Arautegia
InprimatuEBAZPENA, 2023ko ekainaren 1ekoa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena. Honen bidez, euskal etxeei dirulaguntzak emateko 2023. urteko deialdia egiten da, atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia-faltan dauden pertsonei laguntzeko.
Identifikazioa
- Lurralde-eremua: Autonomiko
- Arau-maila: Ebazpena
- Organo arau-emailea: Lehendakaritza
- Jadanekotasuna-egoera: Indarrean
Aldizkari ofiziala
- Aldizkari ofiziala: EHAA (Euskal Herria)
- Aldizkari-zk.: 109
- Hurrenkera-zk.: 2735
- Xedapen-zk.: ---
- Xedapen-data: 2023/06/01
- Argitaratze-data: 2023/06/09
Gaikako eremua
- Gaia: Gizarte gaiak eta emplegua; Administrazioaren antolamendua
- Azpigaia: Gizarte Gaiak; Gobernua eta herri administrazioa; Instituzional
Testu legala
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuak (2003ko urriaren 10eko EHAA, 198. zk.) euskal etxeei eman beharreko dirulaguntzak arautzen ditu. Dirulaguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiak eta egoera larriak atenditzeko dira.
Aipatutako dekretuaren 7. artikuluan ezarrita dagoenarekin bat etorriz, bidezkoa da 2023ko ekitaldirako dirulaguntzen deialdia egitea.
Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen urtarrilaren 19ko 5/2021 Dekretuaren 5.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Idazkaritza Nagusiei dagokie dirulaguntzen deialdia egitea eta ematea, beren jardun-arloei dagozkien gaietan. Zentzu hori jarraituz eta gaia kontuan hartuta, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko titularrari dagokio.
Ondorioz, honako hau
Euskal etxeei 212.000 euroko dirulaguntzak emateko deialdia egitea. Dirulaguntza horiek 2023ko ekitaldiari dagozkio, eta atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiak eta egoera larriak atenditzeko dira. Eranskinean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honetan eta irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea aplikatuko da.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek administrazio-bideari amaiera ematen dio; hala ere, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2023ko ekainaren 1a.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,
MARIA ÁNGELES ELORZA ZUBIRIA.
Euskal etxeei dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak. Dirulaguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideen asistentzia-premiak eta egoera larriak atenditzeko dira.
Lehenengoa. Xedea.
Oinarri hauen helburua da euskal etxeei dirulaguntzak ematea, euskal gizataldetako partaideen asistentzia-premiak eta egoera larriak atenditzeko 2023. urtean zehar, betiere, irailaren 30eko 222/2003 Dekretuaren 2. artikuluan ezarrita dauden baldintzak betetzen badituzte.
Bigarrena. Zenbatekoa.
Laguntza hauetarako 2023. urteari dagokion zenbatekoa 212.000 eurokoa da.
Hirugarrena. Eskabideak baloratu eta aukeratzeko irizpideak.
Dirulaguntzak emateko, eskabideetan egiaztatutako egoeraren larritasuna baloratuko da, honako baldintza hauen arabera:
Familiaren egoera ekonomikoa, herrialdearen batez besteko errenta kontuan izanik: 5 puntu gehienez.
Osasun-arriskuaren larritasuna edo muturreko egoeraren larritasuna: 15 puntu gehienez.
Egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna: 5 puntu gehienez.
Puntuazioetan berdinketak izanez gero, hauxe egingo da:
Lehenik, «osasun-arriskuaren larritasuna edo muturreko egoeraren larritasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
Bigarrenik, berdinketak jarraituz gero, «egiaztatutako premiari aurre egiteko eskatutako zenbatekoaren egokitasuna» irizpidean puntuazio handiena lortu duen eskabideak izango du lehentasuna.
Laugarrena. Eskabideak aurkezteko tokia, era eta epea.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuan eskatutako baldintzak bete eta laguntza hauek jasotzeko interesa duten pertsonek euskal etxeetara jo beharko dute, eskabideak balioesteko eta tramitatzeko. Euskal etxeetako kideek beraien zentroetara jo beharko dute, eta euskal gizataldeetako kideak izan eta euskal etxeetakoak ez direnek beraien lurralde-mugapeko edozein euskal etxetara jo dezakete, edo lurraldean ez badago, bizi diren herrialdean dauden edozeinetara.
Euskal etxeek interesa duten pertsonen eskabideak sinatuta aurkeztu beharko dituzte, atxikitako ereduan ezarrita dagoen modura (www.euskadi.eus/euskaldunak web-orrian aurki daiteke) eta bertan eskatzen den dokumentazioarekin, honako helbide honetan:
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusia.
Lehendakaritza.
Nafarroa kalea, 2.
01007 Vitoria-Gasteiz.
Eskabideak, halaber, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein eratan aurkeztu daitezke.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
Bosgarrena. Ebaluazio Batzordea.
Irailaren 30eko 222/2003 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusita dagoen Ebaluazio Batzordeko kideak honako hauek izango dira:
Gorka Álvarez Aranburu jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak eskuordetuta. Batzordeburua.
Kideak:
Irune Muguruza Mendarte andrea, Familia Politikako eta Aniztasuneko zuzendaria, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saila ordezkatuz.
Imanol Zuluaga Zamalloa jauna, Sailburuaren Kabineteko zuzendaria, Osasun Saila ordezkatuz.
Benan Oregi Ińurrieta jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetako teknikaria.
José Manuel Meaurio Antón jauna, Lehendakaritzako Kanpo Harremanetako teknikaria. Batzordeko idazkaria izango da.
Seigarrena. Prozedura ebaztea.
Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Idazkaritza Nagusiko titularrak ebatziko du deialdia, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena ikusi ondoren.
(Ikus .PDF)
Gaiarekin lotutako edukiak
Arauaren historia (2)
- Ikus: EBAZPENA, 2023ko abenduaren 5ekoa, Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Euskal Etxeei dirulaguntzak esleitzen dizkiena 2023rako, atzerriko euskal gizataldeetako kideen premia larriei eta laguntza-beharrei erantzuteko.
- Ikus: 222/2003 DEKRETUA, irailaren 30ekoa, Euskal etxeei diru-laguntzak emateko deialdia arautzeko dena. Diru-laguntza horiek atzerrian dauden euskal gizataldeetako partaideak diren eta egoera larrian eta asistentzia faltan dauden pertsonei laguntzeko dira.