Lehendakaritza

Kanpoan den Euskal Komunitatea

Euskadik munduan zehar bizi diren euskaldunengandik hurbilago egon nahi du.

Euskadik, kanpoko gizatalde eta euskal etxeekin, gizarte, kultura eta ekonomiako harremanak areago ditzan, Eusko Legebiltzarrak lege bat onartu zuen 1994ko maiatzaren 7an. Legeak erakunde eta lege-izaera ematen dio jarduteko esparru honi.

Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpoko Euskal Giza Talde eta Etxeekiko Harremanei buruzko Legeak" erakunde horiek indartu nahi ditu, Legebiltzarraren ustea baita, horrela, erakunde horietako kideen alde egin, barne-kohesioa handitu eta elkarte-ekintzen eraginkortasuna hobetuko direla. Halaber, beste helburu hauek ere lortu nahi ditu legeak: gizataldeek Euskadirekin dituzten loturei eutsi eta bultzatzea; Euskadiko errealitatearen ezagutza lau haizetara zabaltzea bertako kultura eta ekonomia zabalduz; eta euskaldunak hartzen dituzten herrialdeekiko harremanak erraztea. Helburu orokor horietaz gain, legeak Euskal Autonomia Erkidegoaz kanpo bizi diren euskaldunei lagundu eta babesa ere eskaini nahi die, beti ere antolamendu juridikoa eta aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta.

Ildo horretan, euskal etxeek aukera ederra ematen dute euskal administrazioak eta Euskaditik kanpoan diren euskal gizataldeak harremanetan jartzeko. Horrela, Euskadiko herri-administrazioek, dagozkien eskumenen barruan, ahaleginak egingo dituzte erakunde horiek informazio publikora heltzeko modua izan dezaten; euskal gizarte, kultura eta ekonomia azaleratzen zaizkigun agerraldietan parte har dezaten; euskara-ikastaroak antola ditzaten; Euskadiko herri-erakundeek antolatutako programa, misio eta ordezkaritzetan parte har dezaten, beti ere euskal etxe horien eraginpeko lurraldean; eta abar.

Legearen testuak zenbait eskubide eta prestazio zehazten ditu, bai euskal etxeentzat, bai beren kideentzat. Horiek horrela, Euskadira itzultzen direnek zenbait osasun eta sorospen-prestazio izango dituzte, gizarte-etxebizitzak esleitzeko deialdietara aurkeztea izango dute edo itzultzeko bidaia errazteko laguntza-neurrien onuradun izan ahal izango dute, beti ere, zenbait baldintza betetzen direla egiaztatu ondoren.

Legea ezarriko dela bermatzeko, aholkuak emango dituen organo bat sortu da, Euskal Giza Taldeekiko Harremanetarako Aholku Batzordea alegia; arlo honetako eskumenak dituzten euskal estamentuen arteko analisia eta komunikazioa sustatu nahi da batzorde honen bidez. Horretaz gain, Euskal Giza Taldeen Biltzarra egitea ere aurrikusten da; lau urtean behin egingo delarik, euskal giza taldeen eta Euskadiko herri-erakundeen arteko bilgune eta lankidetza bultzatuko dira.

  • Euskal Etxeak

    Munduan zehar dauden Euskal Etxeen zerrenda eguneratua...

  • Euskaldun Unibertsala

    Euskaldun Unibertsala Saria, Euskadiren irudi ona kanpora azaltzen duten norbanako, elkarte, talde...

  • Batzarrak

    Antolatutako Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrei buruzko informazioa...

  • Argitalpenak

    Diasporarekin zerikusia duten alorrak, bere gaurkotasuna, historia eta ikerketak, hainbat aldizkari eta liburutan jartzen ditu eskuragarri Zuzendaritzak....

  • Araudia

    Eusko Jaurlaritzaren kanpoko euskal gizataldeekiko jarduera arautzen duten arauek...

Azken aldaketako data: 2013/05/02