartu dunetako landarerik. 
  • Gogoratu landare gehienak babestuta daudela. Landare guztiak dira garrantzitsuak. Errespeta itzazu.
  • Debekatuta dago hondartzara baimenik ez duten ibilgailuak sartzea.
  • Debekatuta dago kanpatzea.
  • Ez bota zaborrik dunetara.
  • Mesedez, hartu sortzen dituzun hondakinak (zigarro-puntak, plastikoak, hondakin organikoak...) eta utzi edukiontzi batean. 
  • Errespetatu hondartzako seinaleak.
  • Erabili dunetako bide seinaleztatuak bakarrik.

Laidako duna birsortzeko proiektuak zure laguntza behar du (PDF, 669 KB)

PROIEKTUA

1990eko hamarkadaren erdialdean Laidako hondartzak zuen egoera kaskarra ikusita –hondartzaren % 50 baino gehiago galduta zegoen– sortu zen proiektua. Egoera aztertu ondoren, proiektu pilotua egin zen, hondartzan harea erakartzeko dinamika behatzeko. Proiektuaren ideia nagusia zen Laida hondartza lehengoratzea; horretarako, dunak birsortu nahi ziren, duela 50 urte desagertutako ekosistema berreskuratzeko.

Hondartzaren ipar-mendebaldean egin zen. Harea biltzekoak ipini eta, eremu pilotuaren inguruan, hesi zinegetikoa ipini zen zapal ez zitezen. Emaitzek berretsi egin zuten hondartzak duna-sistema handi berri bat izateko gaitasuna duela, eta horrek Laida hondartza egonkortzeko eta finkatzeko balioko du. 

  • Harea biltzeko hesiak ipini ziren hondar horien gainean, hareak galtzea eragozteko; horrela, duna-sistema birsortzeko lehen fasea bermatu zen. Epe horretan, 10.000 m2- ko itsasgorako eremua egonkortzea lortu zen eta 7.000 m3 inguru harea atxiki zen; dunak 7,5 m-ko kota lortu zuen. 
  • Harea-bolumen jakin bat lortu ondoren, dunak atxikitzen dituzten landareak landatu ziren. Espezie hauek, hain zuzen ere: Harenondokoa eta Elymus farctus.
  • Eremuaren ingurua itxi egin zen, birsortzen ari zen eremuan inor sartu eta zapal ez zezan. 
  • Euskal Herriko Unibertsitateko eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbaren zientzialariz osatutako talde batek proiektuaren segimendu eta ebaluazio sedimentologikoa egin zuen.
  • Itsasadarra dragatzean lortutako harea toki horretan bota zen, sisteman integratu eta dunaren birsortzea azkartzeko.
  • 2003tik aurrera, harea biltzeko berriak ipini ziren zenbait eremutan, nagusi diren aize-dinamikak aztertu ondoren.
  • 2004ko ekainean, 225.000 landare landatu dira birsortze-eremuetan.
  • 2004ko udan, ingurumenari buruzko informazio- eta hezkuntza-kanpainari ekin diogu, hondartzako erabiltzaile eta Urdaibaiko Biosferaren Erreserbako udalerrietako herritarrei zuzendua.

LAIDAKO DUNAK BIRSORTZEKO PROIEKTUA (PDF, 396 KB)

INGURUMEN HEZKUNTZA

2004. urtean informazio kanpaina hasi eta 2004-2005-2006 urteen artean burutu zen Uztaila, Abuztua eta Irailean. Erakusketa bat gauzatu zen Laidako hondartza eta inguruko herrietan. Horrez gain, informazio-material anitza jarri da jendearen esku; triptiko, komikiak, denborapasak...

ARGAZKI-IBILBIDEA

BIDEOAK

Azken aldaketako data: 2017/05/24