Lehendakaritza

Arautegia

Inprimatu

EBAZPENA, 2023ko uztailaren 13koa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiarena, 2023an euskal etxeei emango zaizkien dirulaguntzetarako deia egiten duena.

Identifikazioa

  • Lurralde-eremua: Autonomiko
  • Arau-maila: Ebazpena
  • Organo arau-emailea: Lehendakaritza
  • Jadanekotasuna-egoera: Indarrean

Aldizkari ofiziala

  • Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
  • Aldizkari-zk.: 144
  • Hurrenkera-zk.: 3700
  • Xedapen-zk.: ---
  • Xedapen-data: 2023/07/13
  • Argitaratze-data: 2023/07/31

Gaikako eremua

  • Gaia: Administrazioaren antolamendua
  • Azpigaia: Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional

Testu legala

Aurkibidea erakutsiAurkibidea ezkutatu

Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren bitartez (2008ko apirilaren 11ko EHAA), euskal etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri zen, eta, irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren eta uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuaren bitartez aldatu egin zen dekretu hura. Bada, martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, dirulaguntza horietarako deia urtero egingo da Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiaren ebazpen baten bidez.

Deialdi hau Lehendakaritzako idazkari nagusiaren 2023ko urtarrilaren 18ko EBAZPENAren bidez onartu zen. Lehendakaritzaren 2023rako Dirulaguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura finantzatuko da.

Horrenbestez, hauxe

Lehenengoa. Xedea.

Ebazpen honen helburua da 2023. urtean euskal etxeei, etxeon federazioei eta konfederazioei emango zaizkien dirulaguntzetarako deia egitea, martxoaren 18ko 50/2008ko Dekretuan araututako baldintzetan. Dekretu hori irailaren 9ko 175/2014 Dekretuaren eta uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuaren bitartez aldatu zen. Azken dekretu horren bidez, bigarrenez aldatzen da Euskal Etxeentzako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzen duen dekretua.

Bigarrena. Dirulaguntza jaso dezaketen jardueren denbora eremua.

Deialdi honetara biltzen diren programa eta jarduerak 2023. urtean gauzatu beharko dira eta abenduaren 31rako amaitu beharko dira.

Hirugarrena. Dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastu eta jarduerak.

  1. Ohiko gastuak eta jarduerak antolatzekoak. IV. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira funtzionamendu gastuak eta baita irabazi asmorik gabeko urteko programa eta jarduera zehatzak ere, honako jarduera eremu hauetan:

    1. Gazteria.

    2. Emakumea.

    3. Kanpo irudia eta komunikazioa.

    4. Memoria historikoaren berreskurapena.

      Euskal etxeen funtzionamendu eta mantentze gastuak (langileen soldatak, gizarte segurantza, bidaia gastuak, ura, argindarra, berogailua, zergak, aseguruak, alokairuak eta antzekoak) diruz lagundu ahal izango dira, baina ezingo dira jarduera gastuak baino handiagoak izan eta esleitutako dirulaguntzaren % 50eko muga dute.

  2. Azpiegitura eta ekipamendu gastuak. VII. kapitulua: diruz lagundu ahal izango dira euskal etxeetako, etxeon federazioetako eta konfederazioetako azpiegitura eta ekipamendu gastuak, honako hauei dagozkienak:

    1. Katastrofeek eragindako kalteak konpontzea.

    2. Hesi arkitektonikoak kentzea.

    3. Euskal etxeen egoitza berriak eraikitzea.

    4. Gazteentzako guneak egokitzea.

    5. Gazteen eta emakumeen jarduerak aurrera eramateko teknologiak sartzea.

  3. Kapitulu bakoitzean esleitzen diren dirulaguntzen gutxieneko kopurua 300 eurokoa izango da. Zenbatekoa zehazteko ezarritako formula erabilita ateratzen den zenbatekoa gutxieneko zenbateko hori baino txikiagoa bada, ez da dirulaguntzarik emango.

    IV. kapitulurako emango diren dirulaguntzen gehienezko kopurua 30.000 eurokoa izango da euskal etxeentzat, eta 50.000 eurokoa federazioentzat.

    VII. kapitulurako emango diren dirulaguntzen gehienezko kopurua 10.000 eurokoa izango da.

    Laugarrena. Baliabide ekonomikoak.

  1. Deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak bederatziehun eta berrogeita zazpi mila larehun eta hogei (947.420) euro dira guztira, honela banatuta:

    IV. kapitulurako: 191.855 euro ordainketa-kredituetan eta 575.565 euro konpromiso-kredituetan.

    VII. kapitulurako: 45.000 euro ordainketa-kredituetan eta 135.000 euro konpromiso-kredituetan.

    Bosgarrena. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea.

  1. Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 2. artikuluan eskatzen diren betebeharrak betetzen dituzten erakundeek era elektronikoan aurkeztu beharko dituzte eskaerak. Dekretu hori uztailaren 27ko 186/2021 Dekretuaren bidez aldatu da.

  2. Deialdi honetan parte hartzen duten euskal etxe, federazio eta konfederazioek elektronikoki izapidetu beharko dute eskabidea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoan (https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak) onartutako identifikazio eta sinadura elektronikoko sistemaren bat erabiliz.

    Horretarako, aipatutako erakundeetako lehendakariek, legezko ordezkariek edo ahaldunek BAK eskuratu ahal izango dute indarrean duten NANaren edo pasaportearen bidez, identifikazio eta sinadura elektronikoko sistema gisa, honako hauetako batean:

    www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034308

    https://www.euskadi.eus/euskaldunak

  3. Deialdiko laguntzak jasotzeko eskabideak bide elektronikoz egingo dira, aipatutako bi esteka horietan sartuta aurkituko diren eredu normalizatuak betez.

  4. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, Ebazpen hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

    Seigarrena. Aurkeztutako eskabideetako akatsak zuzentzea.

  1. Dirulaguntzaren eskabideak ez badatoz osorik beteta, edo ez badatoz bat Euskal Etxeentzako dirulaguntzen araubidea arautzen duen martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 9. artikuluan eskatutako dokumentazioarekin, interesdunari eskatuko zaio 10 eguneko epean akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, atzera egin duela ulertuko dela. Errekerimendu hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta zerbitzuaren bidez egingo da. Euskal Etxeen kasuan, Nire Karpeta zerbitzura sartzeko, prozedura horri dagokion informazio fitxara jo beharko dute

    https://www.euskadi.eus/zerbitzuak/0034308

  2. Jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrerako epean eskatutako dokumentazioa aurkeztu ez bada, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan aurreikusitako moduan ebazpena eman ondoren.

    Zazpigarrena. Ohiko gastuetarako eta jarduerak antolatzeko eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (IV kapitulua).

    Martxoaren 18ko 50/2008 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko:

  1. Euskadirekiko eta beste herrialde batzuetan errotutako euskal gizataldeekiko harreman sozial, ekonomiko eta kulturalak indartzea, Aholku Batzordeak onartutako lau urterako Planarekin bat etorriz (30 puntu gehienez):

    1. Inguruko euskal etxeekiko harremanak 10 puntu gehienez (horretarako, hiru puntu emango zaizkie harremanetan dauden euskal etxe bakoitzeko).

    2. Euskadirekiko harremanak 10 puntu gehienez (horretarako, hiru puntu emango zaizkie harremanetan dauden erakunde bakoitzeko, kontuan izan gabe Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza).

    3. Beste herrialde batzuetako euskal etxeekiko harremanak 10 puntu gehienez (horretarako, hiru puntu emango zaizkie harremanetan dauden euskal etxe bakoitzeko).

  2. Sendotzeko edo indartzeko garrantzia, barne-kohesioa bultzatuz (35 puntu gehienez):

    1. Bazkide kopurua 15 puntu gehienez (puntu bat 100 bazkideko 10 puntu arte; puntu bat 35 urtetik beherako 25 bazkideko 5 puntu arte).

    2. Programatutako jardueraren maila, aurkeztutako ekitaldi kopurua eta garrantzia kontuan izanik 20 puntu gehienez (hiru puntu programatutako ekitaldi mota bakoitzeko).

  3. Erakunde eskatzailearen jardun-ibilbidea (25 puntu gehienez).

    1. Jarduerak kanpoan duen garrantzia edo oihartzuna, deialdiaren aurreko urtean 10 puntu gehienez (horretarako, puntu bat emango zaie erakunde eskatzaileei, herri mailako edo eskualde mailako komunikabideetan, nahiz bestelako buletin eta plataforma birtualetan, azaldutako aldi bakoitzeko).

    2. Jarduerak aurrera eramateko azpiegituren egokitasun maila (egoitza, web orria, etab.) 5 puntu gehienez (horretarako, 2,5 puntu emango zaizkie, egoitza fisikoa edo birtuala nahikoa edo egokia bada aurkeztutako aktibitate mailarako; 1,25 puntu web bakoitzeko eta 1,25 puntu sare sozialetan egotearren).

    3. Azken urteetako jardun-kurba 10 puntu gehienez (10 puntu, gorako joera % 50 edo handiagoa bada; 8,5 puntu, gorako joera % 25 edo handiagoa bada; 5 puntu, gorako joera % 25 baino txikiagoa bada; 2,5 puntu, bilakaerak ez gora ez behera egiten duenean; eta 0 puntu, behera egiten badu).

  4. Egingo diren programa, ekintza edo jardunen genero-ikuspegia (10 puntu gehienez).

    1. Emakumeen parte hartzea zuzendaritza batzordeetan, berdintasun baldintzetan erregistro ofizialean eguneratutako datuetan oinarrituta 5 puntu gehienez (5 puntu, zuzendaritzetako emakumeen ehunekoa % 50 edo handiagoa bada, eta proportzioan emango dira hortik beherako puntuak).

    2. Jarduera edo proiektua aurkezteko memoria teknikoan genero-ikuspegia txertatzeko konpromisoa (5 puntu gehienez):

      Aurreikusitako helburu eta jardueretan emakumeei eragiten dien berdintasun eza kontuan hartzea: 2,5 puntu.

      Azken memorian proiektuaren edo jardueraren genero-eraginari buruzko erreferentzia bat aurkezteko konpromisoa, jardueraren onuradunengan edo jarduera gauzatuko duten langileengan: 2,5 puntu.

  5. Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (30 puntu gehienez).

    1. Ibilbide ekonomikoa, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila 10 puntu gehienez (10 puntu, aurreko justifikazioak garaiz eta era egokian egin dituzten euskal etxeen eskabideei, eta baita aurreko urtean dirulaguntzarik jaso ez zutenei ere; 5 puntu, era egokian baina epez kanpo justifikatutakoei; eta 0 puntu, ez garaiz ez era egokian egin ez zutenei).

    2. Baliabide propioak 20 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

      0-25 bitarteko autofinantzaketa: 0 eta 5 puntu artean.

      26-50 bitarteko autofinantzaketa: 6 eta 10 puntu artean.

      51-75 bitarteko autofinantzaketa: 11 eta 15 puntu artean.

      76-100 bitarteko autofinantzaketa: 16 eta 20 puntu artean.

      Autofinanketaren ehunekoa kalkulatzeko bi kontzeptu hauek izango dira kontuan, eta horietako bakoitzak % 50eko pisua izango du:

      1. Euskal etxearen diru-sarrera propioak diru-sarrera orokorren artean zatitu dira, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

      2. Eskatutako diru kopurua eskabidean aurkeztutako guztirako aurrekontuaren artean zatitu da, aurkeztutako balantzeetan oinarrituta, 0 eta 10 arteko koefizientea atera delarik.

        Zortzigarrena. Azpiegitura eta ekipamendu gastuetarako eskabideak baloratzeko eta aukeratzeko irizpideak (VII. kapitulua):

      1. Sendotzeko edo indartzeko garrantzia (30 puntu gehienez):

        1. Bazkide kopurua: puntu bat 100 bazkideko 7,5 puntu gehienez.

        2. Ekitaldiak eta kultura zabaltzea 7,5 puntu gehienez (puntu bat programatutako ekitaldi mota bakoitzeko).

        3. Hartzen duen eremu geografikoaren garrantzia: herria, hiria, eskualdea, herrialdea 7,5 puntu gehienez (7,5 puntu, baldin eta euskal etxearen eragin eremuak kokatzen deneko herrialde osoko erakunde sarea hartzen badu, edo herrialde horretako euskal etxe bakarra bada; 5 puntu, bere eragin eremua herrialde bateko hiriburua bada; 4 puntu, erregio edo estatua hartzen badu, edo eragin handiko hiriren batean kokatzen bada; 2 puntu, hiri mailakoa bada eragina).

        4. Premiazko konponketak eta abian dauden obra edo ekipamendu proiektuak 7,5 puntu gehienez (konponketa premia edo larritasunaren arabera, martxan dagoen proiektu baten jarraipenak ere aldeko balorazioa izanik; horretarako, 0 puntu emango zaizkio batere presarik ez duen proiektu orori; 2,5 puntu, maila ertaineko presa duenari, eta 5 puntu, presa handia edo larria duenari; aurretik martxan dagoen proiektuari dagokionez, 0 puntu emango zaizkio halakorik ez bada, eta 2,5 puntu, bai baldin badago aurretik proiektua martxan).

      2. Aurkeztutako proiektuaren bideragarritasuna (35 puntu gehienez).

        1. Ibilbide ekonomikoa ekipamendu eta obretan, kontuan izanik aurreko urteetako espedienteen justifikazio maila 10 puntu gehienez (Zazpigarren Oinarriko 5.a) irizpidea bezala aplikatuz).

        2. Baliabide propioak 15 puntu gehienez, ondoko epigrafeen arabera (ehunekoak zenbaki oso hurbilenera borobilduko dira):

          0-25 bitarteko autofinantzaketa 0 eta 3 puntu artean.

          26-50 bitarteko autofinantzaketa 4 eta 7 puntu artean.

          51-75 bitarteko autofinantzaketa 8 eta 11 puntu artean.

          76-100 bitarteko autofinantzaketa 12 eta 15 puntu artean.

          Autofinanketaren ehunekoa eskatutako kopuruak guztirako aurrekontuarekiko duen erlaziotik aterako da, betiere aurrekontuaren kopuru hori araudira egokitu ondoren.

        3. Egoitza mota: jabegoan, 10 puntu; edo alokairuan, 5 puntu; 0 puntu, egoitzarik ez badu.

      3. Proiektuaren premia eta egokitasuna (35 puntu gehienez).

        1. Obra edo ekipamenduaren premia maila 20 puntu gehienez (hondamendi naturalak, hirugarrenek eragindako bandalismoa edo oztopo arkitektonikoak konpontzeagatik, 20 puntu emango dira; 15 puntu, urteko jarduera programatua baldintzatzen duten kasuetarako; eta 5 puntu, beharrizana hurrengo urtera atzeratu badaiteke).

        2. Premia horri aurre egiteko, aurrekontuaren egokitasun maila, aurrekontuaren oreka baloratuz euskal etxearen garrantzi erlatiboarekiko 15 puntu gehienez (15 puntu, aurkeztutako aurrekontua merkea denean; 10 puntu, onargarria denean; eta 0 puntu garestiegia denean).

          Bederatzigarrena. Ebaluazio Batzordea.

          Ebaluazio Batzordeak honako kide hauek izango ditu:

          Gorka Alvarez Aramburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, batzordearen lehendakaria.

          Andoni Martín Arce jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako teknikoa, bokala.

          José Manuel Meaurio Antón jauna, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako teknikoa, bokala.

        1. ª Isabel Etxabarria Pérez andrea, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetakoa, batzordearen idazkaria.

          Hamargarrena. Prozedura ebaztea.

          Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan hartuta, deialdia ebatziko du Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusiak. Ebazpen hori Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta zerbitzuaren bidez jakinaraziko da.

          Hamaikagarrena. Dirulaguntzaren justifikazioa.

          Justifikazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoko Nire Karpeta zerbitzuaren bidez egingo da.

Ebazpen honetan aurreikusten diren dirulaguntzak Europako Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2013ko abenduaren 24ko EBAO, L 352. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Dirulaguntzok minimis laguntzen barruan daude, pertsona juridiko edo fisiko zehatz bati emandako dirulaguntza osoak ez duelako 200.000 eurotik gora egiten, hiru zerga-ekitalditan zehar. Uste da muga horren azpitik dirulaguntzek ez diotela merkataritzari eragiten edota ez dutela lehia desitxuratzen; beraz, ez dira EBren Itunaren 107.1 artikuluaren aplikazio-eremukoak.

AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, ebazpena Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2023ko uztailaren 13a.

Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.